Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak, biak Leioako campusean, eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA I), Gipuzkoako campusean, izango dira lehenak ongietorria ematen 2026-2027 ikasturteko lehen mailako ikasleei . Hain zuzen, bihar, irailak 3, izango dituzte aurkezpen saioak ikastegi bietan. Aurkezpen gehienak, ordea, datorren astelehenean egingo dira eta hilaren 8rako graduko ikasle guztiak klasean izango dira.
-
8.600 ikasle berrientzako aurkezpen saioak hasiko dira bihar EHUn
-
EHUko talde batek dekagono formako egitura bat aurkitu du Saturnoko hodeietan
-
40 urte matematikak lantzen Bilbon
-
Nolakoa zen unibertsoa unibertsoaren aurretik: hutsune kuantikotik galaxietara
-
EHUk lehen aldiz hartu ditu Zientzia Esperimentalen Didaktikaren Topaketak
8.600 ikasle berrientzako aurkezpen saioak hasiko dira bihar EHUn
Irailaren 14an, astelehenean, Arabako Campusean izango da kurtso berriaren inaugurazio ekitaldia; eskola gehienak, aldiz, datorren astean hasiko dira
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/02
Graduko lehen mailako matrikula egiteko azken bi epeak irailaren 3an eta 8an beteko dira, oraindik plazaren bat libre duten hogeita hamar titulazioetan. Oraingoz, Euskal Herriko Unibertsitateak 8.605 ikasle berri ditu. Horien artean, 365 Kolonbia, Maroko, Errumania, Peru, Txina, Frantzia eta Italia, Nikaragua, Portugal, Mexiko, AEB, Errusia, Pakistan, Jordania edo Ukraina bezalako 56 herrialdetakoak dira. Guztira, 2026-2027 ikasturtean, azken datuen arabera, 35.636 lagunek egingo dituzte graduko ikasketak EHUn
Lehen mailan kasle kopuru handiena duen gradua Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua da, Bizkaiko Campusean, 298 ikaslerekin; titulazio hori Gipuzkoako eta Arabako campusetan ere eskaintzen da, eta guztira 640 ikasle berri ditu. Bestalde, momentuz, gutxieneko notarik altuena duen gradua Odontologia da, 12,5ekin.
Aurten ezagutza arlo guztietako 108 gradu eskainiko ditu EHUk, euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez. Horietatik, 16 gradu dualak dira eta 15, gradu bikoitzak. Aurten, gainera, Industriari Aplikatutako Zibersegurtasuneko Ingeniaritzako Gradu berria hasiko da, 41 ikaslerekin. Beste hiruk euren planak (Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua eta Nautika eta Itsas Garraioko Gradua) edo izena eta diseinua (Itsasontzien Makineriako eta Mantentze Lanetako Gradua) berritu dituzte eta matrikula ere itxi dute.
Graduondokoei dagokienez, matrikula oraindik zabalik dago. Eskaintzak 113 unibertsitate master (horietatik 8 Erasmus Mundus dira eta 4 Sare Latinoamerikarrekoak); etengabeko prestakuntzako 48 master (27 etengabeko prestakuntzako master, 8 unibertsitate espezializazio eta 13 unibertsitate aditu) eta 67 doktorego programa hartzen ditu. Orain arte, sarbide berriko 2.290 pertsona matrikulatu dira unibertsitate masterretan.
Ikasturtearen inaugurazio ofizialeko ekitaldia
2026-2027 ikasturtearen inaugurazio ekitaldia irailaren 14an izango da, astelehena, 11:30ean Arabako Campusean, zehazki, Letren Fakultatean. Joxerramon Bengoetxea errektorea izango da ekitaldiaren buru, eta euskal gizarteko eta beste unibertsitate batzuetako ordezkariek ere hartuko dute parte. Mahai nagusian izango dira, errektorearekin batera, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias, Leire Garmendia EHUko Idazkari Nagusia eta Ixone Fernandez de la Bastida, Arabako Campuseko errektoreordea. Aurten ez da Imanol Pradales lehendakaria izango EHUren ikasturtearen irekiera ekitaldian. Bestalde, Inmaculada Tazo Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaileak emango du aurtengo irekiera hitzaldia, ‘Sistemas de género en las ingenierías industriales’ izenburuarekin.