Pamela Ruiz Rodriguez, Urtzi Izagirre Aramayona, Laura Noguera Sánchez
Baterietako litioak ozeanoetan uzten duen aztarna
EHUko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2026/06/15
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Litioa bihurtu da trantsizio energetikoaren protagonista handietako bat, dituen propietate fisiko-kimikoen ondorioz: arina da, egoera solidoan dentsitate txikia du, potentzial elektrokimiko handia du eta eroankortasun elektriko eta termiko bikaina. Horren ondorioz, funtsezko lehengaia da auto elektrikoen baterietan, eskuko telefonoetan eta energia berriztagarrien biltegiratze sistemetan.
Bere irudia etorkizun garbi eta deskarbonizatuari lotuta dago. Baina aurrerapen teknologiko askorekin gertatzen den legez, litioaren erabilera masiboak galdera zail bat planteatzen du: zer gertatzen da litioarekin ingurumenean amaitzen duenean, bereziki itsasoan?
Itsas arloko erakundeekin egindako azkenaldiko emaitzen arabera, metal hau denbora luzez ez dela arazotsua uste izan den arren, ikusi da itsasoko ekosistemetan aztarna biologiko garrantzitsuak utz ditzakeela, baita dagoeneko naturan dauden kontzentrazioen parekoak ere.
Azaleratzen ari den kutsatzailea eta gutxi zaindutakoa
Asko aztertu diren beste metal batzuk ez bezala, hala nola merkurioa edo beruna, litioa ez da agertzen ingurumen kutsatzaileen ohiko zerrendetan. Litioaren eragin ekologikoak arreta txikiagoa erakarri du. Baina azken hamarkadetan produkzioa ikaragarri hazi da eta birziklatze-tasak baxua izaten jarraitzen du.
Litioaren zati handi batek zabortegietan amaitzen du eta hondar uren bidez askatzen da, arazketa sistemek behar bezala ezabatzen ez dutelako. Horren ondorioz, errazago iristen da ibai, estuario eta ozeanoetara. Baldintza naturaletan, itsasoko uretan litio kontzentrazio baxuak ditugu. Baina giza presio handiko eremuetan edo meategietatik gertu balio nabarmen altuagoak erregistratu dira.
Kontua da, kontzentrazio horiek hilgarriak ez diren arren, itsasoko organismoen osasunean eragina izan dezaketela epe luzera. Zalantzak uxatzeko, zenbait azterlanetan itsasoko kate trofikoko funtsezko espezieak erabili dira, hala nola kopepodoak, itsasoko trikuak, izkirak, muskuiluak edo poliketoak. Elikatzeko estrategia desberdinak dituztenez eta bizi-zikloko faseak ere hala direnez, hobeto ebaluatu daitezke kutsatzailearen ondorioak ekosistemaren maila desberdinetan.
Hilkortasunaz harago: efektu ikusezinak
Litioak beti ez ditu efektu berehalakoak edo ikusten direnak sortzen. Askotan egungo kontzentrazioek ez dute itsasoko organismoen hilkortasun masiboa eragiten, baina efektu azpiletalak eragiten dituzte eta epe luzera haien osasuna kalte dezakete.
Zehatz esateko, nahasmenduak eragiten dituzte entzimetan oxidazio-estresarekin zerikusia dutenak, detoxifikazio prozesuetan eta nerbio-sistemari lotutako mekanismoetan ere bai. Aurrez egindako ikerketetan, eta gureetan, ikusi daitekeenez, itsasoko trikuaren enbrioietan litioaren esposizioak garapena mantsotu dezake edo malformazioak eragin, baita organismoetan heriotzarik ez denean ere.
Dosia bezain garrantzitsua da denbora
Litioaren efektua ez dago soilik kontzentrazioaren mende, baizik eta esposizio denboraren mende ere bai. Asteak igaro ahala, erantzun biologikoak biziagoak bihurtzen dira eta maila gero eta konplexuagoetan dute eragina, nahiz biokimikoetan nahiz entzimatikoetan, zelulen alterazioetatik igarota, ehunetan ikus daitezkeen kalteetara arte.
Adierazle horiek multzoan analizatzen direnez, emaitza argia da: estres biologikoa pixkanaka eta etengabe hazten da. Hau da, litioaren esposizio luzeek, baita maila moderatukoek ere, efektu pilatzaileak sor ditzakete.
Eragin mota hori ez da hain nabarmena baino etengabea da, eta arrisku ekologiko garrantzitsuak ditu eragina izan baitezake espezieen ugalketan, hazkundean eta biziraupenean. Epe luzera, aldaketek alteratu egin ditzakete ekosistemen oreka eta kate trofikoen funtzionamendua.
Gainera, emaitza horiek zalantzan jartzen dute ideia bat: trantsizio energetikoari lotutako materialek ingurumenari ez diotela kalterik egiten. Litioa ezinbestekoa da karbono emisioak murrizteko, baina bere bizi-ziklo osoa –azkeneko helburua barne– zorrotz ebaluatu behar da.
Trantsizio energetiko egiaz jasangarria
Azterlanek ez diote etorkizun hurbilean itsasoko ekosistemen kolapsorik egongo denik, baina ohartarazpen argi bat egin dute: litioa azaleratzen ari den kutsatzaile bat da eta arreta, jarraipena eta erregulazioa behar ditu. Epe luzera dituen efektuak ulertzea –bereziki berotze globala edo hainbat kutsatzailerekiko aldibereko esposizioa– funtsezkoak izango dira trantsizio energetiko erabatekora urratsak egiteko.
Trantsizioa ez baita soilik energia iturriak aldatzea, baizik eta hartutako irtenbideek ingurumen arazo berriak ez dituztela sortzen bermatzea ere bai.
Litioak ezinbestekoa izaten jarraituko du etorkizun energetikoarentzat. Baina ozeanoetan duen historia oraindik ere idazten ari da. Garaiz ulertzea funtsezkoa izango da trantsizioa egiaz jasangarria izan dadin.