euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

3D inprimaketaren mugak zabalduko dituen erretxinen belaunaldi berria

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/03

Argazkia: Hevea3D

Hevea3D spin-offak 3D inprimaketaren egungo mugak gainditu eta ingurumen-inpaktu txikiagoa duten erretxinen belaunaldi berri bat garatu du. Teknologiak aukera berriak irekiko ditu automobilgintzan, robotika bigunean, kirolean, sektore aeroespazialean eta osasunean, besteak beste. Aplikazio potentzialen artean, neurrira egindako osagai elastikoen fabrikazioa dago, paziente bakoitzari egokitutako ortesi pertsonalizatuak kasu, gehiegizko kostuak baztertuz.

Egun, 3D inprimaketak dituen muga nagusietako bat propietate mekaniko aurreratuak dituzten materialen falta da, batez ere malgutasuna, elastikotasuna eta erresistentzia konbinatu behar direnean. Eskuragarri dauden erretxina komertzialak zurrunak eta hauskorrak izan ohi dira, eta honek aplikazio funtzionaletan nahiz eskakizun handiko industria-sektoreetan izan dezakeen erabilera murrizten du.

POLYMAT eta EHUren artean sortutako Hevea3D spin-offeko lantaldeak-3D inprimaketarako erretxinen belaunaldi berri bat garatu du, eta honi esker, kautxu industrialaren antzeko portaera mekanikoa duten piezak fabrika daitezke. Teknologiak emultsioko erretxina polimerikoak ditu oinarri, uretako pintura baten antzekoak eta argiaren bidez solidotu ahal direnak, jatorrizko propietateak galdu gabe.

Honela, pieza elastikoak geruzaz geruza fabrika daitezke moldeen beharrik gabe, garatzeko denborak eta hauei lotutako kostuak eta hondakinen sorkuntza nabarmen murriztuz. Horri esker, ordu gutxi batzuetan, diseinu digitaletik pieza funtzionalera

igaro ahal izango da, aldaketa nabarmena ezarriz fabrikazio-prozesu konbentzionalen aldean.

Teknologia honek aukera berriak irekiko ditu automobilgintzan, robotika bigunean, kirolean, sektore aeroespazialean eta osasunean, besteak beste. Aplikazio potentzialen artean, osagaien fabrikazioa dago, paziente bakoitzari egokitutako ortesi pertsonalizatuak kasu, gehiegizko kostuak, prototipatu funtzionala eta erretxina aurreratuen merkaturatzea baztertuz.

Industrian izango duen inpaktuaz gain, Hevea3Dren proposamena jasangarritasunaren ikuspegiagatik ere nabarmendu da. Ura oinarri duen fabrikazio gehigarriko sistema denez gero, disolbatzaile kaltegarrien erabilera minimizatuko du inprimaketan zein prozesu ondoko faseetan, lehengaien kontsumoa eta hondakinen sorkuntza nabarmen murriztuz.

Teknologia honen garapena POLYMATen, EHUren eta Arizona State University unibertsitate estatubatuarraren arteko elkarlanaren emaitza da, Ikerbasque bezalako erakundeek babestua. Berrikitan, proposamenaren potentzial zientifiko eta teknologikoa aitortu da inpaktu handiko ezagutza-transferentziarako ekimenak aldarrikatzea xede duen 2025eko Manuel Laborde Sariaren bitartez.

Hevea3D teknologia honen industrializazioan lan egiten ari da, material polimerikoetan izandako aurrerapen zientifikoak industria-sareari zuzendutako egiazko soluzioetara eramateko asmoz.

*Ikerketaren bideoa: https://youtu.be/S5sp455lrkQ