Bizkaiko Campusa

Albisteak

UPV/EHUk 2014 urteko aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu du

Igoera % 62koa da, aurreko ekitaldiko aurrekontuarekin alderatuta

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/14

Gaur aurkeztu da Gobernu Kontseiluan Euskal Herriko Unibertsitateak 2014rako prestatu duen aurrekontuen aurreproiektua, 395.387.569 eurokoa. 2013ko aurrekontua 392.960.784 eurokoa izan denez, % 62ko igoera dago. Aurrekontua hiru ataletan dago banatuta: aurrekontu arrunta, % 0,51ko igoera duena (358,3tik 360,1era), partida nagusia langileen gastuak izanik (262,2 milioi euro; hau da, aurreko ekitaldian baino % 0,51 gehiago, 2013an 260,9 milioi eurokoa izan baita); programa kontratua, % 9,68 igotzen dena (26,5etik 29,1era); eta urte anitzerako inbertsio plana, % 24,73 jaisten dena (7,97tik 6 milioi eurora).

Aurrekontuen aurreproiektuan agertzen dira Iñaki Goirizelaia errektoreak agintaldi honetarako ezarrita dituen lehentasunak, berriro aipatu dituenak Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran: enplegua mantentzea eta indartzea ikerketaren, graduondoko ikasketen eta euskararen alorrak.

Errektorearen hitzetan, "herri moduan egoera ekonomiko zail batean aurkitzen gara, eta Euskal Herriko Unibertsitateak bere konpromiso sozial eta instituzionala azaldu nahi du horren aurrean. Arazoak arazo, aurreko urteetako beheranzko joera geratu egin da, eta susperraldi arin baten bidean sartu gara; eta hori berri ona da".

Errektoreak esan duenez, "unibertsitatea euskal gizartearen zerbitzura dago, bai eta bere ikasleen eta langileen zerbitzura ere; eta, horrexegatik, une honetan lehentasunak ezarri behar dira eta horiekin kontsekuente izan. Lanpostu guztiak mantenduko ditugu, eta gure helburu nagusiak izango dira ikerketa, graduondoko ikasketak eta euskara. UPV/EHU unibertsitate ikertzailea da, eta izaten jarraituko du. Bestalde, eta graduondoko ikasketen eskaintza izango denez unibertsitateen arteko aldeak adieraziko dituen giltzarrietako bat, indar bereziz egingo dugu lan prestakuntzaren arlo horretan. Beste helburu nagusi bat da euskararen normalizazio osoa lortzea unibertsitate bizitzaren esparru guztietan. Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran badauzkagu konpromiso horien adibide zehatzak: graduondoko ikasketen kokatze mapa eta euskararen plan gidari berria".

DIRU SARREREN BILAKAERA

2011

2012

2013

2014P

Tasak

36.500.000

36.820.000

39.220.000

40.220.000

Berezko sarrerak

5.380.000

5.330.000

5.130.000

4.880.000

Bestelako sarrerak

66.140.000

59.254.569

45.700.000

45.700.000

EAEren transferentzia ekarpen arrunterako, unibertsitatearen jardunerako

270.681.708

266.831.708

252.074.354

253.411.354

EAEren transferentzia ordainketa osagarrietarako

18.085.676

16.206.389

16.143.389

15.888.389

EAEren transferentzia programa kontratuak finantzatzeko

31.168.316

31.168.316

26.506.170

29.072.424

EAEren transferentzia urte anitzerako inbertsio planerako

16.848.546

17.000.000

7.971.469

6.000.000

EAEren transferentzia Gizarte Kontseilurako

541.822

350.000

215.402

215.402

GUZTIRA

445.346.068

432.960.982

392.960.784

395.387.569


Aurreproiektuaren aurkezpenarekin gaurko bileran ekin zaio UPV/EHUren 2014ko aurrekontuaren tramitazioari. Orain, egutegian jasota dagoen moduan, zuzenketak aurkeztu ahal izango dira, abenduaren 4tik 16ra bitartean, eta hiru egun beranduago aurrekontua aurkeztuko zaio Gobernu Kontseiluari, onar dezan. Gobernu Kontseiluak aurrekontua onartzen badu, Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, behin betiko onespena eman diezaion.

Euskararen 2. Plan Gidaria

Euskararen 2. Plan Gidariaren zirriborroa ere gaurko bileran aurkeztu da. Plan hori 2013-2017 aldirako da, eta bere helburua da hizkuntza ofizialen aukera berdintasuna bermatzea UPV/EHUko kide guztiei. Dokumentuan, egungo egoeraren diagnostikoa egiteaz gain, datozen urteetako helburuak jasotzen dira. Helburu nagusiak hauek dira: administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuen % 65-70ek derrigortasun data ezarrita izan dezatela 2017. urterako; irakasle eta ikertzaileen % 52 elebiduna izan dadila; eta, azken urteetako dinamikari jarraituta, matrikulatzerakoan ikasketak euskaraz egitea aukeratzen duten ikasleak erdia baino gehiago izan daitezela.

Irakats eskaintzan aurreikusten da graduak euskalduntzen jarraitzea eta guztira % 81 baino gehiago ematea euskaraz (nahitaezko irakasgaien % 92 baino gehiago), eta graduondokoetan % 25 gutxienez euskaraz ematea. Horrez gain, jarraituko da bultzatzen hizkuntza zientifikoaren garapena eta testuak sortu eta itzultzea, bai eta administrazio eta zerbitzuetako langileen zein irakasle eta ikertzaileen prestakuntza ere. UPV/EHUk, beraz, jarraituko du lan egiten euskararen normalizazioaren eta zabalkundearen alde, arlo horretan ere diharduten beste unibertsitate eta erakundeekin elkarlanean.

Zirriborroa aurkeztuta, zuzenketak egiteko epea irekitzen da azaroaren 28ra arte; eta Gobernu Kontseiluak abenduaren 19an egingo duen bileran botazioa egingo da plana onartzeko.

Azkenik, UPV/EHUren Graduondoko Ikasketen Kokatze Mapa aurkeztu da, master ofizialen, doktorego programen eta berezko tituluen gaur egungo egoeraren lehenengo diagnostikoa egiten duena.

Mapan jasota daude graduondoko eskaintzaren indarguneak eta ahulguneak. Lehenengoen artean honako hauek dira azpimarratzekoak: masterren eskaintza zabala da jakintza arlo guztietan, lanbiderako ahalmena ematen duten masterren eskaintza handitu egin da, Latinoamerikako ikasleen kopurua handia da, eta urtero defendatzen den tesi kopurua ere handia da. Ahulgunetan, berriz, esan behar da graduondoko ikasleen portzentajea txikia dela graduko ikasleekin alderatuta, master gutxi eskaintzen direla on-line modalitatean, eta UPV/EHUren berezko tituluen eskaintza txikia dela, Gizarte Zientzien arloan izan ezik. Egin den diagnostikoa oinarri hartuta, UPV/EHUren Graduondokoen Plan Estrategikoa egingo da 2014ko ekainerako.