Bizkaiko Campusa

Albisteak

Lineako zaurgarritasuna oso lotuta dago lineaz kanpoko zaurgarritasunarekin

Lehenengo argitaratze data: 2013/01/11

EU Kids Online proiektuak erresilientziari eta haurrek lineako arriskuei aurre egiteko moduari buruzko datu berriak eskaini ditu.

Lineako arriskuei aurre egin behar izateak ez du beti mina eragiten. Haur gehienak ez dira deseroso sentitzen linean arriskuekin topo egiten dutenean. Hala ere, lineaz kanpo beren emozioak, jokabidea eta gizarte portaera kudeatzeko zailtasunak dituzten adingabeak linean ere deseroso eta nahigabetuta sentituko dira ziurrenik.

EU Kids Online taldearen azken txostenaren arabera, arazo psikologikoak dituzten haurrek linean erreakzionatzeko gaitasun txikiagoa dute, alegia, lineako arriskuek kasu gehiagotan eta sakonago eragiten diete. Areago, pasibo agertzen dira, arazoa konpontzen saiatu ordez. Hiru arrisku mota ikertu dira: eduki sexualen agerpena, lineako jazarpena eta sexting-a. Txostenak gomendioak ere eskaintzen ditu.

Interneteko jarduera mugatuta duten adingabeek ez dute deserosotasun txikiagoa sentitzen lineako arriskuen aurrean, eta arazoei aurre egiterakoan ere ez dute modu proaktiboagoan erreakzionatzen. Lineako adingabeen erresilientzia akuilatzeko, egokiagoak dira monitorizazioko edo bitartekotza aktiboko estrategiak. Hortaz, gurasoei gogorarazi behar zaie gertu egon behar dutela adingabeak konektatzen direnean, adingabeen lineako jarduerei buruz hitz egiteko ohitura hartu behar dutela, haiekin zereginak partekatu behar dituztela, Interneteko erabilera seguruari buruzko aholkuak eman behar dizkietela eta linean zertan aritzen diren egiaztatu behar dutela. Hala ere, bitartekotza mota ezberdinen emaitzak arrisku motaren arabera alda daitezke.

Ongizate psikologikoaren garrantzia

Arrisku mota gorabehera, egonkortasun emozionalak arriskuen aurrean erreakzionatzeko gai izaten laguntzen du. Beren buruarengan konfiantza duten eta arazo emozionalik edo harremanetarako arazorik ez duten adingabeak ez dira hain deseroso sentituko eduki sexualekin, bullying-arekin edo sexting-arekin. Areago, arazo psikologikoak dituztenei kalte handiagoa egiten diete lineako arriskuek eta emozio negatiboek luzaroagoan irauten dute.

Txostenak dio, halaber, neskatoak sentikorragoak direla arrisku sexualekiko, adibidez eduki sexual baztergarriarekiko (lineako pornografia) eta sexting-arekiko (berdinen artean mezu sexualak trukatzea). Neskatoak mutikoak baino minduago edo atsekabetuago sentitzen dira.

Arazoari buruz hitz egitea, konpontzen saiatzea edo, besterik gabe, deskonektatzea

Nola egiten diete aurre adingabeek lineako arriskuei? Deseroso sentitu ziren adingabeei zerk sentiarazi zituen hala galdetu zitzaien. Aztertutako hiru arriskuei dagokienez, norbaiti kontatzea da estrategiarik ohikoena. Eduki sexualek deseroso sentiarazten dituenean, % 53k norbaitekin hitz egiten dute horri buruz. Sexting-aren kasuan, portzentajea % 60koa da eta, bullying-aren kasuan, berriz, % 77koa.

Bullying-a edo sexting-a bezalako harreman arrisku bati aurre egiten diotenean, hamar haurretik lauk mezuak ezabatzen dituzte edo bidaltzailea blokeatzen dute. Eduki arriskuek (esate baterako, eduki sexual baztergarriak) gutxiago eragiten diete, arazoa modu proaktiboan konpontzeko joera txikiagoa baitute. Erreakzio nolabait pasibo bat denboraldi batez ez konektatzea da; estrategia hau deseroso sentitu ziren adingabeen % 18k (sexting-a) eta % 25ek (irudi sexualak) erabili zuten.

Adingabe gehienek bizpahiru estrategia konbinatu ohi dituzte; mezuak ezabatu eta bidaltzailea blokeatu aldi berean egin ohi dira. Arazoari buruz hitz egiten duten adingabeek arazoa modu aktiboan konpontzen ere saiatzen dira askotan. Oro har, adingabe gehienen ustez, aukeratutako estrategia erabilgarria da. Eduki sexual deserosoen kasuan, % 82k uste dute onena mezua ezabatzea dela; lineako bullying-a dagoenean, % 78ren ustez aukerarik onena bidaltzailea blokeatzea da.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikerketaren Espainiako arduraduna den Maialen Garmendiaren iritziz: "Estrategia hauek erabiltzea adingabearen ongizate psikologikoaren arabera ere badago. Autoestimu txikia eta arazo psikologikoak dituzten adingabeek jarrera pasiboagoa edo fatalistagoa dute deseroso sentiarazten dituzten lineako arriskuen aurrean. Arazoa berez desagertzea espero ohi dute, edo denboraldi batez ez dira konektatzen, bidaltzaileak blokeatu edo haien mezuak ezabatu ordez".

Lineako adingabeen erresilientzia hobetzeko gomendioak

  • Lineako estrategia aktiboak (besteak beste, bidaltzaileak blokeatu eta mezuak ezabatu) nola erabiliz goiz erakustea.
  • Haurrei arazo psikologikoak gainditzen eta beren autoestimua hobetzen laguntzea. Arreta berezia eskainiko zaie neskatoei, arrisku sexualak direla eta.
  • Helduak interneten sar daitezen bultzatzea, ohiko erabiltzaile diren gurasoak seguruago sentitzen baitira seme-alabak interneten orientatzen dituztenean.
  • Irakasleen laguntzak ez du erresilientzia faboratzen, beharbada horiek ez dutelako konfiantza nahikoa beren gaitasun digitaletan. Hori dela eta, gomendagarriak dira irakasleen gaitasun digitalak hobetzeko programak.

Informazio gehiago nahi izanez gero:

"How to cope and build online resilience?" txostenak Europako adingabeen lineako esperientzia negatiboak eta horiei aurre egiteko modua aztertzen ditu. Txostenak sakon aztertzen ditu gutxienez behin lineako arriskuren batek deseroso sentiarazi zituztela adierazi zuten adingabeak (971 adingabe eduki sexualei dagokienez; 1.290 bullying-ari dagokienez; eta 567 sexting-ari dagokionez).