euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Zientzia Esperimentalen Didaktikaren Topaketak hartu ditu EHUk

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/09/03

Jardunaldien irekiera ekitaldia Bizkaia Aretoan | Argazkia: EHU

EHU izan da  Zientzia Esperimentalen Didaktikaren Topaketen 32. edizioaren egoitza. Kongresua Zientzia Esperimentalen Didaktikako Irakasle eta Ikertzaileen Espainiako Elkarteak ( APICE) antolatu du, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) laguntzarekin.

Topaketen 32. edizioa irailaren 2tik 4ra egingo da Bizkaia Aretoan, eta hezkuntzaren eta ikerketaren hainbat esparrutatik etorritako 296 parte-hartzaile bilduko ditu. Kongresuaren helburu nagusia APICEri lotutako komunitate zientifiko eta hezitzailearen arteko loturak sendotzea da, ikerketaren emaitzen zabalkunde hutsetik harago doazen ikaskuntza kolektiborako eta elkarrizketa kritikorako guneak sustatuz.

Aurtengo ediziorako aukeratutako leloak (Hezkuntza zientifiko eraldatzailea: pentsamendu kritikoa eta justizia sozial eta planetarioarekiko konpromisoa) lotura zuzena du gaur egungo testuinguruarekin, mundu mailako polikrisi sakon batek markatutako garaiarekin. Horrela,  erronka nagusien artean daude klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera, gizarte-desberdintasunak eta joera antidemokratikoen gorakada. Egoera horren aurrean, parte-hartzaileek hezkuntza zientifikoaren funtsezko eginkizuna aldarrikatzen dute, erronka horiek ulertu eta haiei aurre egiteko tresna gisa.

Antolatzaileen ustez, hezkuntzaren erantzuna ez da mugatu behar zientziak hobeto nola irakatsi ikertzera edo baliabide didaktiko berritzaileak diseinatzera. Haien esanetan, hezkuntza zientifikoak badu beste erantzukizun bat ere: ikasleak eta etorkizuneko irakasleak prestatzea gizarteari eragiten dioten arazoei irtenbideak bilatzeko prozesuan modu kritikoan parte har dezaten, bai banaka bai kolektiboki.