Bizkaiko Campusa

Albisteak

Josu Trebolazabala UPV/EHUko ikertzaileak eta Azurmendi jatetxeak lurrin sorgailu bat eta barreiatzaile bat patentatu dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/18

  • Gailuetako batek ingurumeneko elementuetatik etorritako esentzia naturalak sortzen ditu
  • Gainera, ikerlanak metal astunen metaketa barazkietan eta fruituetan ebaluatzen du

UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko Josu Trebolazabala irakasleak eta Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak (hiru Michelin izar dituena) naturako zenbait elikagairen eta elementuren lurrinak eta zaporeak aztertu dituzte, eta, ikerketa horien ondorioz, bi prototipo sortu dituzte. Horiek Espainiako Patenteetako eta Marketako Bulegoak patentatu berri ditu.

Prototipo horietako bat lurrin-sorgailu bat da, eta Naturan deitu diote. Prototipo horren helburua ingurumeneko zenbait elementu erabili eta esentzia naturalak sortzea da; betiere, jatorrizko elikagaien eta elementuen molekulak eraldatu gabe esentzia horien askatze prozesuan. "Esaterako, lortu ditugun lurrin berezienetako bat atertu berri deneko usaina da. Horretarako, ortu bateko lur lehorra sartu zen ontzi batean eta beste ontzi batean ortu bereko harrixka batzuk. Gero, korronte bat sortu genuen ontzi batetik bestera, elementu bakoitzaren usain-molekulak eraman zitzan. Hartara, azkenean, molekula guztiak harrapatuta geratzen ziren ibilbidearen amaieran jarritako ur-kopuruan", argitu du Josu Trebolazabala UPV/EHUko ikertzaileak.

Prototipo horrekin batera, beste bat ere egin dute. Bigarren horretan, egoera akuosoan harrapatuta dauden molekulak, arestian aipatuak, izotz lehorren bidez lurruntzen dira eta, hori egin eta gero, edonon erabil daitezke: adibidez, janari plater batean. "Horrela, usain-molekula gaseosoak barreiatzen dira, ingurunea inbaditzen dute, eta atmosfera zehatz bat birsortu daiteke".

Patentatu berri diren bi gailu horiek Trebolazabalaren honako tesi honen ondorio dira: "Development of new processes and analytical methodologies for efficient and fast analysis of foodstuffs focused on the culinary field" (Ikerketa metodoak eta metodologia berriak garatzea, elikadura produktuak azkar eta eraginkortasunez ikertu ahal izateko).

Kutsatzaile metalikoak

Tesi honetan, halaber, kutsatzaile metalikoen metaketa zenbait landaretan aztertu da, baita landare horiek hazten diren lursailetan ere, eta, bereziki, tomatean. Egunez egun, kontsumitzaileek gero eta arreta handiagoz aukeratzen dute zer elikagai sartu erosketa-saskian. Jaten diren elikagaien kalitatea eta osasungarritasuna gero eta garrantzitsuagoak dira iritzi publikoarentzat, eta, hala eta guztiz ere, ez daude beti bermatuta. Askotan, trafikoaren, industria-jardueraren eta fumigazio prozesuen ondorioz sortzen diren jarduera kutsatzaileek elikagaiak kutsatu ditzakete, inor ohartu gabe.
UPV/EHUko ikertzaile honek landare baten ataletan (sustraietan, zurtoinean, hostoetan eta fruituetan) meta daitezkeen metalak aztertu ditu.

Horretarako, metalen metaketari buruzko azterketak egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait eskualdetako 13 ortutatik hartu diren landaretan. Emaitzen analisiak erakutsi du metalen metaketa fruitu jangarriak dituzten landareetan (mugurdietan, tomateetan) baino handiagoa dela hosto jangarriak dituzten landareetan (orburuetan, zerbetan). "Aurkitutako kopuruak ez dira batere arriskutsuak gizakien kontsumorako", azaldu zuen ikertzaileak, herritarrak lasaitzeko asmoz.

Bestalde, tomate landarea zehaztapen handiagoz ikertu zenean ondorioztatu zen sustraietan, zurtoinetan edo hostoetan baino kutsatzaile gutxiago metatzen direla fruituan. "Lursailean metal astunen metaketa handia egon arren, ez dira fruitura heltzen, landarearen ataletan zehar banatzen baitira. Horregatik, pentsa daiteke landareak berak kutsatzaileak arazten dituela, fruitura heldu baino lehen. Dena den, hori berretsi baino lehen, askoz ere ikerketa gehiago egin behar izango dira".

Trebolazabalak garatzen duen beste ikerketa ildo batek Raman elektroskopiaren bidez tomateen heltze-unerik hoberena tomateak ireki gabe zehazteari ekiten dio. Sistema horrek karitinoideen eta lipozenoen ehunekoa gainbegiratzen du, alerik onenak bereizteko. Horrez gaiz, X izpien elektroskopia baten bidez tomatearen atal ezberdinen (sustraia, zurtoina, hostoa eta fruitua) irudiak sortu ditu. Landareak zurgatzen dituen elementu desberdinen distribuzioa behatzen du irudi horiei esker eta, hartara, non metatzen edo zedarritzen diren ikusi daiteke.

Josu Trebolazabala: UPV/EHUko Biologian eta Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioari buruzko Masterra egin du. 2009. urtetik, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko Saileko IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa-taldeko kide da.