Bizkaiko Campusa

Albisteak

Xabier Lamikiz UPV/EHUko irakasleari eman diote 'The Franklin Pease G. Y. Memorial Prize' saria

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/04

UPV/EHUko Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeak Saileko kide den Xabier Lamikiz irakasleari "The Franklin Pease G. Y. Memorial Prize" saria eman diote "Flotistas en la Nueva España: diseminación espacial y negocios de los intermediarios del comercio transatlántico, 1670-1702" (Colonial Latin American Review, vol. 20, nº 1 (2011), pp. 9-33) izenburua daukan ikerketa lanagatik. Saria (1.000 dolar) Colonial Latin American Review aldizkari estatubatuar ospetsuak bi urtean behin aldizkarian bertan argitaratutako artikulu hoberenari ematen dio. Lamikiz historialariak lortutakoa 2011-2012 biurtekoari dagokio eta guztira ingelesez, gaztelaniaz eta portugesez idatzitako 30 artikulu izan dira lehiakide. Aldizkari amerikarrak abenduko alean emango du artikulu sarituaren berri.

Lamikizen lanak XVII. mende bukaerako merkataritza flotetan Espainia Berrira (Mexiko) bidaiatzen zuten merkatari eta komisionista espainiarren jarduera ekonomikoak aztertzen ditu. Artikuluak batez ere Londreseko The National Archives agiritegian aurkitutako dokumentuak ditu aztergai, hain zuzen ere, etxebizitza Sevillan zeukan Pedro de Munarriz merkatari nafarraren eskutitzak. Munarriz eta beste hainbat merkatari Veracruzetik 1702ko uda amaieran atera ziren Cadizerako bandan. Baina gerra hasi berria zenez, euren flota Vigoko badiara sartu behar izan zen etsaia ekiditeko asmoz. Badian bertan ingeles eta holandar gerra-ontzien erasoa jasan zuten azkenik. Ingelesek bahitutako ehunka eskutitz pribatu hiru mendez egon dira Londresen inork jaramonik egin gabe. Munarrizen eskutitzek merkataritza kolonial espainiarraren zirrituak ikusteko aukera ematen dute inoiz ez bezala.

Munarrizen (eta bere kontaktuen) jardueretan arreta jarriz, artikuluak merkataritza transatlantikoaren funtsezko hiru alderdi aztertzen ditu: lehenik merkataritza kolonialaren barrenak, kontrabandoarekin, iruzurrarekin eta kolonia arteko merkataritzarekin konbinatuta; bigarrenik, merkataritzaren eguneroko esperientziaren azterketak merkatariek jasan behar izaten zuten ziurgabetasun eta arriskuaren ebaluazioa ahalbidetzen du, eta baita ere zer erabaki hartzen zuten arriskuok ekiditeko; eta, azkenik, gutuneriaren bitartez Lamikiz historialaria merkataritza sostengatzen zuten harreman sozial oparoetan barneratzen da, orain arte historiografiak oso azaletik aztertuta zeukana. Hala artikuluak flotisten funtzioak, negozioak, mugikortasuna, merkataritza sareak, merkatu kolonialari buruz zuten informazioa, haien itxaropen eta asmoak, eta kolonietan zeudela Espainiarekin mantentzen zuten komunikazioa aztertzen ditu. Azken finean artikuluak merkataritza kolonialaren antolaketa hobeto ulertzen laguntzen du.