euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHU Eusko Jaurlaritzarekin batzartuko da USaPren gaineko autoaren ondorioak aztertzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/06/30

EHUren artxiboko irudi bat | Argazkia: Egoi Markaida. Komunikazio Bulegoa, EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasekin batzartuko da ebazpen judiziala betetzea ahalbidetuko duen formula adostu bat bilatzeko. Izan ere, autoaren aplikazioak berak unibertsitatera sartzeko ohiko prozedurari eta ikasle guztien eskubideei eragiten die.

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) USaPri buruzko auto judiziala betetzeko dauden aukerak aztertzen ari da, haren aplikazioak unibertsitatera sartzeko prozesuan parte hartu duen gainerako ikasleriari kalterik ez eragiteko.

Unibertsitatearen ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jardutea ebazpen judizialaren ondorio juridiko eta akademikoak aztertzeko eta unibertsitatera sartzeko ohiko prozedurari eragiten dion erabaki baten aurrean adostutako erantzuna emateko.

Era berean, EHUk auto judizialaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko du, haren aplikazioak arau berberen arabera USaP egin duen gainerako ikasleriarekiko ageriko bidegabeko desberdintasuna eragiten duela iritzita. Unibertsitatearen ustez, hartutako kautelazko neurriek gainerako hautagaiak babesgabetasun egoeran uzten dituzte eta berdintasun printzipioa urratzen dute, unibertsitatera sartzeko eta plazak esleitzeko ohiko prozedurari eragiten diotelako.

EHUk berretsi du bere jarduna unibertsitatera sartzea arautzen duen indarreko araudia betetzeak eta ikasle guztien eskubideak defendatzeak gidatuko dutela. Horregatik, eskumena duten erakundeekin lanean jarraituko du, autoa betetzea eta unibertsitate publikora sartzeko prozesua gidatu behar duen aukera-berdintasunaren printzipioa bateragarri egingo dituen irtenbidea bilatzeko.