Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUren Zientzia Asteak adin guztietako jendearekin konektatzen jarraitzen du

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/13

Irudia

UPV/EHUren hamahirugarren Zientzia Astea, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak adin guztietako 35.000 pertsona inguru bildu ditu zientziaren inguruan antolatutako ekintza, jolas eta erakustaldietan. Zientzia Astea azaroaren 6tik 10era bitartean ospatu da hiru euskal hiriburuetan giro ludiko eta pedagogikoan. AlhóndigaBilbaora, Donostiako Artzain Onaren plazara eta Gasteizko Lascaray Ikergunera hurreratu den jendeari, eskaintza ludiko-zientifikoarekin gozatzera Euskal Herri osoko 117 ikastetxetik etorritako 5.820 ikasleak (2012an baino 370 gehiago) gehitu behar zaio. Gainera, aurretik izena ematea beharrezkoa zen ekitaldietara 1.960 lagun (2012an baino 610 gehiago) apuntatu dira.

Edizio honetan, 31 stand (15 Bizkaian, 8 Donostian eta 8 Gasteizen), 12 tailer (2 Bizkaian, 4 Donostian eta 6 Gasteizen) eta 11 txangok (5 Bizkaian, 1 Donostian eta 5 Gasteizen) osatu dute zientzia Astearen eskaintza.

Aurten Zientzia Astera hurbildu direnek, askotariko gai desberdinetan sakontzeko aukera izan dute, hala nola, ingeniaritza kimikoa, fisika, matematikak, nanozientzia, geologia, energia berriztagarriak, nutrizioa, kartografia, robotika, elektronika, fisiologia, psikobiologia, zelula amak, arkeologia eta estatistika.

Fernando Plazaola, UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak adierazi duenez, "edizio honetan Zientzia Astearen aurrekontuak beherakada nabarmena izan duen arren, eskaintzaren kalitatea eta aniztasuna mantentzea lortu dugu. Eta hori posible izan da, irakasleek ikasleen laguntzarekin egin duten borondatezko lan ordainezinari esker, beti ere, zientziaren dibulgazioaren alde egitarau erakargarria prestatzeko helburuarekin". Era berean, Plazaolak azpimarratu duenez, "UPV/EHU lan handia egiten ari da kultura zientifikoa gure gizartean sustatzen; eta lan horrek harrera bikaina dauka, Zientzia Astearen emaitzetan ikus daitekeen bezala".