Bizkaiko Campusa

Albisteak

null

Felix Goñi, lipidoen arloko Europako ikerketa onenaren Avanti saria

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/05

EBSAk (European Biophysical Societies Association) emango dio sortu berri den saria.

Félix Goñi irakasleak, Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak eta Biofisika Unitateko zuzendariak (CSICen eta UPV/EHUren zentro mistoa), Europako Avanti saria jaso du. Avanti saria lipidoen arloko ikerketarako munduko garrantzitsuena da. Orain arte Amerikako Biofisika Elkarteak (Biophysical Society) ematen zuen, baina aurten, lehenengo aldiz, Biofisika Sozietateen Europako Elkarteak (EBSA) ere emango du. Saria emateko ekitaldia uztailaren 13tik 17ra bitartean Lisboan egingo den Biofisikako Europako IX. Biltzarrean egingo da. Hain zuzen ere, saria emateko ekitaldian, Goñi irakasleak hitzaldia egingo du, eta egin berri dituen ikerketak aipatuko ditu.

Sari berri honen helburua da lipidoen biofisika ulertzeko Europako ekarpen zientifiko garrantzitsuenak ezagutzea, metabolismoa, entzimologia, egitura eta mintzak barne. Lipidoek askotariko materiak biltzen dituzte; gorputzeko gantzak, oliba olioa edo zelula biziak estaltzen dituzten mintz delikatuak. Goñi irakaslearen kasuan, sari honekin "heriotza zelular programatua" eragiten duten mintz zelularren zenbait lipidori buruzko bere lana aintzatesten da batez ere; funtsezko prozesu bat baita enbrioi garapenean eta minbiziaren aurkako defentsa naturaletan.

Félix Goñi (Donostia, 1951) katedradunak Universidad de Navarran egin zituen doktorego ikasketak, eta Medikuntza eta Kirurgian doktorea da 1975az geroztik. Londresko Unibertsitatean (Royal Free Hospital) egin zituen doktorego ondoko ikasketak. 1978an sartu zen UPV/EHUn, eta bertako Zientzia eta Teknologia Fakultatean gerora Biomintzen Taldea izango zena hasi zen garatzen eta, 1999tik aurrera, Biofisika Unitatea. Bere taldea Eusko Jaurlaritzako eta UPV/EHUko errendimendu handiko taldeetako bat da. Bere ikerketa lanaren oinarria zelula-mintzetako interakzio molekularrak dira.

Sei liburu eta 305 artikulu argitaratu ditu, eta hainbat hitzaldi eman ditu nazioarteko batzarretan eta mundu osoko unibertsitateetan. Hiru patenteren egilekidea da eta 16 doktore tesiren zuzendaria izan da. Journal of Liposome Research, Chemistry and Physics of Lipids eta Journal of Chemical Biology aldizkarietako argitaratze batzordeetako kidea da. Horrez gain, Revista de Derecho y Genoma Humano aldizkariko erredakzio batzordeko kidea da eta nazioarteko hainbat batzarretako zientzia batzordetan parte hartu du. Biophysical Societyren barruan, elkartearen jardunaldi bat antolatzeaz arduratu zen lehenengo atzerritarra izan zen; zehazki, 51st Annual Meeting of the Biophysical Society (2006) programaren (Baltimore, Maryland, AEB) batzordeko presidentea zen. 2010ean Amerikako Biofisika Elkartearen Nazioarteko Harremanetarako Batzordeko presidente izendatu zuten. Elkarte horretako Mintzen Egitura eta Mihiztatzea Saileko presidentea ere bada.

Gestio karguei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Zientzia Politikaren zuzendaria izan zen. FEBSren (Federation of European Biochemical Societies) argitaratze batzordeko burua izan zen, eta Fundación Biofísica Bizkaia/Biofisika Bizkaia Fundazioaren sortzaile eta presidentea.

Euskadi Ikerketa Saria da (2002), Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea (2003), Universidad Nacional de Córdobako (Argentina) ohorezko irakaslea (2005), baita Bizkaitar Argia ere (2012).