Bizkaiko Campusa

Irudia

Albisteak

Hidrogenoa lortzeko teknologia berri bat

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/12

Irudia
Aingeru Remiro Eguskiza, Ingeniaritza Kimikoan doktorea UPV/EHUn.

Biooliotik hidrogenoa ateratzeko prozedura bat garatu du Aingeru Remirok UPV/EHUn aurkeztutako doktore-tesian.

Aingeru Remiro Eguskiza Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ingeniari kimikoaren doktore-tesia "Producción de hidrógeno mediante reformado con vapor de bio-oil. Integración en el proceso de las etapas térmica, catalítica y de captura de co2" biooliotik hidrogenoa lortzeko prozesu bat bilatzeko ahaleginean kokatzen da. Prozesu horrek ingurumen-inpaktu txikiagoa izango luke gaur egun hidrogenoa lortzeko erabiltzen diren bideek baino.

Petrolioa gero eta garestiago izateak eta haren erabilerak ingurumenean ondorio kaltegarriak ekartzeak beharrezko egiten du energia-eredua aldatzea eta datozen hamarkadetan aldaketa hori burutzea. Begi-bistakoa da alternatiba energetiko bat aurkitu beharra dagoela etorkizun hurbil batean erregai fosilak partez bederen eta gutxika ordezteko, eta aukeretako bat hidrogenoa izan daitekeela ikusten da.

Hidrogenoa lortzeko metodoek, gaur egun, hidrogenoa beste elementu kimiko batzuetatik bereiztea eskatzen dute; dela karbonotik (erregai fosiletan), dela oxigenotik (urean). Horretarako erabili diren metodoak ez dira bideragarriak hidrogenoaren ekoizpen masiborako: karbonoaren kasuan, ingurumenaren ikuspegitik, eta oxigenoaren kasuan, berriz, ikuspegi ekonomikotik.

Tesian planteatutako helburua da laborategi-eskalako prozesu bat garatzea biooliotik hidrogenoa ateratzeko, ur-lurrunezko erreformatze katalitikoaren bidez. Bioolioa produktu oxigenatuen nahastura heterogeneo bat da, jatorria zurean duena, eta haren eraldatze katalitikoak arazoak sortzen ditu askotan operatibitatearen aldetik eta katalizatzailea desaktibatzearen aldetik. Izan ere, berotzen denean, bioolioaren osagai diren konposatuen frakzio batek hondar solido bat eratzen du (lignina pirolitiko deritzona) erreaktorearen sarrerako hodietan eta erreaktorean berean metatzen dena. Ikertzaileek tesirako erabili duten bioolioa IK4-Ikerlanen instalazio batean lortu da.

Diseinu propioko erreakzio-ekipo bat
Bioolioa erabiltzeak sortzen dituen arazoak konpontzeko, diseinu propioko erreakzio-ekipo bat erabili da, bi etapakoa: termikoa eta katalitikoa. Etapa termikoan (bioolioa berotzen denekoan) lignina pirolitikoaren jalkitze kontrolatua egiten da, eta horrekin gutxitu egiten dira arazo operatiboak eta katalizatzailea desaktibatzearen arazoa. Hala, etapa termikoan lortzen diren konposatuak errazago eraldatzeko modukoak dira.

Horretaz gainera, hirugarren etapa bat ere gehitu zaio prozesuari, CO2-a harrapatzearena, hartara H2-aren ekoizpena handitzeko, hidrogeno puruagoa lortzeko eta isuri kutsagarri gutxiago gertatzeko. Erreakzio-ohantzean CO2-a harrapatzeko adsorbatzaile bat erabiltzean datza prozesua. "Erreakzio-ohantzetik CO2-a ezabatzean, erraztu egiten dugu erreakzio-oreken desplazamendua, eta, horren ondorioz, errendimendu handiagoa eta hidrogeno-ekoizpen handiagoa lortzen da", dio Remirok.

Ikertzaileak nabarmentzen du erreakzio-ohantzean CO2-a harrapatzeak hobekuntza dakarrela, purutasun handiko hidrogenoa lortzen delako (ia % 100eko purutasuna), CO2-a harrapatu gabeko eragiketarena baino tenperatura baxuagoan.

Egileari buruz
Aingeru Remiro Eguskiza (Santurtzi, 1982). Ingeniaritza Kimikoan doktorea da, eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Sailean egin du tesia. Zuzendariak Ana G. Gayubo Cazorla eta Javier Bilbao Elorriaga izan dira, Ingeniaritza Kimikoaren Saileko katedradunak biak. Ikertzaileek tesirako erabili duten bioolioa IK4-Ikerlanen instalazio batean lortu da, eta zenbait analisi UPV/EHUren Ikerketa Zerbitzu Orokorretan (SGIker) egin dituzte.

Ekitaldiak