Bizkaiko Campusa

Albisteak

Balenciagan inspiratutako lanparak

Lehenengo argitaratze data: 2013/04/12

UPV/EHUko Arkitekturako ikasleek garatutako proiektu baten emaitzak erakutsiko dira Bizkaia Aretoan.

GAUR ostirala, apirilak 12, 'Balentziaga argitzen' erakusketa inauguratu da Bizkaia Aretoko Axular aretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo). Bertan, Cristóbal Balenciaga jostunaren hainbat jantzi inspirazio iturri hartuta, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko laugarren mailako hamar ikaslek sortu dituzten zortzi lanpara ikusi ahal dira. Era berean, bisitariek, lan bakoitzaren diseinu prozesuan eman diren pausuak zeintzuk izan diren ezagutu ahal izango dute lanparen ondoan jarri diren panelen bitartez. Eta, era berean, ikasle bakoitzak bere lanaren zehaztasunak azaltzen dituen bideo bat ere ikusi ahal izango dute bertara hurreratzen direnek.

Erakusketa hau zabalik izango da Bizkaia Aretoko Axular aretoan apirilaren 12tik 26ra, astelehenetik ostiralera bitartean, 8:00etatik 20:00etara. Sarrera librea izango da.

'Balentziaga argitzen', Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin garatu duten proiektu baten ondorio akademikoa eta bisuala da.

Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Ana Arrieta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Javier González de Durana Balenciaga Museoko zuzendariak, Amaia Casado UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle eta proiektuaren arduradunak, eta Lauren Etxepare UPV/EHUko Arkitektura Saileko zuzendariak. Bertan izan dira, baita ere, Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta baita proiektuan parte hartu duten ikasleak ere: Aiora Astiz, Marta Eugui, Mikel Hervas, Itziar Ibarrondo, Josune Rodriguez, Irune Muñoz, Naikare Sobrón, Andoni Pombo, Xabier Polledo eta Xandra Echeandia.

Lau hilabete iraun ditu bukaera bezala 'Balenciaga argitzen' erakusketa izan duen proiektuak. Hain zuzen ere, 2011-2012 ikasturteko Arkitekturaren Oinarrietako Graduaren baitan dagoen 'Proiektuen Garapena II' ikasgaian kokatu da. Bertan, ikasleek Balenciagaren lanak ikuspegi konstruktibo eta kontzeptualetik aztertu dituzte eta, analisi horretatik, zortzi lanpara diseinatu eta gauzatu dituzte jostunaren hainbat kreazio inspirazio iturri hartuta.

Amaia Casado irakasle eta proiektuaren arduradunak adierazi duenez, "ikasturtean zehar harreman oso estua izan dugu Balenciaga Museoarekin eta, ondorioz, Balenciagaren diseinuak gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan dugu eta bere lanari buruzko informazio piloa bildu dugu". "Behin proiektua bukatu denean -jarraitzen du Casadok-, emaitza zein izan zen ikusi genuenean, bai Museoko zein UPV/EHUko Arkitektura Saileko arduradunek argi ikusi genuen lan horiek zabaldu beharra zegoela, Balenciagaren lanaren miresleek eta diseinu zaleek prozesuaren garapena nolakoa izan den eta azken emaitzak zeintzuk izan diren ikusteko aukera izan dezaten". Horrela, 2012ko irailean 'Balenciaga argitzen' erakusketa inauguratu zen Getariako Balenciaga Museoan eta, orain, aste bitan egongo da ikusgai Bizkaia Aretoan, Bilbon.

Ekimen honek jarraipena dauka 2012-2013 ikasturte honetan. Oraingoan, Arkitektura ikasleak Balenciagaren jantzietan inspiratuko dira jesarlekuak diseinatu eta sortzeko.

Proiektu honetan garatu den lan prozesuaren nondik norakoak urratsez urrats bildu dira ondorengo blog honetan: http://balenciagaargitzen.blogspot.com.es/