Bizkaiko Campusa

Irudia

Albisteak

UPV/EHUk gizarte funtsa sortu du matrikula ordaintzeko arazoak dituzten ikasleei laguntza emateko

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/30

Unibertsitateak 250.000 euro erabiliko ditu laguntza horietarako.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du bat-batean sortutako arazo ekonomikoen ondorioz 2012/13 ikasturteko matrikula ordaintzeko zailtasuna daukaten UPV/EHUko ikasleei bueltatu beharreko laguntzak emateko deialdia. Horrela, bada, duela gutxi organo berak egindako proposamenari jarraituz, gizarte funtsa sortuko du arazo horri aurre egin ahal izateko. Maite Zelaia andreak, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak, adierazi bezala, sistema horren bidez saihestu egingo da matrikula ordaintzeko arazoak dituzten ikasleek ikasketak bertan behera utzi beharra izatea.

Laguntza hori eskuratu ahal izateko, ikaslea lizentziaturako edo diplomaturako ikasketak (desagertzeko bidean), graduko ikasketak, diplomaturatik gradura egokitzeko ikasketak edo lanbidean aritzeko gaitasuna ematen duten masterrak egiten egon beharko da. Laguntzaren zenbatekoa ikasturte honetako matrikulan ikasleak ordaintzeke daukaten kopuru osoaren bestekoa izango da.

Ondokoak dira, bestalde, laguntzak eskuratzeko bete beharreko baldintzak: ikaslearen egoera ekonomikoa nabarmen aldatu izana ikasturtearen hasieratik; 2012/13 ikasturtean bestelako diru laguntzarik ez izatea; eta unibertsitateko titulurik ez izatea, ez bada gradura egokitzeko ikasketak edo aipatutako masterrak egiten ari dela. Bat-batean sortutako arazo ekonomikotzat hartuko da familiako sostengatzaile nagusia hil izana, langabezian geratu izana edo nahitaezko erretiroa hartu behar izana pertsona horrek. Ez da baina, zerrenda itxia; beste egoera batzuk ere hartu ahal izango dira kontuan, baldin eta errektoreorde eskudunaren iritziz egoera larritzat hartzeko modukoak dira.

Laguntza dirutan itzuli beharko da UPV/EHUk eta ikasle onuradunak, biek elkarrekin, adostutako eran. Hala ere, zati bat, unibertsitatearen mesederako izango diren jarduerak eginez ere bueltatu ahal izango da. UPV/EHUk 250.000 euro erabiliko ditu funts horretarako.

Bestalde, UPV/EHUko errektorego taldeak, Gobernu Kontseilu honetan, iragarri zuen abenduko aparteko ordainsaria aurreratu eta ekainean ordainduko zaiela langileei.

Berezko titulu berriak

Gobernu Kontseiluak unibertsitateak 2013/14 ikasturtean eskainiko dituen berezko titulu berriak ere onartu zituen. Titulu horiek unibertsitateak berak antolatutako ikasketak dira, gizartearen eskakizunei erantzun arina eta malgua emateko sortuak. Espezializazio handiko titulazioak dira, jardun profesionalera argi eta garbi bideratuak. Haien helburua da goi mailako tituludunen prestakuntza osatzea eta lanean dauden profesionalei ezagutzak eguneratzeko aukera ematea. Erakunde, teknologia zentro eta administrazioek ere hartzen dute parte ikasketa hauetan. Titulu horietako batzuk masterrak dira (60-120 ECTS, Europako Unibertsitate Eremura egokituak) eta beste batzuk, unibertsitateko espezialista tituluak (30-59 ECTS).

Egun eskaintzen diren berezko tituluen zerrendari sei berri hauek gehituko zaizkio eta horietako bat, hain zuzen ere, Election Observation and Electoral Assistance, online eta ingelesez emango da oso-osorik. Tituluaren helburua da ikasleak gaitasun egokia eskuratzea zuzen eta egoki aritzeko begirale lanetan Hauteskunde Begirale Misioetan. Beste espezialista titulu bat da; euskaraz emango da eta ingurugiro arloko gestio eta politikak aztertzea dauka helburu. Negocios Electrónicos, Internet y otras herramientas tecnológicas para la empresa tituluak masterrerako eta espezialistarako aukera emango du eta helburu dauka ikasleari gaitasun egokia ematea negozioa sortu, planteatu eta gestionatzeko. Beste titulu berri batzuk Dolor Orofacial y Trastornos Temporomandibulares eta Innovación Social e Industrias Creativas y Culturales dira. Lehenengoaren bidez osatu egiten da UPV/EHk odontologiaren arloan daukan eskaintza zabala, eta bigarrenak gizarte eta kultura berrikuntzaren arloko gaitasun profesionala ematen dio ikasleari. Azkenik, Alfabetización Mediática y Valores UNESCO espezialista tituluak baliabide egokiak eskaintzen dizkio ikasleari kritikoa, subiranoa eta sortzailea izatea komunikabide eta informazioaren aurrean.

Berezko tituluetan izena emateko epea ekainaren 3an irekiko da.