Arantzazu Luzarraga Iturrioz Arkitekturan doktorea eta paisajista da, baita EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan irakasle eta ikertzailea ere. Bere lanaren helburua da gizartearen beharretara egokitzen den hiri-diseinua bultzatzea, naturak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz.
-
Gradu eta graduondo amaiera ekitaldi bateratua ospatuko du EHUk San Mamesen ekainaren 12an
-
EHUk atsekabea erakutsi du Garaikoetxearen heriotzagatik: "Euskal unibertsitate publikoa zorretan dago berarekin"
-
Sexua aldagai saihetsezina ikerketa biomedikoan
-
Non dago armairu hau?
-
‘Bullying’a ikasgelan jaio eta Interneten hedatzen da adingabeen artean
Arantzazu Luzarraga Iturrioz: "Hiriko zoladura gogorrari zulo bat egin behar diogu, lurrak berriro arnasa hartu dezan"
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/25
EHUpodcasten zazpigarren atal honetan, arkitekto bizkaitarrak natura eta teknologia uztartzen dituen hiri-diseinu jasangarria defendatu du. Euri-lorategietatik hasi eta 3-30-300 arau ezaguneraino, azaldu du naturaren soluzioetan oinarritutako diseinu jasangarriak gizartea nola kohesionatu dezakeen. Era berean, memoria kolektiboa zaintzearen garrantzia aldarrikatu du, eta argitu du teknofosilak zer diren.
Euri-lorategiak eta altzariak hiri-oasiak sortzeko
Luzarragaren lanaren ardatz nagusia teknologia eta natura uztartzean datza, gaur egungo gizarte- eta ingurumen-beharrei erantzuteko. Horren adibide da Juan Sadabarekin batera Ekopol ikerketa taldean garatutako Urban Oasis proiektua, sektoreko enpresekin elkarlanean. Hiri-altzariak eta euri-lorategien diseinua uztartzen duen ekimen honek naturaren funtzionamenduan oinarritzen da hirian espazio atseginak eta freskoak sortzeko xedearekin. Euri-lorategi bat lurreko sakonune txiki bat da, euri-ura jaso, kutsatzaileak iragazi eta lurpeko ura kargatzeko diseinatua. “Gure prototipoak forma zirkularra du, jendea elkarrekin esertzera eta giro freskoago batean egotera gonbidatzeko", azaldu du Luzarragak. Prototipo hau Getxoko kale batean probatzen ari dira, eta helburua da hirietako uholde puntualak murriztea, "hormigoizko azala" zulatu eta lurrari bere ziklo naturala berreskuratzen laguntzen zaion bitartean.
Hirigintza parte-hartzailea eta 3-30-300 araua
Elkarrizketan zehar, arkitektoak hirigintza inklusiboaren eta gizarte-kohesioaren garrantzia azpimarratu du. Luzarragak defendatzen duen ereduak 3-30-300 araua du helburu: Etxetik 3 zuhaitz ikustea; auzoan %30eko zuhaitz-estaldura izatea, eta etxetik 300 metrora parke publiko bat izatea. Gaur egun, Balmasedako gaztelurako igoera diseinatzen ari da Urtzi Llanorekin batera, ondare kulturala eta paisaia uztartuz, eta betiere herritarren parte-hartzea bilatuz.
Teknofosilak eta industriaren memoria
Luzarragak bere alderdi esperimentalena ere erakutsi du elkarrizketan, bereziki Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuaren bidez (2022ko CAF-Elhuyar sorkuntza bekaren irabazlea). Ikerketa honek Bizkaiko kostaldeko industria-aztarnak kartografiatzen ditu, "teknofosilak" deiturikoak aztertuz: gizakiak sortutako eta erregistro geologikoan geratu diren materialak (plastikoak, metalak, hondakin industrialak). Ikerlariaren ustez, aztarna horiek ezabatu beharrean (hondartzetan hare zuri artifiziala botata, adibidez), gertatutakoa ulertzeko eta memoria historikoa gordetzeko baliatu beharko lirateke.
EHUpodcast: zientzia entzungai
“Entzun ta zabal zazu” lelopean, EHUpodcast Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) plataforma da. Helburu nagusia da ezagutza zientifikoa gizartera hurbiltzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta publiko orokorraren jakin-mina piztea. Hileroko proiektu hau Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak bultzatu du, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen laguntzarekin. Elkarrizketak Tania Arriaga irakasleak koordinatu eta aurkezten ditu, Bitartez ikerketa-taldearen inplikazioarekin. Podcastak euskaraz edo gaztelaniaz egiten dira, eta transkripzioak ingelesera ere itzulita eskaintzen dira, edonork eduki horietara sarbidea izan dezan.
Dagoeneko entzungai ohiko plataformetan, EHUpodcasten, eta Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren web orrian.