Itsas ingurumenaren eta baliabideen ikerketari buruzko nazioarteko ikasturtea abian jarri da
25 herrialdetako 51 ikaslek jasoko dute klima aldaketari, arrantzalekuei, biodibertsitatearen kontserbazioari eta litoralaren kudeaketari buruzko prestakuntza aurreratua
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/01/31
Itsas ingurumenaren eta baliabideen ikerketari buruzko graduondoaren 12. nazioarteko ikasturtea (RiMER 2018) Donostia-San Sebastiango Aquariumean inauguratu da (urtarrilaren 29a - otsailaren 2a); UPV/EHUk, AZTI-Tecnaliak eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioak antolatu dute. Mundu osoko 25 herrialdetako 36 master ikasle eta UPV/EHUko 15 doktoregai izango dira bertan. Ikastaro honek 12 urte daramatza martxan, eta 5 kontinenteetako 52 nazionalitatetik etorritako masterreko 330 ikaslek baino gehiagok egin dute, eta nazioartean entzutetsuak diren 73 zientzialarik eta ikertzailek eman dute. Edizio honetan, ikasgela berean izango dira UPV/EHUk koordinatzen duen Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterreko ikasleek (www.merconsortium.eu) eta Itsasoko Baliabide Biologikoen inguruko Erasmus Pluseko ikasleak (www.imbrsea.eu) –bertan ere unibertsitateak parte hartzen du–.
Aste honetan zehar, hainbat gai landuko dira, besteak beste: klima aldaketa, arrantza teknologia, arrantzarako baliabideak eta itsas biodibertsitatea. Ostiraleko saioan, UPV/EHUren Itsas Ingurumena eta Baliabideak doktorego programako doktoregaiek beren tesi proiektuak aurkeztuko dituzte; horrela, arlo horretan MER Partzuergoaren eremuan egin diren azken ikerketen ikuspegiaren berri emango da.
RiMER 2018a osatzeko, bigarren modulu bat egongo da; Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) izango da, ekainaren 18tik 22ra, eta hori izango da goian aipatu ditugun eta UPV/EHUren zentro horretan ematen diren masterren prestakuntza programako bigarren seihilekoko azken jarduera. Bigarren modulu horretan, honako gai hauek aztertuko dira: kostaldearen kudeaketa, ozeanoen osasuna eta itsas bioteknologia; mundu osoko beste 24 ikertzailek emango dute.
Erasmus Mundus eta Erasmus Plus masterrak
Otsailaren 5etik aurrera, ikasle horietako 36k ikasketekin jarraituko dute, 2019aren amaieran UPV/EHUk eta Europako beste 9 unibertsitatek Erasmus Mundus (2013-2019) edo Erasmus plus (2016-2022) bikaintasuneko Europako labelarekin ofizialki aitortutako masterraren titulu bateratua lortzeko.
MER masterreko ikasleek irailean hasi zituzten ikasketak, Bordelen edo Southampton-en; bertan, ozeanografiako eta itsas ingurumeneko formakuntza orokorreko lehen seihilekoa amaitu dute. IMBRsea masterreko ikasleek itsas biologia eta bioteknologia egin zuten lehen seihilekoan Gante, Faro, Oviedo, Brest, Napoles, Bergen edo Galwayn. Horiek guztiak, orain, UPV/EHUn sartuko dira; bertan, uztailera arte, gai zehatzagoetan prestatuko dira, batik bat, gai biologikoetan, bai PiE-UPV/EHUn, bai Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta AZTI-Tecnalian. Eta masterraren hirugarren seihilekoan gainerako unibertsitateetan espezializazio-ikasketak egiteko prestatuko dira. Gero, 5-6 hilez, beren ikerketa-lana egin beharko dute, munduko edozein lekutan, MER edo IMBRsea Partzuergoetako irakasleen edo harekin lankidetzan diharduten mundu osoko beste herrialde eta erakunde batzuetan dauden eta bikaintasun aitortua duten ikertzaileen ikuskaritzapean.
2006an hasi zenetik, 50 herrialde baino gehiagoko 300 ikaslek baino gehiagok MER masterra egiten dute; orain, aldatu egin da, Itsas Ingurumeneko Master Erasmus Plus gisa beste etapa bati hasiera emateko, aurtengo irailetik aurrera, 2022ra arte, bikaintasun aitorpenari eta Europako Batzordeak emandako 3,6milioi euroko diru-laguntzari esker (ikasleentzako 60 beka ditu).