Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ESCUTIC taldeak adierazi duenez, ikasle bakoitzak ikasterakoan duen antolatzeko, saiatzeko eta hausnartzeko gaitasunarekin lotuta dago hein handi batean ChatGPT eta halako tresnekiko gehiegizko konfiantza. Ikasleak funtsezko gaitasun batzuk dauzkanean (besteak beste, pertseberantzia, erabakiak hartzeko gaitasuna eta akatsetatik ikastekoa), AA laguntza erabilgarri bihur daiteke, pentsamendu propioa ordeztu gabe.
Autorregulazioa funtsezkoa da Adimen Artifizialarekiko gehiegizko konfiantza murrizteko
Unibertsitateko ikasleek beren burua erregulatzeko daukaten gaitasuna eta AA sortzailearekiko gehiegizko mendekotasuna lotu ditu EHUren ikerketa batek
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/06/04
Adimen artifizial sortzaileak bizkor egin du lekua goi-mailako hezkuntzan, eta horrek kezka eragin du, ikasleek zeregin akademiko eta pertsonalak egiteko harekiko duten mendekotasuna dela eta. AA sortzaileak produktibitatea eta sormena hobetzen lagundu dezakeen arren, gehiegi erabiliz gero, kaltetu egin ditzake ikasketa-prozesuan funtsezkoak diren gaitasunak.
EHUko ESCUTIC (Escuela, Curriculum, y TIC) taldeko ikertzaileek egindako azterketa baten arabera, zeina nazioarteko Computers in Human Behavior aldizkari entzutetsuan argitaratu baita, AA sortzaileko tresnen (esaterako, ChatGPT) erantzunez gehiegi fidatzea gaitasun jakin baten mende dago hein handi batean: autorregulazioaren mende, hau da, ikasle bakoitzak antolatzeko, saiatzeko eta egiten duenaren inguruan hausnartzeko duen gaitasunaren mende. Testuinguru horretan, "autorregulazioa funtsezko babes-faktore izan daiteke", azaldu du ikerketako ikertzaile nagusi eta EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasle Héctor Galindo-Dominguezek.
Ikerketak autorregulazioaren eta AA sortzailearekiko gehiegizko konfiantzaren arteko erlazioa aztertu zuen. 404 ikasle aztertu zituzten, batez beste 20 urtekoak eta EHUn hezkuntzarekin lotutako titulazioetan matrikulatuta daudenak.
Lanak paradoxa garrantzitsu bat identifikatu du. Beren helburuak argiago dituzten ikasleek joera handiagoa dute adimen artifizialaz fidatzeko. "Ez da gaitasun faltagatik, alderantziz baizik: lana bizkorrago egiteko tresna gisa erabiltzen dute AA", azaldu du Galindo-Domínguez doktoreak. Hala ere, gehiegizko erabilerak arrisku handi bat eragin dezake: AAren erantzunez gehiegi fidatzea, haiek zalantzan jarri gabe.
Onuragarria al da AAko tresnak erabiltzea hezkuntzan?
Ikerketaren arabera, autorregulazioaren dimentsio guztiek ez dute berdin funtzionatzen. "Helburu argiak izateak (hori da autorregulazioaren faktoreetako bat) AAren erantzunekiko konfiantza handiagoa izatera bultzatzen du. Hala ere, autorregulazioaren beste faktore batzuek, hala nola pertseberantziak eta akatsetatik ikasteko gaitasunak, balazta-funtzioa betetzen dute gehiegizko mendekotasunaren aurrean. Ikasleak gaitasun horiek dituenean, pentsatzen, berrikusten eta zuzenketak egiten jarraitzen du, teknologiak eskaintzen diona automatikoki onartu beharrean", dio.
Galindo-Domínguez doktorearen arabera, puntu hori gakoa da, ikerketan hautemandako beste fenomeno batekin lotzen delako: adimen artifizialarekiko gehiegizko konfiantzarekin, hain zuzen. "AAren erantzunak zuzenak edo behar adinakoak direla onartzeko joera dute ikasle batzuek, baita zuzenak ez direnean ere. Gehiegizko konfiantza horrek erabaki garrantzitsuak makinaren esku uztea edo norberaren ahalegina murriztea ekar dezake, eta horrek eragin zuzena du ikasketa-prozesuan".
Emaitzek, ordea, arazoaren garrantzia ere ñabartzen dute. Ikerketaren emaitzek adierazi bezala, ikasle gehienek ez dute adimen artifiziala intentsiboki erabiltzen, puntualki baizik; nagusiki, informazioa bilatzeko edo zalantzak argitzeko. "Ikasle kopuru txikiago batek soilik erabiltzen du adimen artifiziala maizago, eta litekeena da talde horrek mendekotasun-maila handiagoa izatea", baieztatu du.
Aurkikuntza horietatik abiatuta, ikerketak ideia argi bat planteatu du: "Eztabaidak ez luke izan behar ea adimen artifiziala ona edo txarra den, baizik eta ea zer ikasle-motak erabiltzen duen eta nola erabiltzen duen. Autorregulazioaren funtsezko faktoreak falta direnean, nabarmen areagotzen da AA sortzailearekiko gehiegizko konfiantza izateko eta hura pasiboki erabiltzeko arriskua. Aldiz, ikasleak autorregulazioaren funtsezko gaitasun horiek badauzkanean (pertseberantzia, erabakiak hartzeko gaitasuna, akatsetatik ikastekoa eta ikasteko ahalegina), AA laguntza erabilgarri bihur daiteke, pentsamendu propioa ordeztu gabe", erantsi du.
Ondorio praktikoak zuzenak dira, beraz. Tresna horiek debekatu edo mugatu ordez, eraginkorragoa da ikasleei tresnok irizpide batzuen arabera erabiltzen irakastea. Horrek esan nahi du, besteak beste, informazioa kontrastatzen, beren erabakiak azaltzen eta emaitzak berrikusi gabe zuzentzat ez jotzen irakastea. Halaber, prozesuaz pentsatzera behartzen duten jarduerak diseinatu behar dira, eta ez behin betiko emaitza bakarrik eskatzen dutenak.
Informazio osagarria
Héctor Galindo-Domínguez EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasle atxikia da. Ikerketa honetan parte hartu dute, halaber, Nahia Delgadok (EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saila), Martín Sain de la Mazak (Bilakaeraren eta Hezkuntza Psikologia Saila) eta José María Etxabek (Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika Saila).
Erreferentzia bibliografikoa
- Self-regulation and overreliance on artificial intelligence: Unpacking a paradox through a mixed-methods study in higher education
- Computers in Human Behavior
- DOI: 10.1016/j.chb.2026.108985
