Bizkaiko Campusa

Albisteak

null

1936ko Euzko Irakastola Nagusia gomutatzen duen 'Barrualde argiztatuak' eskultura inauguratu da

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/02

Angel Garrazak sortutako lana UPV/EHUko Biblioteka Nagusiko hall-ean kokatu da.

GAUR, astelehena, abenduak 2, gaur egungo UPV/EHUren enbrioia izan zen 1936ko Euzko Irakastola Nagusia gomutatzen duen "Barrualde argiztatuak" izeneko eskultura inauguratu da Biblioteka Nagusiko hall-ean (Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan). Eskulturaren egilea Angel Garraza da, Arte Ederren Fakultateko irakasle eta nazioarte mailan izen handia duen artista.

Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko errektorea, Ángel Garraza, eskulturaren egilea, Carmelo Garitaonandia, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, eta Mikel Aizpuru, UPV/EHUko Historia Garaikidea Saileko zuzendaria eta Euzko Irakastola Nagusiaren 75. urteurrenarekin bat eginaz 2011an burututako "Amets baten oinordeko gara - Euzko Irakastola Nagusia 1936" erakusketaren komisarioa.

"Barrualde argiztatuak" eskultura bost metroko luzera duten bi elementu bertikalez osatuta dago. Antzeko ezaugarriak dituzte elementu biek, baina desberdinak dira kolorea, tratamendua eta azaleraren alterazioari dagokionez. Pieza biak gresez eginda daude (bata, beltz karbonazioa eta, bestea, gres zuria). Norabide bertikalean, denboraren iragana deskribatzen da, lau urte-sasoien igarotzearen bitartez (negua, udaberria, uda eta udazkena). Elementu bien goi aldean bolumen argiztatu bi daude, burmuin argiztatu bi irudikatuz. "Momentu bi, historiako pasarte bi gogoratzen dituzte burmuin horiek. Eta argiak, unibertsitatearen oinarrizko eginkizuna gogoratzen du, hau da, jakintzaren faro argitsua izatea", azaldu du Garrazak.

Bestalde, Goirizelaia errektoreak adierazi duenez, "eskultura honek, ibaiertz biren arteko zubi bat irudikatzen du. Ertz batean 1936ko Euzko Irakastola Nagusia dago eta, bestean, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. Ez gara 77 urteko historiak bereizten dituen bi unibertsitate desberdin. Unibertsitate proiektu beraren luzapen bat da eta, sinbolo honekin, zaindu eta babestu egin nahi dugu proiektu oso hori".
Euzko Irakastola Nagusiak 1936ko abenduaren 1ean ospatu zuen ikasturte-hasiera ekitaldia Bilboko Ospitale Zibilean, Basurton. Medikuntza Fakultatea izan zen martxan jarri zen bakarra, zazpi hilabete geroago, 1937ko ekainean, bere gelak itxi behar izan baitziren, amets bat zapuztuz. Agirre lehendakariak zuzendutako Eusko Jaurlaritza hark, unibertsitate publikoa, Euskal Herrian errotutakoa eta nazioarteko komunitateari irekia bezala proiektatu zuen unibertsitate hori. Orain, 77 urte geroago, UPV/EHUk bere iraganaren sinbolo hori berrezarri nahi du.

Angel Garraza (Allo, Nafarroa, 1950) eskultorea da eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea. Espainiako hiri gehienetan erakutsi ditu bere lanak, eta baina Alemania, Frantzia, Finlandia, Italia, Portugal, Danimarka, Holanda, Suitza, Belgika, Tokio, Kioto, Seul edota Taipei bezalako herrialdeetan ere. Bere artelanak nazioarte mailako museo askotan eta bilduma publiko eta partikular garrantzitsuetan daude. Hogei bat erakusketa baino gehiagotan parte hartu du bakarka eta beste horrenbeste kolektibotan. Hainbat sari jaso ditu Garrazak, eta horien artean nabarmendu daitezke Ciudad de Valladolid 1974an, Gure Artea 80ko hamarkadaren hasieran, Italiako Faenza hiriko Nazioarteko Zeramika lehiaketako Urrezko Domina 1989an edota Taipeiko (Taiwan) Historiaren Museo Nazionalarena 1992an. 1997an Bilbao Ria 2000 erakundeak deitutako lehiaketa irabazi zuen eta saritutako artelana Bilboko Abandoibarra Parkean ikus daiteke gaur egun.

"Barrualde argiztatuak" eskultura, katalogatua izan ondoren, UPV/EHUren ondare kulturalaren parte da jada.