Bizkaiko Campusa

Albisteak

null

Artatza-Romo BHI-ko ikasle batek irabazi du Euskadiko Matematikako Olinpiada

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/07

Javier de la Bodega Domingo-Aldamak, Artatza-Romo BHI-ko ikasleak, irabazi du urtarrilaren 17an UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean burutu zen Matematikako Olinpiada, zeinetan batxilergoko 42 ikaslek parte hartu zuten. Bigarren saria Eskolapios Ikastetxeko Martin Ortiz Ramirezek eraman zuen, eta hirugarrena, Portugaleteko Andra Mari Ikastetxeko Iñigo Martinez Gomezek. Horiek horrela, Bizkaiko hiru lagunek osatu dute Euskadiko matematikako Olinpiadaren podiuma.

Espainiako Matematika Elkarteak (RSME) hiru ikasle sarituko ditu, diploma batekin eta bazkide-ikaslearen urteko kuotaren ordainketarekin. Kuota honi esker, besteak beste, RSMEren La Gaceta aldizkaria urte betez jasoko dute.
Fase hau saio bitan banatuta egongo zen. Saio bakoitzean hiru problema ebatzi behar izan zituzten eta, gehienez, hiru ordu eta erdi izan zituzten hiru ariketa horiek ebazteko. Froga hauetan idazteko eta marrazteko tresnak baino ezin izan zituzten erabili, hau da, kalkulagailuak, aparatu elektronikoak, telefono mugikorrak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak debekatuta egon ziren.

Estatu mailako lehiaketa

Hiru irabazleak bigarren fasera, estatu mailakora, igaroko dira, edizio honetan Requenan (Valentzia) ospatuko dena, martxoaren 27tik 30era bitartean. Bigarren fase horretako lehenengo sei sailkatuek nazioarteko talde olinpikoa osatuko dute Nazioarteko 55. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko, uztailean, Lurmutur Hirian (Hegoafrikako Errepublika). Era berean, sei horiek, irailean Hondurasen ospatuko den Matematikako 29. Olinpiada Iberoamerikarrean ere parte hartzeko hautagaiak ere izango dira.
Bestalde, ikasturte honetan ere, ohi bezala, UPV/EHU matematikei buruzko tailerrak burutzen ari da (asteazkenero, 17:00etatik 18:30etara bitartean, UPV/EHUko Bizkaiko Esperientzia Geletan, https://www.ehu.eus/olimpiadamat).

Matematiketan interesa duten ikasle guztiek parte hartu dezakete tailer hauetan eta, era berean, olinpiadetarako prestatzeko ere balio dute. Honako hau, urterik urtera sendotzen doan ekimena da, matematikei buruzko zaletasuna konpartitzen duten ikasleen topagunea baita.

Informazio gehiago: http://platea.pntic.mec.es/csanchez/olimmain.htm