Breadcrumb

Agenda

Berezko tipografia osoa sortzen duen lehen unibertsitate europarra da UPV/EHU

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/21

Irudia

Unibertsitateak dituen beharrak betetzen ditu eta bi hizkuntz ofizialak elkarrekin idazteko irtenbide berritzailea ematen du.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak berezko tipografia korporatiboa plazaratu du. EHU du izena eta Arte Ederren Fakultateko Diseinu Grafikoko eta Tipografiako ikerketa taldeak sortu du, Eduardo Herrera irakaslearen zuzendaritzapean. Bere tamaina kontuan hartuta, proiektua Estatuan egin den garrantzitsuena da, eta paregabea ere Europako unibertsitateen arloan. Tipografia berria 2012-2015ko Komunikazio Planaren hausnarketa eta proposamenetatik sortu zen, bi hizkuntz ofizialak elkarrekin idazteko konponbide berritzailea ematen du, eta identitatea sortzen lagunduko du. "Euskal Herriko Unibertsitatearentzat pozgarria da identifikatzen gaituen osagai berri hau, jatorrizkoa eta pertsonala izatea", esan du aurkezpenean Iñaki Goirizelaia errektoreak.

EHU tipografiaren proiektua Eduardo Chillidak egitura eta espazioari buruz egin zituen hausnarketetan oinarritu da. Chillida UPV/EHUren sinboloaren egilea ere da. "Eduardo Chillida bere lekuari, Euskal Herriari, edo gizakiari eta ingurumenarekiko harremanari buruzko hausnarketetan tipografiaren oinarriak diren emaitza berberetara heltzen zen", azaldu du Herrerak. "Ez genuen Chillidaren simulakroa egin nahi, ez genituen letrak bere obra grafiko edo eskulturaren itxurarekin mozorrotu nahi, funtsera joan behar genuen. Hausnarketa horretatik, taldea -Herrera eta UPV/EHUko Diseinuko irakasle Leire Fernández, María Pérez doktoregaia, eta Alacanteko Unibertsitateko Daniel Rodríguez irakaslea- hasi zen orain urte bete EHUren tipografia sortzen.

Proiektuaren ezaugarri bi nabarmen daitezke. Alde batetik, UPV/EHUren izaera elebidunari ikusgarritasuna ematen dio. Hartaz, bi bertsio garatu ditu, muturrak dituena (EHU serif) eta muturrik gabekoa (EHU Sans). Serif aldaera euskararako erabiliko da, eta Sans aldaerak gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren batean idatziko dena definituko du. Bestalde, proiektuaren goranahia da azpimarragarria, helburua unibertsitate honek, jakintza-arlo guztietan lan egiten duenak, zeinuen beharrak betetzea baita. Izan ere, proiektu irekia da, ikerketa-taldeak unibertsitateko kideek egindako zeinu tipografikoen eskaerei erantzungo die eta.
Sei aldaera ditu tipografiak black, bold, bold italic, regular, italic eta light, baita papererako optimizatutako book aldaera. EHU tipografia unibertsitateko kideen esku dago, eta erabili nahi duen edonoren esku ere, helburu komertzialekin ez bada. Helbide honetan jaitsi ahal da: http://go.ehu.es/ehutipografia-es

EHU tipografiaren sortze eta hausnartze prozesua EHU Tipografia korporatiboa. EHU Tipografía corporativa liburuan ikus daiteke. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du. Halaber, tipografia aurkezteko erakusketa bat egin da Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo). Gaur arratsaldean inauguratuko da erakusketa, eta azaroaren 29ra arte egongo da irekita (astelehenetik ostiralera, 20:00etara arteko ordutegi jarraian). Ondoren, erakusketa Gipuzkoako Campusera (Carlos Santamaria Zentroa, abenduaren 9tik 18ra) eta Arabako Campusera (Unibertsitate Pabilioia, martxoaren 3tik 28ra).

Azkenik, tipografia berriaren aurkezpena dela eta, I. Tipografia-jardunaldiak egingo dira Bizkaia Aretoan azaroaren 25etik 28ra. Tipografiako aditu eta ikasleentzat antolatutako jardunaldi hauek arlo horretako ezagupenak zabaldu eta hedatu nahi dituzte, hitzaldi eta kaligrafiako eta digitalizazio tipografikoko tailerren bidez. Jardunaldietako plaza guztiak bete dira.

Presentación de la nueva tipografía de la UPV/EHU from UPV/EHU on Vimeo.