euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Iberiar penintsulan aurkitutako haitzuloetako lehoi gazte baten eskeleto oso bakarra aurkeztu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/11/03

Arnoko mendigunean, Mendaron, aurkitu dira haitzuloetako lehoiaren (Panthera spelaea) aztarnak | Argazkia: GFA

Gorpuzkiak 2023an aurkitu ziren, Mendaroko koba batean, eta duela 31.500 urte inguru hildako bi eta hiru urte arteko ale batenak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak, batez ere, berreskuratu, leheneratu eta ikertzeko lanak finantzatu ditu, eta Burumendi Espeleologia Taldearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Aranzadiren parte hartzearekin egin dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak Arnoko mendigunean, Mendaron, aurkitu den haitzuloetako lehoi (Panthera spelaea) baten aztarnak aurkeztu ditu Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan. Aurkikuntza paleontologiko bikaina da; izan ere, dakigunez, Iberiar penintsulan orain arte aurkitu den espezie horretako ale heldugabe baten eskeleto oso bakarra da.

Egindako azterketen arabera, animalia duela 31.500 urte inguru hil zen, eta, ziur asko, bi eta hiru urte bitarteko arra zen. Aurkikuntzari esker, duela 14.000 eta 12.000 urte artean desagertutako espezie bati buruzko ezagutza handitu ahal izango da, bereziki, haren hazkundearekin eta garapenarekin lotutako alderdietan.

Aurkezpenean izan dira Goizane Álvarez, Kulturako foru diputatua; Enetz Ezenarro, Mendaroko alkatea; Xabier Kerexeta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bilduma eta Museoen arduradunak; Burumendi Espeleologia Taldeko kideak; eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Asier Gómez Olivencia eta Alvar Manjón ikertzaileak nahiz Antonio Casado Ikerketa Arduratsurako zuzendariak.

Goizane Álvarezek, bere hitzaldian, aurkikuntzaren balio zientifikoa eta ondare-balioa nabarmendu ditu, bai eta iraganeko lekukotza mota horiek babestearen garrantzia ere.

«Aurkikuntza honi esker, hobeto ezagutuko dugu nolakoa zen gure lurraldea duela milaka urte eta ulertu ahal izango dugu zein aberatsa den maiz oinpean ezkutatuta dugun ondarea. Horrelako aurkikuntzek iraganari buruz dakiguna handitzen dute, eta gogorarazten digute zein garrantzitsua den gure historia naturalaren parte dena ikertzea, babestea eta kontserbatzea», adierazi du diputatuak.

Aurkikuntza aparta Mendaroko haitzuloetan

Aurkikuntza 2023ko martxoan gertatu zen, Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeko zenbait kidek galeria berri bat aurkitu zutenean Ormola Bide Ondoko Leizean, Arno mendigunean dagoen barrunbe batean. Miaketan haitzuloetako lehoi baten gorpuzkiak aurkitu zituzten, horietako batzuk oraindik anatomikoki lotuta. Taldeak berehala jakinarazi zien aurkikuntza Gipuzkoako Foru Aldundiari, Aranzadi Zientzia Elkarteari eta Euskal Herriko Unibertsitateari.

Lehenengo balorazio zientifikoa egin ondoren, fosilak dokumentatzeko, induskatzeko eta berreskuratzeko prozesu bat jarri zen abian. Erauzketa lanak 2023ko abendutik 2024ko martxora bitartean egin ziren, Asier Gómez Olivencia paleontologoaren zuzendaritzapean. Berreskuratzeko zailtasun tekniko handiak egon ziren, barrunbearen ezaugarriak zirela eta. Eskeletoa sakabanatuta zegoen, bi bider bat metro pasatxoko azalera irregular batean, galeria estu eta malkartsu baten barruan.

Gorpuzkien segurtasuna bermatzeko, Burumendi Espeleologia Taldeak soka bidezko garraio-sistema berezia muntatu zuen, fosilak haitzuloko hormei jo gabe atera ahal izateko. Erauzketa lanetan hamar eta hamabost kide arteko taldeak aritu ziren.

Duela 31.500 urte bizi izan zen lehoia

Orain arte egindako analisiei esker, gorpuzkiak Panthera spelaea spelaea azpiespeziearenak direla identifikatu da; Goi Pleistozenoaren berezko azpiespeziea da. Erradiokarbono bidezko datazioak animalia duela 31.500 urte inguru hil zela ondorioztatu du. Letaginen azterketak iradokitzen duenez, arra zen; hezurren garapen eta fusio mailari esker, aldiz, bi eta hiru urte bitartean zituela zenbatetsi da.

Aurkikuntzaren garrantzia eskeletoaren osotasun mailan eta alearen adinean datza bereziki. Ezaugarri horien ondorioz, erreferentzia berezia da Iberiar penintsulako espezie hori aztertzeko. Haitzuloetako lehoiak Eurasiako eremu zabaletan bizi izan ziren ia milioi bat urtez, eta leku nabarmena hartu zuten historiaurreko ekosistemetako harrapari handien artean. Gure arbasoek egindako pintura eta grabatuetan ere islatu izan da haien presentzia. Hala ere, haien aztarna fosilak nahiko urriak dira, eta horrek Mendaron aurkitutako alearen interes zientifikoa areagotzen du.

Gordailua, kontserbatzeko eta ikertzeko espazioa

Behin berreskuratuta, Gordailura eraman zituzten fosilak eta han kontserbazio eta leheneratze lanak egin ziren Arkeologia eta Paleontologiako tailer espezializatuan. Hezurren egoera ez zen uniformea. Batzuk osorik eta egoera onean zeuden; beste batzuek, berriz, hausturak, deformazioak edo milaka urtez metatutako konkrezio mineralak zituzten.

Lanak egiteko, esku hartze minimoaren, jatorrizko materialak errespetatzearen eta itzulgarritasunaren irizpideei jarraitu zaie, fosilen egonkortasuna bermatu eta haien azterketa zientifikoa errazteko. Ikerketa lanek martxan jarraitzen dute. Lortutako datuak Europako beste erregistro fosil batzuekin alderatuko dira, haitzuloetako lehoien hazkundearen ezagutzan sakontzeko. Era berean, Vienako Unibertsitateko talde batekin lankidetzan DNA-analisiak egiteko laginak hartu dira.

Esku hartzea eta zaharberritze eta ikerketa lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu ditu nagusiki, Eusko Jaurlaritzako ikerketa taldeen deialdien laguntzarekin. Indusketa eta ikerketa EHUk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzentzen dituzte.

Fosilen azterketa Alvar Manjónek Mendebaldeko Pirinioetako Pleistozenoko felido handiei buruz egindako doktore tesiaren parte da.

Aurkezpena dela eta, komunikabide akreditatuak Gordailuko kontserbazio eremuetara sartu ahal izan dira, berreskuratu diren gorpuzkiak eta zientzialari nahiz zaharberritzaile taldeek egindako lana gertutik ezagutzeko.