Bizkaiko Campusa

Albisteak

Duela 37 milioi urteko Iberiar faunaren ezagutza zuzendu du Zanbranan egindako fosil baten aurkikuntzak

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/16

  • Microchoerus primatearen aurkikuntzak Europar kontinenteko eta penintsulako ugaztunen arteko lotura baieztatu du
  • Ainara Badiola UPV/EHUko ikerlariak parte hartu duen lana 'Journal of Human Evolution' aldizkarian argitaratu da

Goi Eozenoko (orain dela 37 milioi urte) Microchoerus primate baten fosilaren aurkikuntzak (matrailezurreko bi zati) zuzendu du zientzialariek zuten ezagutza iberiar penintsulako mendebaldeko faunaren gainean. Fosil bi zati horiek penintsula eta Europako fauna ugaztunen arteko lotura baieztatu dute goi Eozenoan zehar.

Orain arte uste zen Iberiar penintsularen mendebaldean zegoen fauna ugaztunak izaera endemikoa izan zuela Eozeno osoan zehar (56 eta 33 milioi urte bitartean); hots, Europan aurkitutakorekin konparatuz desberdina zela, bi zonaldeak geografikoki banatuta zeudenaren erakusle.

Ainara Badiola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakaslearen eta ikerlariaren eta Bartzelonako Institut Catalá de Paleontologia Miquel Crusafont-eko (ICP) ikerlarien arteko elkarlanari esker lortutako primate horren fosilen aurkikuntzaren berri eman du Journal of Human Evolution aldizkari zientifiko garrantzitsuak.

Arestian aipatu bezala, Araban topatutako Goi Eozenoako Microchoerusaren fosilek primate horiek Europan ez ezik iberiar penintsulara ere zabalduta zeudela baieztatu dute. "Zanbranako aurkikuntza interesgarria da, orain arte ez zegoelako fosil horren berririk Iberiar penintsularen mendebaldean. Iberiar penintsulako txoko ekologiko eta Europako ingurune geografiko ezberdinetan bizi ziren faunaren ezagumendua emendatu du aurkikuntza honek", laburtu du Ainara Badiola UPV/EHUrko ikerlariak.

Aztarnategi aberatsa

Zanbranako aztarnategian aurkitutako fosilek garai hartako biodibertsitatea hobeto ezagutzen lagunduko dute. Hartara, aurkikuntzari esker, zientzialariek badakite goi Eozenoan penintsulan gorago aipatutako fauna endemikoa aurkitu zitekeela, "milioika urtetako isolamenduaren ondorioz garatutakoa"; baina, baita Europako hainbat tokietako komuna zena ere, eta horrek fauna europarren lotura baieztatzen du.

Nahiz eta orain arte primaterik aurkitu ez, ornodunen fosil bilgune aberatsa da Zanbrana, 2004. urtean aurkeztutako Ainara Badiolaren doktoretza tesiak aurreikusi bezala. "Indusketa kanpaina ezberdinetan Goi Eozenoan ekosistema tropikal batean bizi ziren anfibioen, muskerren, dortoken, krokodiloen eta bestelako arrasto fosil ugari bildu dira. Ugaztunei dagokionez, martsupialak, karraskariak, karniboroak, artiodaktiloak eta perisodaktiloak behatu dira, hauetako batzuk espezie berri bezala deskribatu direlarik", azaldu du Badiolak. Eozenoan bizi izan ziren Microchoerus horiek primate gautarrak eta intsektu-jaleak ziren. Egun ordezkaririk ez badute ere, Afrikan bizi diren galagoen antzeko primateak zirela uste da.