euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Abian da Zientzia Astearen 25. edizioa, EHUko zientzia-dibulgazioaren jaialdi nagusia

Donostian doako 30 jarduera baino gehiago eskainiko dira. Adin guztietako publikoak EHUn ikerkuntzan aritzen direnekin zientzia ikusi, entzun, sentitu eta hitz egiteko aukera edukiko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/12

Donostian Zientzia Astearen 25. edizioa, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea, gaur hasi da, azaroak 6. 25 urteko ibilbidea osatu du Euskal Herriko Unibertsitateak zientzia modu atsegin eta dibertigarrian gizartera hurbiltzen, eta hori ospatzeko programazio berezia antolatu du. Aurtengo gaia plastikoen ingurukoa da, ‘Zientzia plastikorik gabeko planeta baten alde’ lelopean.

Inaugurazioan egon dira Juana Goizueta, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako foru zuzendaria, eta Nerea Jaureguizar, EHUko Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko zuzendaria.

30 jarduera baino gehiago Donostiako Tabakaleran

Donostian, azaroaren 6tik 9ra, Tabakaleran doako 30 jarduera baino gehiago izango dira: 10 txoko, 9 tailer, 2 ibilbide didaktiko, ozeanoaren babeserako herritarren zientzia, energetikoki eraginkorrak diren eraikinak, azaleratzen ari diren materialak, paleontologia, fisika eta musika-uhinak, astronomia edo konputazio kuantikoa bezalako gaien inguruan.

Gainera, adimen artifizialari eta mikro eta nano-plastikoei buruzko bi hitzaldi emango dira, eta unibertsitate arteko eztabaida bat egingo da Global Innovation Day programaren barruan. Zientzia Clubeko bakarrizketak ostiralean, azaroaren 7an, izango dira, 19:30ean. Larunbatean, azaroak 8, Aytami Soto dibulgatzaile ezagunarekin historiako aurkikuntzarik handiena ikusi ahal izango da. OCEANUS PLASTICUS erakusketa ere ikusgai izango da azaroaren 6tik 8ra bitartean.

Tailer eta ibilbide didaktikoetarako online izen-emateak itxita daude. Hala ere, plazarik geratzen bada parte hartu ahal izango da, Tabakalerara hurbilduz, ekimena hasi baino lehentxeago. Gainerako jardueretarako sarbidea librea da, edukiera bete arte.

Ikastetxeen parte-hartzea

Publiko orokorrarentzako programazioaz gain, aurten ere, Gipuzkoak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 800 ikasle inguruk txokoak eta tailerrak bisitatuko dituzte goizez, lanegunetan. Argazki Geologikoaren XVII. Lehiaketan ere parte hartu ahal izango dute.

Zientzia Astea Bilbon (Bizkaia Aretoan, azaroaren 5etik 9ra) eta Barakaldon (Clara Campoamor zentro zibikoan, azaroaren 5etik 9ra) eta Gasteizen ere (Bibat museoan, azaroaren 6tik 9ra) ospatzen da.

Zientzia Astea 2025 EHUk antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Donostiako Udalaren, babesarekin. Jardueretako batzuk Europako Batzordeak finantzatutako G9-Science4All eta ORE4Citizens proiektuetan kokatzen dira, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) ekintzen bidez. Ekimen hori Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena da, eta Horizonte Europa, EBko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Programaren barruan kokatzen da.


Informazio gehiago Zientzia Astearen webgunean.