Gaur bertan eman da ezagutzera munduko unibertsitateak ebaluatzen eta zerrendatzen dituen Munduko Unibertsitateen Sailkapen Akademikoa (ARWU) edo Shanghaiko ranking ezaguna. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) 301 eta 400 postuen artean dago. Munduko 20.000 unibertsitate ingururen artetik 2.500ek osatzen duten zerrenda da Shanghaiko rankinga eta bakarrik 1.000 onenen berri ematen du akademia munduko zerrenda ezagunenak.
-
8.600 ikasle berrientzako aurkezpen saioak hasiko dira bihar EHUn
-
EHUko talde batek dekagono formako egitura bat aurkitu du Saturnoko hodeietan
-
40 urte matematikak lantzen Bilbon
-
Nolakoa zen unibertsoa unibertsoaren aurretik: hutsune kuantikotik galaxietara
-
EHUk lehen aldiz hartu ditu Zientzia Esperimentalen Didaktikaren Topaketak
EHUk munduko 400 unibertsitate onenen artean egoten jarraitzen du, Shanghaiko rankingaren arabera
Ingeniaritza Kimikoa, Kimika eta Nanozientzia & Nanoteknologiaren ezagutza eremuetan munduko 200 unibertsitate onenen artean dago Euskal Herriko Unibertsitatea
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/08/15
Shanghaiko rankinga akademia mailan ezagunena den zerrenda da eta Euskal Herriko Unibertsitateak eutsi egin dio munduko 400 onenen artean egoteari. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak azpimarratu duenez, “hizkuntza, ez da ranking horretan aintzat hartzen den ezaugarrietako bat, horregatik ere gurea moduko hizkuntza minorizatu batean lan egiten duen unibertsitate batentzat are balio handiagoa dauka Shanghaiko rankinean egoteak. Batez ere kontuan izanik, Txinako unibertsitateek azken urteotan hartu duten lekua eta gainerako unibertsitateetan eragiten ari diren desplazamendua”. Hala, errektorearen iritziz, "klaustroaren tamainari eta aurrekontuari buruzko eragina neurtuko balitz, EHUren posizioa bestelakoa izango litzateke eta munduko unibertsitateen askoz ere ikuspegi anitzago eta errealagoa emango liguke". Ildo horretan ere, azaldu du errektoreak ezin dela alde batera utzi behar “Shanghaiko Rankingeko adierazle gehienak termino absolutuetan kalkulatzen” direla, eta, beraz, “unibertsitatearen tamainak eta aberastasunak zuzenean egiten diote mesede haren puntuazioari ".
Bengoetxeak azpimarratu duenez, “rankinean unibertsitateak duen lekua garrantzitsua den arren, lehia geroz eta handiagoa da, batez ere, espezializatutako unibertsitateek hartzen dituztelako lehen postuak. Hori dela eta, are garrantzia handiago hartzen du EHU hor egoteak, ezagutza arlo guztiak eskaintzen dituen unibertsitate publikoa baita”.
Espainiar estatuan 30 unibertsitate sartu dira rankingean, iaz baino sei gutxiago, eta 7 onenen artean kokatzen da EHU. Sei adierazle objektibo erabiltzen ditu munduko unibertsitateak ebaluatzeko ARWU indizeak: Nobel Saria eta Fields Domina irabazi duten erakundeko ikasle ohien kopurua; Nobel Saria eta Fields Domina irabazi dituzten langileen kopurua; Clarivaten aipamen handia izan duten ikertzaileen kopurua (HiCi); Nature eta Science aldizkarietan argitaratutako ikerketa-artikuluen kopurua (N&S); Science Citation Index-Expanded (SCIE) eta Social Science Citation Index (SSCI) aldizkarietan indexatutako artikuluen kopurua; eta PCP indizea, hau da, unibertsitateko errendimendu akademiko biztanleko. EHUren kasuan, hain justu, HiCi eta N&S dira nabarmentzekoak, indexatutako artikuluen kopuruaz gain.
Ezagutza arloka
Sailkapen orokorretik harago, ezagutza arloka 101-150 unibertsitate onenen artean dago Ingeniaritza Kimikoan, 151-200 onenen artean Kimikan eta Nanozientzia & Nanoteknologian eta 201-300 onenen artean Matematiketan, Ingeniaritza Zibilean, Materialen Zientzia eta Ingeniaritzan, Energia Zientzia eta Ingeniaritzan, Elikagaien Zientzia eta Teknologian, Ingeniaritza Metalurgikoan, Adimen Artifizialean, Farmazian eta Farmazia Zientzietan eta Hezkuntzan.
Euskal Herriko Unibertsitatearen Europako ENLIGHT aliantza osatzen duten gainerako 9 unibertsitateek ere goi postuak eskuratu dituzte ranking-ean; horietako hiru lehen 100en artean sartu dira (Gent-eko Unibertsitatea, Groningeneko Unibertsitatea eta Suediako Uppsala Unibertsitatea) eta hiru lehen 300 artean daude (Bernakoa, Göttingenekoa eta Bordelekoa). Bordeleko Unibertsitatearekin Euskampus mugaz gaindiko campusa osatzen du EHUk.