Bizkaiko Campusa

Irudia

Albisteak

"Lan Harremanak" aldizkariak monografikoa eskaini dio krisi garaietako lan- eta gizarte eskubideei

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/13

Irudia

UPV/EHUko Lan Harremanen Unibertsitate Eskolak argitaratuta, PPren erreformak edota pentsioek Europan bizi duten egoera bezalako gaiak aztertzen ditu.

UPV/EHUko Lan Harremanen Unibertsitate Eskolak Lan Harremanak aldizkariaren 26. zenbakia argitaratu berri du. Ale monografiko honen izenburua "Lan- eta gizarte-eskubideak krisi garaietan" da, gai hau ikuspegi desberdinetatik lantzen dituzten sei artikulu biltzen dira bertan.

Nieves Arrese UPV/EHUko Administrazio Zuzenbideko irakasleak zuzentzen duen aldizkari honek bere aurkezpenean azaltzen duen bezala, "alearen izenburua erabakita zegoen Espainiako gobernuak lan- eta gizarte-arloan abian jarri dituen murrizketak hasi zirenerako. Beraz, artikuluak eskatu zirenean, ez zen kontuan hartu ikuspegi hau. Hala ere, azkenean errealitatea nagusitu da, eta artikulu gehienek gaitzat hartzen dituzte murrizketa horiek dagozkien arloetan izaten ari diren eraginak".

Aldizkariko artikuluen edukiari dagokionez, Juan Hernández irakasleak fundamentalismo kapitalista kritikatzen du, haren adierazle nagusiak, mugarik gabeko merkatuak, ezbaian jarri duelako Zuzenbidearen eginkizuna eta, hortaz, herritarren gizarte-eskubideak. Ideia bera aldezten du Mikel Urrutikoetxea irakasleak, nahiz eta beste ikuspegi batetik. PPren gobernuak eginiko erreformetatik abiatuta, agerian uzten du nola gobernuaren jarduteko moduak eta erabilitako erretorikak krisiaren banaketa ez ekitatiboa ezkutatzeko helburua duten.

Olga Fotinopoulou irakasleak bereziki erreparatzen dio gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko sistemen indartzeari, negoziazio kolektiboko sisteman egin diren azken erreformen baitan. Carlos Bravo eta Enrique Martín-Serranoren artikuluak, berriz, Europar Batasuneko pentsio-sistemen erreforma aztertzen du, azken hamarkadetako fenomeno demografikoek eta ziklo ekonomikoek eraginda. Alde horretatik, gizarte-babes desberdinak eskaintzen dituzten bi eredu aipatzen ditu: alde batetik, gizarte eragileen eta gobernuen arteko negoziazio eta akordio zabaletan oinarritzen den eredua; bestetik, alde bakarreko ekimenez ezartzen dena.

Jaime Fernández Ortek aztergai hartzen du 27/2011 Legeak erretiro-pentsioen erreforman duen eragina. Bere esanetan, erreforma hori gizartearen zati handi kalterako izango da, eta bereziki emakumeen kalterako. Eta amaitzeko, José Manuel Quintanak gogoeta egiten du flexisegurtasunaren ideiari buruz. Lan arloan flexibilitatea edo malgutasuna sendotu nahi duen ideia bat da, "segurtasun" kontzeptuaren barnean sartzen diren neurri konpentsatzaile batzuen truke.

Monografikoaz gainera, beste artikulu bi ere biltzen ditu Lan Harremanak aldizkariak bere atal irekian. Zehazki, Jaime de Hocesek bitartekaritzari erreparatzen dio, auzibidetik kanpo ebazteko sistema gisa, eta sistema horretaz arduratuko diren pertsonen prestakuntza egokiaz ohartarazten du. Eta bestalde, Ángel Olaz irakasleak erakundeen garapenerako giltzarritzat duen elementu bat aztertzen du: pertsonaren egokitzapen profesionala lanpostura.

"Lan Harremanak" aldizkariaren 26. aleko artikuluak:

"La crisis de los sistemas de regulación en la Unión Europea"
Juan Hernández Zubizarreta

"Las reformas del PP: autoritarismo, retórica y restricción de derechos"
Mikel Urrutikoetxea Barrutia

"Las reformas laborales y el arbitraje obligatorio: algunos problemas (reflexiones a propósito del acuerdo de la Comisión Paritaria del Preco de 20 de octubre de 2011)"
Olga Fotinopoulou Basurko

"Las reformas de pensiones en Europa: alternativas negociadas vs. el modelo del Libro Blanco"
Carlos Bravo Fernández eta Enrique Martín-Serrano Jiménez

"La reforma de la pensión de jubilación realizada por la Ley 27/2011"
Jaime Fernández Orte

"¿Flexibilidad laboral, flexiseguridad o flexplotación?"
José Manuel Quintana Hernández

ATAL IREKIA:

"Incongruencias en la regulación de la formación de la persona mediadora"
Jaime de Hoces Utrera

"Propuesta de un modelo explicativo de adecuación de personas a puestos de trabajo basado en la integración de competencias e inteligencias múltiples"
Ángel Olaz