Bizkaiko Campusa

Albisteak

Unibertsitate arteko telelankidetza, emaitza akademikoak hobetzeko

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/09

Ana Sánchez eta José Miguel Blanco ikasle batzuekin

UPV/EHUko ikertzaileek urruneko lankidetzako lan-esperientzia bat diseinatu dute.

UPV/EHUko Hizkuntza eta Sistema Informatikoen Saileko irakasle Ana Sánchezek eta José Miguel Blancok, Errioxako Unibertsitateko Matematika eta Konputazio Saileko irakasle Arturo Jaimerekin eta César Domínguezekin batera, bi unibertsitateen arteko esperientzia bat garatu dute, telelankidetza sistematikoki erabiliz. Datu-baseei buruzko bi ikasgairen barruan -bakoitza unibertsitate batekoa- garatu da proiektua, eta bien arteko antzekotasunek eta desberdintasunek talde heterogeneoak sortu dituzte. Ikerketaren emaitzak Computers & Education aldizkarian argitaratu dira. Bi urteko lankidetza-esperientziatik lortutako emaitzak eta ondorioak erakusten ditu argitalpenak.

"Gure proposamenak -azaldu du Ana Sánchezek- hiru helburu izan ditu. Lehenengoa, parte-hartzaileen errendimendu akademikoa hobetzea (aurkeztuen eta gaindituen ehunekoa igotzea, eta bi ikasgaien azken azterketako notak hobetzea). Bigarrena, zeharkako gaitasunak hartzea (taldean lan egiteko gaitasuna eta urrunetik lankidetzan aritzea). Azkena, ikasleek telelankidetzarako erabili dituzten tresnei buruzko ikerketa bat egitea".

Talde bakoitzak -unibertsitate bakoitzeko ikasle banaz osatua- datu-base bat sortzeko proiektu erraz baten faseak landu ditu, baldintza batzuk sortzetik hasi eta kontsultak egiteraino. Talde bakoitzeko kideen artean dagoen distantziak (150 km, gutxi gorabehera) baliabide telematikoak erabiltzera behartu ditu kideak, lankidetzan aritzeko. Gauza bera gertatu da parte hartu duten irakasleekin. Horri esker, telelankidetzarekin erlazionatutako zeharkako gaitasunak garatzen dira.

Telelankide gisa, unibertsitate bakoitzeko 36 ikaslek hartu zuten parte. Zerbitzari batean jarritako Moodle gela birtualak erabili ziren, eta bi unibertsitateetako irakasleak eta ikasleak sar zitezkeen han. Ikerketan, Errioxako Unibertsitateko kontrol-taldeak erabili ziren, eta haiek aurrez aurre egiten zituzten lanak beren unibertsitateko ikaskideekin.

Emaitza akademiko onak
Parte-hartzaileen errendimendu akademikoa nabarmen hobetu da -horixe zen gure lehenengo helburua-. "Ikusi genuen lankidetza-mota horrek lan eta hausnarketa gehiago eskatzen duela", gaineratu du Sánchezek. Ziurrenik arrazoi horrengatik beragatik, ikusi zen aurrez aurre lan egin duten lankideak kontentuago daudela egindako lanarekin. "Neurri batean, normala da; izan ere, telelankidetzak ahalegin handiagoa eskatzen duenez, telelankidetzan parte hartzen ari zenak aldi berean ikusten zuen aurrez aurre lanean ari ziren ikasleek denbora gutxiago behar zutela antzeko lan bat egiteko", dio. "Lanarekin kontentu egoteari buruzko galdera ez zegoen notarekin loturik, ikasleek ez baitzekiten zer nota zuten galdera hori egin zitzaienean".
Ikasleek urrunetik egin dute lan, ezagutzak trukatuz eta aurreikusitako lanak eginez. Beraz, praktikan jarri dituzte bigarren helburuan proposatutako zeharkako gaitasunak.

Telelankidetzarako tresna batzuk eskaini genizkien arren (erakundeko helbide elektroniko bat eta erakundeko plataforma bat, batzuek besteekin lan egin zezaten), ikusi dugu erakundeko helbide elektronikoa eta bi unibertsitateek zuzendutako foroak gutxi erabili zirela telelankidetzarako. "Ikasleek nahiago dute Interneteko beren ohiko tresnak erabili, hala nola helbide elektroniko pertsonala eta Tuenti sare soziala, kasu honetan", gaineratu du José Miguel Blancok.

Egileei buruz
Ana Sánchez eta José Miguel Blanco UPV/EHU Informatika Fakultateko Hizkuntza eta Sistema Informatikoen Saileko irakasleak dira. UPV/EHUko Datu Base Elkarreragileak ikerketa-taldeko kideak dira biak.

Erreferentzia bibliografikoa