euskaraespañol

Redes sociales campusa

Bizitza solidario berria

EHUko 3D inprimagailuetako hondakinak belarritako eta lepoko bihurtu dira Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearen eskutik

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/01

Jasotako hondakinak ADEMGIk Donostian, Tabakaleran duen tailerrean, lantzen dituzte | Argazkia: ADEMGI

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bat egin du Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearekin (ADEMGI), 3D inprimagailuetako ebakinei eta huts egindako probei beste bizitza bat emateko. Hala, hondakin horiek produktu solidario bihurtu dira, hala nola belarritakoak edo lepokoak. Jasotako materialaren izena PLA (azido polilaktikoa edo poliazido laktikoa) da. Harizpi hori, 3D inprimaketan oso erabilia, polimero biodegradagarri, jasangarri eta moldakorra da, eta baliabide naturalekin egiten da, hala nola artoarekin, azukre kanaberarekin, azukre erremolatxarekin edo almidoi askoko beste barazki batzuekin.

“Besteak beste birziklapenarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako balioak eta esklerosi anizkoitza duten pertsonen gizarteratzea eta garapena uztartzen dituen ekimena da. Gainera, hondakin mota hau sortzen duten irakasleen, zuzendaritzako teknikarien eta EHUko Gipuzkoako Campuseko hiru ikastegien lankidetzari eta konpromisoari esker bideratu da. Ekimen xumea da, baina aukera eman digu EHUko 3D inprimagailuetako erabili eta botatzeko materiala ADEMGIren tailerra bezalako gizarte ekimenera bideratzeko zirkuitu hori abian jartzeko”, azpimarratu du Elisa Sainz de Murieta Zugadik, EHUko Garapen Jasangarriaren eta Gizarte Konpromisoaren zuzendariak.

Oraingoz, 12 kg hondakin bildu eta bidali dira Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolatik, Arkitekturako Goi Eskola Teknikotik eta Zamudioko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentrotik (CFAA). Horrez gain, Informatika Fakultateak ere proiektuarekiko interesa erakutsi du.

‘Bitxi’ txiki eta bereziak

Jasotako hondakinak ADEMGIk Donostian, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan (Tabakalera) duen tailerrean lantzen dituzte. Han, PLA hondakinak birrindu, urtu eta xafla bihurtzen dira. Ondoren, laser bidezko ebakigailu batekin, giltzatakoak, belarritakoak, lepokoak… egiten dituzte, eta gero elkarteak urtero egiten duen ‘Busti zaitez’ ekitaldian saldu. Berritasun gisa, aurten, ‘Biarteko Mugi’ proiektuaren barruan, Aranzadik egindako diseinuak egongo dira.

ADEMGIko bazkide Eli Reyrentzat oso pozgarria da PLA berrerabili ahal izatea, ‘bitxi’ txiki eta berezi horiek sortzeko. “Asko gustatzen zait taldean lan egitea, ideiak eta ezagutzak ematea, eta une horiek beste pertsona batzuekin partekatzea. Elkartzen garenean, zoragarria izaten da horren helburu politak batzen dituen pertsona desberdinak ezagutzea. Niretzat, sekulako energia txutea izaten da elkartzen garen eguna, oso aberasgarria baita maila pertsonalean”.

Iritzi bera du Vicente Gonzálezek eta EHUri eskerrak eman nahi izan dizkio materiala dohaintzan emateagatik. ADEMGIren bazkide horren arabera, sinergiak dira guztiaren onena: sormena eta taldeko lana. “Lan kolektibo handia dago atzean eta hor zerbait berezia gertatzen da; magia handia dago. Hunkitu egiten nau espazio horretan sortzen den guztiaz hitz egiteak. Proiektu honek, gainera, ikaskuntza, motibazioa eta poza ematen dizkit guztion artean hondakinak zerbait erabilgarri eta polit bihur ditzakegula ikusita”.

Esklerosi anizkoitza nerbio sistema zentraleko gaixotasuna da, baliaezintasuna eragiten duena eta, gehienetan, progresiboa. Gaixotasun horrek nahasmendu fisikoak, emozionalak eta soziolaboralak eragin ditzake. Bere kausa ezezaguna da eta gaur egun ez du sendabiderik. Proiektu honetan parte hartzea motrizitaterako onuragarria da eta psikologikoki animatu egiten ditu partaideak.

“ADEMGIrentzat, EHUrekin elkarlanean aritzeak materiala jasotzea baino askoz gehiago esan nahi du: hondakinak aukera bihurtzen dituen elkartasun ekintza da. Elkartearentzat esanahi berezia duen proiektua da; izan ere, keinu txikiekin, benetan polita den zerbait eraiki daitekeela erakusten du: inklusioa, sormena eta ingurumenarekiko konpromisoa. Eskerrik asko EHUri gugan konfiantza jartzeagatik eta amets honi aurrera egiteko aukera emateagatik”, amaitu du Zuriñe López Azconak, ADEMGIko komunikazio arduradunak.