euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUk nazioarteko mila ikasle jaso ditu irailean

Cardiffeko Unibertsitateko ordezkaritza bat ere etorri da, EHUren hizkuntza-plangintzaren eredua ezagutzeko asmoz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/15

Agintariak zein nazioarteko ikasleak Donostiako Carlos Santamaria Zentroaren kanpoaldean | Argazkia: EHU

Lehen mailako Ikasleei beren fakultate eta eskoletan harrera egin eta joan den astean Gipuzkoako Campusean ospatutako ikasturtearen inaugurazio ofizialaren ondoren, Donostian ere hasi dira gaur nazioarteko ikasleei ongietorria egiteko ekitaldiak. Ikasle horiek Euskal Herriko Unibertsitatearen mugikortasun-programei esker, lehen lauhilekoa edo ikasturte osoa egingo dute Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).

Zehatzago esanda, irailean 1.065 ikasle etorri dira EHUra, truke programen bidez. Horietatik 190 SICUE ikasleak dira, Estatuko beste unibertsitate batzuetakoak; 607 Erasmus + programako ikasleak dira eta EBko unibertsitateetatik datoz; Latinoamerikatik 607 eta 39 beste norako batzuetatik etorri dira; hala nola Japonia, Kanada, Ukraina, Hego Korea, Kazakhstan edo Erresuma Batutik. EHUtik bidalitako ikasle kopuruaren arabera, lehenengo hiru herrialdeak Italia (170), Alemania (142) eta Mexiko (119) dira.

Campusetan honela banatzen dira ikasle bisitariak: 113, Arabako Campusean; 675, Bizkaiko Campusean; eta 277, Gipuzkoako Campusean. Fakultateen arabera, nazioarteko ikasle gehien jasotzen dituztenak Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (181), Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea (115) eta Bilboko Ingeniaritza Eskola (90) dira. SICUE ikasleek, berriz, gehien eskatzen dituzten ikastegiak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea (34), Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea (30) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatea (21) dira.

Ikasle horiei otsailean bigarren lauhilekoan etorriko direnak gehituko zaizkie. Iaz, 2024-2025 ikasturtean, trukerako 1.700 ikaslek egin zituzten ikasketak EHUn.

Joxerra Bengoetxea errektoreak azpimarratu duenez, “nazioarteko ikasleen eta gure ikasleen arteko harremanak tresna oso baliagarria dira nazioarteko harreman baketsuak garatzeko”. Ildo horretan, unea baliatu du EHUko errektoreak Israel  Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko, baita Errusiak Ukrainaren kontra daraman gerra salatzeko”.

Gaur Gipuzkoan bezala, bihar Arabako campusean eta etzi Leioan egingo zaie ongiteorria kanpotik etorritako ikasleei

Cardiffeko ordezkaritza

Welcome ekitaldian izan da Joxerramon Bengoetxea errektorea. Eta  Cardiffeko Unibertsitateko ordezkaritza batek ere parte hartu du; izan ere, Galesko ikasle, irakasle eta kargu akademikoz osaturiko talde bat dabil egunotan Euskal Herriko Unibertsiatean. Hemengo errealitate soziolinguistikoan unibertsitateak jokatzen duen papera ezagutzera etorri dira. EHU lanean ari da hizkuntza-plangintza euskararen inguruan ardaztutako eleaniztasun harmonikoa sustatzen duen zeharkako ildoa izan dadin, eta Galesko ordezkaritzak zehatz-mehatz ezagutzeko interesa adierazi du; horregatik, bisita-programa berezia prestatu zaie. “Astean zehar gure unibertsitatea nola egituratzen den erakutsiko diegu, eta hizkuntza plangintzaren aldetik, zer nolako tresnak eta baliabideak ditugun, eta zer politikak, eta noski haiengandik ere ikasteko aukera izango dugu”, azaldu du Bengoetxeak.

International Welcome Centre sortu berriak antolatu du ongietorri-programa.