euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

4.000 ikasle inguruk eman du izena ikasketa amaierako ekitaldi bateratuan

Ekainaren 12an San Mamesen egingo du EHUk unibertsitate publikoaren aldeko ekitaldia

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/28

EHUren ikasketa amaiera bateratua unibertsitate publikoaren aldeko ekitaldia izango da. Hala ulertu dute hiru campusetako ikastegietan; izan ere, fakultate eta eskola guztietako ordezkariak egongo dira San Mamesen. Zelaia hartuko dute graduko azken urteko ikasleek eta graduondokoek. Izen-ematea itxita ia 4.000 ikaslek egin du eskaria San Mamesen egoteko.

 

Hiru campusetako ikasleek eman dute izena ekainaren 12rako. Izen-ematea itxi berritan ia 4.000 gradu eta graduondoko ikasle inskribatu dira. Haietarik, graduko azken urteko ikasleen % 16,5ek Arabako Campusean ikasten du; % 68,5ek Bizkaian eta % 15ek Gipuzkoan. Hala, hiru campusak egongo dira ordezkatuta ekitaldi bateratuan.

Zelaia aulkiz beteko da, izena eman duen ikasle bakoitzak berea bete dezan. Taldeka antolatuta egongo dira, ikastegika, zehazki. Izan ere, ezagutza arlo bakoitzari dagokion koloreko banda eta txapel bana jasoko dute ikasleek eta aldean dutela sartuko dira zelaira, hainbat segiziotan. Zain izango dituzte publiko gisa hurbilduko diren senide eta lagunak; hauek estadioko gradetan egongo dira. Eta, aurrez aurre, eskenatoki handian agintari akademikoek hartuko dute lekua. Aurreko lerroetan eseriko dira komitiba nagusian sartuko diren doktoreak. Hortik aurrera, inoiz ikusi gabeko ekitaldia hasiko da.

Mimoz antolatu du EHUk ekainaren 12koa. Erronka handia izan baita ikasleen eskariz sortu den ekimena antolatzea. Baina dena prest dago, bai ikuspegi akademikotik bai unibertsitate publikoa ospatzeko ikuspegitik ere. Horixe ere badagoelako ekimenaren muinean: EHUren ordezkaritza zabala erakustea eta jendaurrean bistaratzea euskal unibertsitate publikoaren handitasuna.

Horregatik ere, ekitaldian parte hartuko duten guztiak EHUko kide dira edo izan dira; aurkezleak, musikariak, bertsolariak, hizlariak, saridunak… Izan ere, EHUn ikasi duten eta ibilbide profesional azpimarragarria duten eta izan duten ikasle ohiak sarituko dira ekainaren 12an, EHUalumni 2026 sariekin. Zaila izan da aukeraketa, asko eta asko izan direla urte hauetan guztietan EHUn ikasi eta profesionalki ibilbide oparo izan duten herritarrak. Hori dela eta, hainbat belaunaldietako bost emakume eta gizon bat omentzea erabaki da, ekonomia, ingeniaritza, zuzenbidea eta kirol arlokoak: Sofia Arribas arkitekto eta diseinatzaileak, Itxaso Ariza ingeniariak, Iñigo Lamarka abokatu eta EHUalumniko lehenengo presidenteak, Teresa Madariaga ekonomialari eta enpresa kudeatzaileak, Carmen Mijangos kimikari eta Zientzia eta Teknologia Fakultatean ikasi zuen lehenengotariko emakumeak eta Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohiak jasoko dute 2026ko EHUalumni saria. Unibertsitate publikoaren balioen ordezkari gisa jasoko dute omenaldia ekainaren 12koan.

Ikusmina ere eragin du ekitaldiak. Izan ere, zuzeneko emankizunak ere antolatu dira. Iragarri moduan, San Mamesen arituko dira Janus Lester eta Nøgen taldeak eta Maialen Lujanbio Zugasti eta Amets Arzallus Antia bertsolariak.

Eta ikasketa amaierako zeremonia ekitaldi akademiko gisa irudikatzeko dibulgazio zientifikoa ere egongo da; kasu honetan Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu eta EHUko katedradunaren eskutik, ekitaldiko aitabitxi gisa.

Palestina gogoan

Euskal Herriko Unibertsitateak Palestinaren kontrako erasoak salatuz hasi zuen ikasturtea irailean eta, ildo horretan, ikasturte amaierakoan ere keinu bat eduki nahi izan du Gazarekin. Hala, Palestinako musikariz osatutako Sol Band Gaza taldeko abeslariak ere parte hartuko du ekitaldian.

Ekainaren 12koa gradua amaitzera doazen ikasleen senide eta lagunei ez ezik, EHUn ikasi duten guztiei dago irekita eta, oro har, unibertsitate publikoa ospatu nahi duen orori. Sarrerak salgai, 19,95 euroan, ehu.eus webgunean.