Breadcrumb

Agenda

Terrorismoarekin, genero indarkeriarekin eta lan istripuekin bi hamarkada

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/15

Irudia

1990tik 2010era bitartean euskal prentsak heriotza bortitzei eman dien trataerari buruzko liburua argitaratu dute UPV/EHUko lau irakaslek.

Genero indarkeriagatik, terrorismoagatik eta lan istripuengatik gertatutako heriotzek, urteak aurrera joan ahala, tratamendu desberdina jaso dute komunikabideetan. Horixe da "El tratamiento de las muertes violentas en la prensa vasca: ETA, violencia de género y siniestrabilidad laboral (1990-2010)" liburuak jorratutako gaia. Lan horren egileak UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle diren Jose Ignacio Armentia, Jose Maria Caminos, Maria Flora Marin eta Maria Ganzabal dira. Lana, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatutako ikerketa proiektu baten ondorioz argitaratu da.

Liburuak aztertzen dituen gaiak - ETA, genero indarkeria eta lan istripuak - duela zenbait hamarkada baino askoz era espezializatuagoan daude tratatuak hedabideen barruan gaur egun. Hartara, liburuaren egileen ustez aldaketa horiek gauzatzeko ezinbestekoak izan dira "funtsezko gertaera" batzuk; esaterako, Miguel Angel Blancoren eta Ana Orantesen heriotzak.

Adibidez, ETAren kasuan, ikertutako epe horretan, atentatuen albisteak ikuspegi informatibo soil batetik tratatzetik gertaera horiek salatzeko guztiz inplikatzera pasatu ziren hedabideak. "ETAren jarrera berak hedabideen ikuspuntua aldatu zuen. Politikoak, kazetariak edo hedabideak erasotzen hasi zenean, ETArekiko zeukaten jarrera guztiz aldatu baitzuten; eta norabide horren biraketa, batez ere, presio popularrari eta sozialari zor zaio", aitortu du liburuko egilekidea den Jose Maria Caminosek.

Gainera, azpimarratu behar da Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren hilketak izugarrizko aldaketa ekarri zuela hedabideek ETArekiko zuten tratamenduan. "Miguel Angel Blancoren heriotzak ETAk, argi eta garbi, botere politikoaren kontra atentatuak egitera pasatzea suposatu zuen", azpimarratu du Caminosek. Inflexio-puntu argia izan zen politikoen eta botere judizialeko kideen kontra egiteak, hedabideek atentatuen gaineko pasarte guztiak kontatzera pasatzea suposatu baitzuen. "Lehen 3 orri eskaintzen bazituzten, ordutik aurrera 23 izango dira, jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa nabarmentzekoa da", jakinarazi du liburuaren egilekideak.

Bestalde, Jose Maria Caminosek biktimen arteko tratamenduan sortzen diren desberdintasunak salatu ditu: "Betidanik existitu den kontu bat da, dudarik gabe, informazioa ez da berdin tratatzen biktima polizia edo botere judizialeko edo politikoko kidea bada. Argi adierazi daiteke lehenengo eta bigarren mailako atentatuak egon direla, informatiboki hitz eginez".

Genero indarkeria kasuak kontuan hartuz gero, azpimarratu behar da, gaur egun, ez dituztela duela urte batzuk jasotzen duten tratamendu bera. "Faktore desberdin batzuk elkartu dira; horretarako gizarteko hainbat sektorek zerikusia izan dute, esaterako, gizarte-eragileak edota talde feministak. Horrek guztiak mota horretako delituekiko ikuspuntua aldatzea suposatu du", adierazi du Maria Flora Marinek, liburuaren beste egilekideetako batek. Gainera, nabarmentzekoa da 2002 urtera arte ez zela genero indarkeriarekin zerikusia zuten hilketei buruzko daturik egon. Izan ere, 2004an Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Integraleko Neurrien Lege Organikoa onartu arte, ez zen termino hau "ofizialdu".

Ofizialtasun hori lortzeko, Ana Orantesen heriotzak izugarrizko garrantzia izan zuen. Sufritzen zituen tratu txarrak telebistan kontatu ondoren, bere senarrak gasolinarekin sua eman zion etxera heltzerakoan. Miguel Angel Blancoren kasuan bezala, mota horretako delituen kontra egin ahal izateko funtsezko gertaera izan zen hori, gizartean eta hedabideetan babes handiagoa lortu baitzuen delitu horien kontrako salaketak.

Lan istripuen kasuen inguruan aipatu behar da Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak ez zituela mota horretako datuak 2001 urtera arte eman; horregatik heriotza horiek ez daude besteak bezain beste dokumentatuta Euskal Herrian. Liburuaren egileek nabarmentzen dutenez, informazioaren tratamenduaren aldetik eboluzio txikiena jasan duen heriotza mota izan da hau. "Lan istripuen kasuek garapen oso geldoa izan dute; izan ere, hedabideek gainetik tratatzen dituzte, inolako sakontze mailarik gabe", azaldu du Maria Florak. Gainera, beste heriotzetan egon den presio soziala eman ez dela azpimarratu behar da. "Ez dago lan istripuekiko kontzientzia sozialik, ezta presiorik kolektiboen partetik ere", aitortu du Jose María Caminosek. "Beste bi kasuekin alderatuta, lan istripuei dagokien 'inflexio puntua' oraindik ez da heldu", gaineratu du.