euskaraespañol

Redes sociales campusa

Abian da VI. Gladys Saria

Ekainaren 1era arte aurkeztu daitezke hautagaitzak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/16

Ezkerretik eskubira: Nerea Embeitia (Euskaltel Fundazioa), Olatz Arbelaitz (EHU), Nerea Isasi (Gipuzkoako Foru Aldundia), Lorea Arakistain (Puntueus Fundazioa), Noemi Ostolaza (Emakunde) eta Iker Usabiaga ( Danobatgroup) | Argazkia: PuntuEUS

Puntueus Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, Gladys Sariaren edizio berria abiatu dute. Sari honek ingurune digitalean lanean ari diren emakume gazte euskaldunak aitortu eta saritzea du helburu, gazteentzat erreferente berriak sortuz eta emakumeen talentua teknologiaren esparruan nabarmendu.

Gladys del Estal (1956 - 1979) informatikariaren izena daraman sari honek, haren oroimena omentzeaz gain, egungo gizarte digitalaren erronkei erantzuten dieten emakumeak jarri nahi ditu fokuan. Aurreko edizioetan Ane Iturzaeta, Olatz Perez de Viñaspre, Amaia Abanda, Lorea Argarate eta Usue Mori bezalako profesionalak saritu ostean, deialdi berri honek Euskal Herriko emakume teknologoen sare indartsua elikatzen jarraitu nahi du.

Puntueuseko Lorea Arakistainek pozik iragarri du edizio berria: "Oso harro gaude emaitzekin. Gero eta hautagaitza gehiago jasotzen ari gara eta oihartzuna ere gero eta handiagoa da; sarituei egiten dien ekarpenaz gain, gizartean duen eragin positiboa funtsezkoa da gure helburuak lortzeko".

Gladys Saria 2021ean sortu zen, euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Bost urteko ibilbidean, gero eta interes handiagoa piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea.

Hasiera hasieratik, sariaren helburu nagusia emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea izan da. Zentzu horretan, Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko ordezkariak hezkuntzatik hasitako aniztasunaren garrantzia nabarmendu du: "Etorkizun hurbilean izango ditugun erronka teknologikoei aurre egiteko ezinbestekoa izango da lantaldeak anitzak izatea, eta hori posible izan dadin, ezinbestekoa da informatika eta teknologia ikasketetara gerturatzen den ikaslegoa bera ere anitza izatea".

Erakundeen babesa eta egiturazko erronkak

PuntuEUSek eta EHUk sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta bidelagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EiTB eta EHUko Berdintasun Zuzendaritza. Aurkezpenean parte hartu duten eragile guztiek bat egin dute diagnostikoan: emakumeen presentzia sustatzea ez da soilik justizia kontua, etorkizunerako ezinbesteko baldintza baizik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Foru Organotik, Nerea Isasik sariaren balio sinbolikoa eta praktikoa gogorarazi ditu: "Ekimen honek emakumeen berrikuntza-lana lehen lerroan jartzen du eta iruditeria kolektibo berri bat eraikitzen laguntzen du, belaunaldi gazteenen artean bokazio berriak piztuz".

Ildo beretik, ikuspegi sistemikoago batetik, Emakundeko Idazkari Nagusi Noemi Ostolazak paradigma aldaketa eskatu du: "Genero-arrakala ez da soilik presentzia kontua; zientziak duen ikuspegi androzentrikoarekin bukatu behar da. Egiturazko aldaketa bat behar dugu, berdintasuna modu sistemikoan txerta dadin".

Industriaren bideragarritasuna eta lidergoa

Gizarte-aldaketa horrek isla zuzena du esparru ekonomikoan ere. Danobatgroupeko Iker Usabiagak sektorearen bideragarritasunari buruzko oharra egin du: "Ezin dugu industria eraldatu emakume kopuru nahikorik ez badago. Talentua sustatzea ez da soilik berdintasun-kontua; industriaren etorkizunerako behar estrategikoa da".

Behar estrategiko horri erantzuteko, profesionalen jarreran eta ahalduntzean eragitea ezinbestekotzat jo du Nerea Enbeitak, Euskaltel Fundazioko zuzendariak, lidergoan jarriz arreta: "Prestakuntza ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Lidergoan eta autoestimuan heztea funtsezkoa da, emakumeek lideratzeko gai direla sinets dezaten".

VI. edizioko xehetasunak

Abian den edizioan 40 urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute; ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna.

Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu daitezke ekainaren 1era arte. Irabazleak 4.000 euroko ordainsaria jasoko du.

Aurreko edizioetako saridunak:

2021: Ane Iturzaeta Agirre

2022: Olatz Perez de Viñaspre

2023: Amaia Abanda Elustondo

2024: Lorea Argarate Zubia

2025: Usue Mori Carrascal