euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUk 2000 nazioarteko eta truke ikasle baino gehiago hartu ditu irailean

Lehen aldiz, ongietorri bateratua egin zaie EHUn ikasten hasten diren nazioarteko ikasleei eta unibertsitateak 2026-2027 ikasturtean jasoko dituen truke ikasleei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/10/05

Gasteizeko Campusean egindako ekitaldia | Argazkia: Mitxi

Ikasle berriak beren ikastegietan hasi ostean eta irailaren 14an Arabako Campusean egindako Ikasturteari hasiera emateko ekitaldiaren ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) urriaren 5, 6 eta 7an, ongietorri ofiziala egin die EHUko titulazio bat lortzeko matrikulatu diren nazioarteko ikasleei eta 2026-2027 ikasturteko truke ikasleei.

Hiru egunetan – astelehenean, hilak 5 Leioan, asteartean, hilak 6 Gasteizen, eta asteazkenean, hilak 7 Donostian –, unibertsitateak hainbat harrera antolatu ditu jai-giroan. Horietan, unibertsitateko eta udaleko agintarien ongietorriaren ondoren, ikasleek tokiko jakiez gozatu ahal izan dute, bai eta herri kirolen eta euskal dantzen erakustaldi batean parte hartu ere.

Nazioarteko eta truke ikasleak EHUra iritsi direla ospatzeaz gain, ikasturte honetan, berrikuntza gisa, International Welcome Centrek (IWC) kolektibo horiei zuzendutako informazio-saioak antolatu ditu: irailaren 14, 15 eta 16an, hiru campusetan, aurrez aurre, truke ikasleentzat; eta irailaren 28an, online formatuan, graduondoko ikasleentzat. Saio horietan, ikasleek informazio praktikoa jaso dute EHUn eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoteko, IWCk eskaintzen duen arretari buruz, EHUn eskura izan ditzaketen zerbitzu eta aukerei buruz, legezko bizilekuari, aseguruei edo ostatuari buruzko orientabideari buruz, eta lurraldearen eta hirien bizimoduari eta kulturari buruz. Gainera, galderak giro lasaian egin ahal izan dituzte.

Truke ikasleei dagokienez, EHU ikasle gehien hartzen dituen Espainiako unibertsitate publikoetako bat da, eta joan den ikasturtean 1.700 ikasle izatera iritsi zen. Zehazkiago, ikasturte honetan lehen lauhileko eta ikasturte osoko mugikortasun-programetako momentuz 1160 ikasle iritsi dira EHUra. Horietatik 193 SICUEko ikasleak dira, Estatuko beste unibertsitate batzuetakoak; 685 Erasmus + programako ikasleak dira, EBko, EEEko eta Turkiako unibertsitateetakoak; 236 Latinoamerikakoak; eta 46 Japonia, Hego Korea, India, Singapur, Kanada, Tanzania edo Kenyakoak. Campusen arabera, ikasle bisitariak honela banatzen dira: 137, Arabako Campusean; 692, Bizkaiko Campusean; eta 331, Gipuzkoako Campusean.

Bestalde, graduko edo graduondoko tituluren bat lortzeko EHUn matrikulatu diren nazioarteko ikasleei ongi etorria emateko, aurten ikasketak hasi berri dituzten atzerriko ikasleak ere gonbidatu dira urriko ekitaldietara. Ikasturte honetan, nazioarteko 700 ikaslek baino gehiagok ikasiko dute EHUn master ofizialetan eta titulu propioetan, eta oraindik doktoregoko ikasketetan matrikulatutako azken datuen zain daude. Zenbaki horiek, zalantzarik gabe, azken urteotan unibertsitateak atzerriko talentua erakartzeko egindako ahaleginaren emaitza dira, bai eta EHUk duen kalitateko eskaintza akademiko zabalaren isla ere, ingeleseko masterreko titulazio ugari izanez.

International Welcome Centre (IWC) arreta zerbitzua

Uda honetan jarri zen abian IWCren web orria, EHUren webgune korporatibo berriaren "Nazioartekoa" atalaren barruan.

Zerbitzu hori Nazioarteko Harremanetarako Bulegoaren baitan dago, eta arreta eskaintzen die nazioarteko truke ikasleei, EHUko titulazio bat lortzeko matrikulatzen diren nazioarteko ikasleei, EHUn praktikak egitera datozen nazioarteko ikasleei eta nazioarteko pertsonalari (batez ere ikertzaileei).

IWCren lana nazioarteko bisitariei laguntzea da, egonaldiak egin aurretik, bitartean eta ondoren, ostatua, legezko egoitza eta unibertsitate-zerbitzuak bezalako gaietan. Era berean, integrazio-ekimenak kudeatzeaz arduratzen da, hala nola "buddy" programa (bertako ikasleak etorri berriei lehen egunetan laguntzen) edo udazkeneko eta udaberriko bisita kulturalen programak. Truke ikaslearen arretan esperientzia luzea izanik, 2026-2027 ikasturterako IWCren erronka EHUn ikertzera/lan egitera edota aldi baterako egonaldiak egitera datozen langileei/ikertzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzea da.