Bizkaiko Campusa

Albisteak

UPV/EHUk ibaietako ur eskasiaren ondorioak ikertzeko Europako proiektu batean parte hartuko du

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/10

Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Sailak proiektuaren atal bat koordinatzen du.

Aldaketa klimatikoak, ura erabiltzeko ohituren aldaketak eta populazio handien presioak eragindako Mediterraneoko eskualdeetako eta Europako ibaietako ur eskasia urte gutxi barru arazo larria bihurtuko dela aurreikusten da. Kezka hori buruan dutela, EBko Zazpigarren Esparru Programak Europako proiektu bat onartu du: "Globaqua: ur eskasiako baldintzetan askotariko estres-eragileek uretako ekosistemetan eragiten dituzten ondorioak kudeatuz".

Globaqua proiektuak Europako ibaietako ur eskasiaren ondorioak aztertuko ditu ur kantitatearen eta ur kalitatearen ikuspegitik, baita biodibertsitatean, ekosistemen funtzionamenduan eta gizarte ekonomian eragiten dituen ondorioak ere.

Hamabi herrialdetako 23 zentrok parte hartuko dute 2014ko otsailean hasiko den eta bost urteko iraupena izango duen ekimen honetan (2019an amaituko da). Guztira 7,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta horietatik 350.000 euro UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikerketa lanetarako izango dira.

Arturo Elosegik, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ibaien Ekologia Taldeko ikertzaileak, zuzenduko du aldaketa globalak ekosistemaren funtzionamenduari nola eragiten dion aztertuko duen lan paketea. Era horretan, Europako proiektuaren bidez, sail honek arlo hau ikertzen jarraitu ahal izango du, beste ikerketa zentro batzuekiko lankidetza areagotu ahal izango du eta proiektua garatzeko kontratazioak egin ahal izango ditu.

Lan paketeen barruan egin beharreko jardueretarako, klimatologia, kimika, hidrologia, ekologia, ekonomia eta soziologia arloetako ikertzaileek osatutako diziplina arteko taldeekin lankidetzan jardungo dute. "Pakete guztietan hainbat herrialdetako talde batek baino gehiagok jardungo dute lankidetzan. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Sailak parte hartzen duen lan paketean ekologia arloko ikertzaile talde batek beste herrialde batzuetako geografo, kimikari eta modelatzaileekin batera lan egingo du", argitu du Elosegi irakasleak.

Europako ikuspegia
"Ingurumeneko FP7aren baitako Globaqua ikerketa proiektuaren estaldura zabalari esker, ikerketa lanari balio handia eman ahal izango zaio, jatorri desberdinetako ikertzaileekin batera lan egingo baita, eta horrek Europa mailako ikuspegi bat azaltzeko aukera emango du", adierazi du Arturo Elosegik.

Guztira sei arro aztertuko dira: landa azterketak Ebron, Adigen, Savan eta Eurotasen egingo dira, eta Anglian (Erresuma Batua) eta Souss Massa (Maroko) arroen kudeaketa ebaluatuko da.

Aldi berean, laborategiko esperimentuak egingo dira kanal artifizialetan, honako hauek aztertzeko: presio anitzek helmugan duten ondorioa, mikro-kutsatzaileen portaera eta presio horiek komunitate biologikoetan (biofilma, ornogabeak eta arrainak) dituzten ondorioak. Modelizazio ariketak ere egingo dira, eta ekosistemen funtzionamenduan estres-eragileen arteko interakzioek dituzten ondorioak aztertuko dira.