-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Kiroldegian, kirolean
-
‘Zinema eta Zientzia’ ziklo berria abian da
-
Teknika berri batek ozeanoen oinarri diren mikroorganismoen ezkutuko mundua ekarri du argitara
-
Ahozko historiak ikasleen enpatia eta motibazioa hobetzen ditu
Iker Barbero irakasleak Adam Podgórecki 2014 Nazioarteko Saria irabazi du
Garaikurrak ikerketa soziolegalean eskuratutako lorpenak aintzatetsi ditu
Lehenengo argitaratze data: 2014/07/28
Iker Barbero González UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Konstituzio Zuzenbidea, Administrazio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko irakasleak Adam Podgórecki 2014 Nazioarteko Saria lortu du, "ikertzaile emergente gisa azterketa soziolegalaren arloan lorpen bikainak eskuratzeagatik". International Sociological Association elkarteko Zuzenbidearen Soziologiako Ikerketa Batzordeak (Research Committee on Sociology of Law RC12) duela gutxi Yokohaman (Japonia) egindako urteko biltzarrean eman zuen garaikurraren berri.
"Sari hau jasotzeak izugarri pozten nau, arrazoi askorengatik. Batetik, ikertzen jarraitzeko estimulu bat delako, eta hori zientziaren arloan oso garrantzitsua da, askotan ziurgabetasunezko bidea eta bide prekarioa dela sentitzen dugulako, bereziki nire belaunaldikook. Bestetik, sariaren berri jaso bezain azkar, aurreko edizioetan nork jaso duen pentsatzen duzulako, profesionalki miresten dituzun pertsonak dira, eta bertigo pixka bat ere ematen du, saria eskuratzeak dakarren erantzukizunagatik. Azkenik, espero dut horrelako garaikurrek soziologia juridikoa bera eta gaur egungo gizartearen arazoak konpontzeko betetzen duen eginkizuna agerrarazteko balio izatea. EHUguneko zuzendari Joxerramon Bengoetxearekin batera, sare bat martxan jartzen ari gara, gizarte zientzietan eta zuzenbidean lanean ari garen guztiok elkar gaitezen. Gainera, zentro paregabea daukagu, Oñatiko Lege Soziologiaren Nazioarteko Erakundea, eta bertan diziplina honetako mundu mailako aditu onenak biltzen dira. 80ko hamarkadan institutua sortu zuen Francisco Javier Caballero Harriet jaunak Oñatin irakasten den Lege Soziologiaren nazioarteko masterra ikastera "animatu" ninduen, eta horri esker nago ni gaur hemen. Arlo honetan urte luzez lanean jarraitu nahi dut, horixe da nire nahia."
Iker Barbero UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Konstituzio Zuzenbidea, Administrazio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko irakaslea da. IKERBASQUE ikertzaile bisitaria izan da Open University-ko Centre for Citizenship, Identities and Governance ikastegian (2011-2013). Irakaslearen ikerketa ildo nagusiak lotura ezartzen du, batetik, gaur egungo herritartasun erregimen eta muga araudien eta, bestetik, etorkinen kolektiboak protagonistatzat dituzten erresistentzia ekintzen artean. Argitaratu dituen azken lanen artean, Globalización, Estado y ciudadanía: una análisis socio-jurídico del movimiento sinpapeles (Betiko Fundazioa/Tirant lo Blanch 2012), Orientalising citizenship: the legitimation of immigration regimes in the European Union (Citizenship Studies 16, 2012) edo Historia contemporánea de la alteridad en el Derecho de extranjería (Revista de estudios políticos 164, 2014) nabarmendu behar dira.
Adam Podgórecki Nazioarteko Saria
International Sociological Association elkarteko Zuzenbidearen Soziologiako Ikerketa Batzordeak (Research Committee on Sociology of Law RC12) urteko sari bat ezarri zuen 2004ko bileran, Adam Podgóreckik eskuratutako funtsezko lorpenen eta batzordean zuen tokiaren ohorez eta oroigarri. Gaur egun, ikerketa soziolegaleko lorpen bikainei ematen zaie saria, dela ibilbide historiko nabarmena izateagatik, dela ikertzaile emergente baten ibilbide bikainagatik (alegia, doktoretzatik hamar urte) . Saria lortu dutenen artean aipatu behar dira, besteak beste, Boaventura de Sousa Santos (Coimbrako Unibertsitatea, Portugal), Volkmar Gessner (Bremengo Unibertsitatea, Alemania), Terence Halliday (American Bar Foundation), David Nelken (Maceratako Unibertsitatea, Italia), Fatima Kastner (Hamburg Institute for Social Research, Alemania), Stefan Larsson (Lundeko Unibertsitatea, Suedia) edo Vincenzo Ferrari (Milango Unibertsitatea, Italia).