euskaraespañol

pil-pilean

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Arkitektura- eta hiri-ondare garaikidea babesteko, kontserbatzeko eta birgaitzeko erronka

Erasmus Mundus ‘Architectural and urban contemporary heritage-ARURCOHE’ masterraren lehen graduazioa egin zuten

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/22

Ikasleak eta agintariak Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren kanpoaldean | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Erasmus Mundus Architectural and urban contemporary heritage-ARURCOHE’ masterreko 27 ikasleek beren diplomak jaso zituzten Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (bikaintasuneko programa hau koordinatzean dun erakundea da) egindako ekitaldian. Ikasleak mundu osoan zeharreko 27 herrialdetatik iritsitakoak dira: Pakistan, Albania, Brasil, Korea, Portugal, Grezia, Turkia, Mexiko, Txina, Paraguai eta Siria. Partzuergoa Turingo Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Eskola (Italia) eta Kaunaseko Teknologia Unibertsitateak (Lituania) osatzen dute. Nazioartean aukeratutako Arkitekturako eta Ingeniaritza Zibileko 27 ikasle onenek ikastaroaren lehen zatia (sei hilabete) UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, Donostian, egin zuten. Bigarren zatia (beste sei hilabete), aldiz, Turingo Unibertsitate Politeknikoan egin zuten eta, aldiz, hirugarrena (iraupen berekoa) Kaunaseko Teknologia Unibertsitatean edo Turingo Eskola Politeknikoan egin zuten. Gainera, hirugarren seihilekoan, bi astez beste egonaldi bat egin zuten Donostiako eskolan. Master Amaierako Lanak Turinen edo Kaunasen defendatu zituzten unibertsitate bakoitzeko irakasleek osatutako epaimahai mistoaren aurrean.

“Hauxe izan da masterraren lehen edizioa”, azaldu du Donostiako eskolako zuzendari eta irakasleak, Lauren Etxeparek. “Talde-lanaren emaitza izan den arren, Santiago Sánchez Beitia irakaslearen inguruan antolatutako proiektua da. Izan ere, hark aukeratu zituen gaia eta ikuspegia: arkitektura garaikidea, haren gaineko esku-hartzea eta zaintza. Gainera, berak bilatu zituen nazioarteko bazkideak eta zailena ere egin zuen: Europar Batasuna konbentzitzea masterra onartu eta finantza zezan. Horri esker, Eskolako irakasle batzuek nazioarteko masterrean, mundu osotik iritsitako ikasleekin, irakasteko aukera izan dute. Oso aberasgarria izan da guztiontzat, eta ez soilik irakatsi dudanagatik; izan ere, asko ikasi dugu ikasleek egindako lanei eta jarduerei esker”.

Rodrigo Pereira dos Reis, brasildarra, eta Areej Mahmood Awan, pakistandarra, dira masterrean parte hartu duten 27 ikasleetako bi. 300 eskaera baino gehiagoren artean egin zuten ikasleen aukeraketa. Areejek dioenez, esperientziak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Donostiak arrasto ezabaezina utzi diola eta masterra, akademikoki aberasgarria izateaz gain, "maila pertsonalean oso estimulagarria" izan dela onartu du. Hainbat arlotako profesional eta akademikoekin izandako "elkarrizketa aberasgarrietan" parte hartzeko izandako aukera azpimarratu du, "ezagutza eta perspektiba izugarria" eman baitizkiote. Arkitekto ospetsuek egindako obrak bisitatzeko eta horren anitza eta aditua den komunitatearekin ideiak partekatzeko aukerari esker, "esperientzia benetan eraldatzailea izan da”.

Esperientzia aberasgarria

Iritzi positibo bera du Rodrigo ikaskideak. Honela definitu du esperientzia: “zirraragarria, desafiatzailea eta oso aberasgarria zentzu askotan”.  Bere ustez, gaur egun arkitekturaren erronka handienetako bat gizartearen eta ingurumenaren arloko eskaera berriei erantzuteko egungo egitura eta hiriekin lan egitea da. "Alde horretatik, masterrak oso tresna tekniko baliotsuak eskaini zizkigun, hala nola 3D eskanerreko teknologiak, fotogrametria, puntu-hodeiak, 3D inprimaketa, patologien diagnostikoa eta askotariko egituren konponketa, hala nola hormigoiarena eta egurrarena, bai eta hiri-plangintzari aplikatutako partaidetza sozialeko metodologiak ere. Gainera, nire kasuan, arlo horretan doktoretza egiteko interesa dudanez, aukera garrantzitsua izan zen metodologia eta ikerketaren egituraketa bezalako alderdiak sakon lantzeko".

Biak ados daude arkitektura- eta hiri-ondare garaikidea babestea, kontserbatzea eta birgaitzea funtsezkoa dela dioen ideiarekin, baina, aldi berean, erronka handia ere badela diote. Rodrigok azaldu duenez, “ondare garaikidea aipatzen dugunean, gehienetan, XX. mendeko eraikuntzez ari gara. Arazo nagusietako bat denborari dagokionez hurbil dagoelako edo estilo arkitektoniko batzuek balio-galera jasan dutelako ondare aitortzarik ez izatea da. Baina erronka teknikoak ere badaude: eraikuntzako sistema eta material modernoen kontserbazioa (hormigoi armatua edo beirazko fatxadak, adibidez) eta eraikin horiek gaur egungo erosotasuneko eta energia-eraginkortasuneko estandarretara egokitzeko beharra, adibidez. Gainera, hiri-hazkunde bizkorraren eta XX. mendeko eraikin kopuru masiboaren ondorioz, gaur egun abandonu- edo degradazio-egoeran dauden eraikin, industrialde eta balio kultural handiko hiri eremu ugari daude".

Etorkizuneko hiriak

Etorkizunari begira, hiriak gero eta interkonektatuagoak, jasangarriagoak eta biztanleen behar aldakorren arabera moldagarriak izango dira. "Urbanizazio azkarra eta klima-aldaketa erronka handiak direnez, arkitekturak eta hirigintzak arreta handiagoa jarri beharko dute denborarekin eboluziona dezaketen espazio malgu eta erresilienteak sortzeko lanean. Zalantzarik gabe, baliabideen optimizazioan eta bizi-kalitatea hobetzen teknologiak funtsezko zeregina betetzen duen hiri adimendunak goraldian daudela esan dezakegu. Aldi berean, ordea, etorkizunera begira, garrantzi handia emango zaio ondarea zaintzeari eta hiriak guztiontzat inklusiboak eta irisgarriak izango direla bermatzeari. Nire ustez, arkitekturaren eta hirigintzaren etorkizuna berrikuntza jasangarritasunarekin eta gizakia ardatz duen diseinuarekin orekatzean oinarrituko da", azpimarratu du Areejek. Bere ikaskide Rodrigo ere bat dator etorkizuneko ikuspegi horrekin. Bere ustez, hiriak “jasangarriagoak izango dira, pertsonen arteko topaketarako pentsatuta daudenak, eta ez bakarrik autoetarako. Hiriek egungo erronka sozialei erantzungo diete, guzti-guztiontzako bizitza duinagoak eta osoagoak bermatuz".