Breadcrumb

Agenda

Altuera oso handietan modu jarraituan egoteak eliteko alpinistetan duen eraginari buruzko tesia

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/11

Irudia

Alberto Iñurrategi alpinistaren 20 urteko jarduera aztertu du lanak.

Gaizka Mejutok, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Fakultateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Departamentuko irakasleak, bere doktorego tesia defendatu du: 'Parámetros Cinenantropométricos, Fisiológicos y Hematológicos de un Alpinista de Élite'. Tesia Alberto Iñurrategi euskal alpinistaren eboluzioari eta jarraipenari buruzkoa da. Ikerketa honekin altuera oso handietan modu jarraituan egoteak eliteko alpinistetan duen eraginari buruz gehiago jakin nahi da, igoera guztiak laguntzeko oxigenorik gabe egiten baititu nazioartean aintzatetsitako euskal alpinistak.

Julio Callejak eta Nicolás Terradosek zuzendu dute tesia. Alberto Iñurrategiren entrenatzaile pertsonala da Calleja; Terrado, aldiz, Asturiaseko Kirol Medikuntzako Eskualdeko Unitateko zuzendaria eta Oviedoko Unibertsitateko irakaslea da. Nazioarteko mailarik altueneko alpinismoaren 20 urte aztertu dira. Fadura-Getxoko Teknika Hobekuntzarako Zentroko Xabier Leibar eta José Antonio Lekue sendagileek eta Ramón Garate bere mediku pertsonalak hartu dute parte.

Lan honetan Alberto Iñurrategik bere kirol ibilbide luzean egindako espedizioen aurretik, ondoren eta espedizioetatik kanpo dituen parametro zineantropometrikoak, fisiologikoak eta hematologikoak aztertu dira. Gaizka Mejuto eta bere taldearen ondoriorik nagusienak izan dira alpinistak espedizioei eta kirol erronkei forma oso onean egiten diela aurre eta 8.000 metro baino gehiagoko mendietako inguru gogorretara egokitzeko gaitasun oso handia duela. Gainera, aztertutako kirol ibilbidearen azken zatian espedizioen ondorengo maila hematologikoan erantzunak arindu egin dira.

Zehatz esateko, zineantropometriari eta fisiologiari lotutako azterketetan 1996 eta 2010 arteko aldia hartu da kontuan. Zineantropometriaren kasuan mendeko aldagaiak ziren pisua, gorputz-masaren indizea, sei gantz toles (eskapular azpikoa, trizepsekoa, iliokrestala, abdomenekoa, koadrizepsetakoa eta bikietakoa), horien batura eta gantzaren ehunekoa. Fisiologiaren kasuan mendeko aldagai hauek atera ziren esfortzu probetatik: atsedeneko bihotz-taupaden maiztasuna, maiztasun azpigehiengoa eta gehiengoa, laktatoaren kontzentrazioa atsedenean eta gehieneko kontzentrazioa eta gehieneko oxigeno kontsumoa. Hematologiari dagokionez, 1991 eta 2010 arteko aldia hartu da.

Emaitzek deskribatzen duten profil zineantropometrikoa mota mesomorfikokoa da. Fisiologiari dagokionez, ikusitako parametroak iraupen luzeko erresistentzia aerobikoan oso entrenatutako kirolari batenaren antzekoak dira.