EHUko eta Biofisika Institutuko Aran Insausti eta Emilio J. Cocinero ikertzaileek orain arte izarrarteko ingurunean identifikatutako lehen azukrearen detekzioan parte hartu dute. Aurkikuntza Nature Astronomyn argitaratu da, eta eritrulosa, lau karbono atomoko azukrea, da, G+0.693−0.027 hodei molekularrean detektatu dute, Zentro Galaktikoaren eskualdean.
-
Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk
-
EHUren eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresaren arteko hitzarmena
-
Abuztuan hasiko da Gipuzkoako Campuseko pabiloien eraisketa
-
EHUk Boise State Universityko ikasleei agur esan die
-
Baheketa-programak koloneko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 murriztu du Euskadin
EHUko bi ikertzailek izarrarteko ingurunean lehen azukrearen detekzioan parte hartu dute
Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza, eta Zentro Galaktikoaren eskualdeko laino molekular bateko eritrulosa identifikatu du. Gainera, Lurra bezalako planetetara iritsi aurretik, bizitzarako garrantzitsuak diren molekulak espazioan eratu zitezkeela dioen ideia indartzen du
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/15
Azukreak funtsezko biomolekulak dira bizitzarako: azido nukleikoen egituraren parte dira (hala nola DNA eta RNA), eta funtsezko prozesu metabolikoetan parte hartzen dute. Hala ere, bizitzaren jatorriari buruzko galdera handietako bat da nola sortu ziren lehen azukreak Lur primitiboan, laborategiko esperimentuek agerian utzi baitute ez direla erraz sortzen baldintza prebiotikoetan. Izarrarteko ingurunean eritrulosa detektatu izanak pieza berria gehitu du buru-hausgarri honetan: konposatu horietako batzuk aurrez espazioan eratu ahal izan ziren, eta gero Lurrera iritsi, meteoritoetan, kometetan edo asteroideetan txertatuta.
Astrobiologia Zentroak (CAB, CSIC-INTA) zuzendu du lana, eta nazioarteko talde handiak hartu du parte. EHUtik, Emilio J. Cocinero eta Aran Insausti, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko eta Biofisika Institutuko (CSIC, EHU) ikertzaileek parte hartu dute.
EHUko taldeak egindako ekarpena gas faseko errotazio espektroskopian oinarritu da (espazioan molekulak identifikatzeko ezinbesteko teknika da). Izarrarteko hodei batean molekula bat bilatu baino lehen, beharrezkoa da laborategian haren espektro purua ezagutzea: konposatu bakoitzarentzako seinale multzo bakarra, hatz aztarna molekularra balitz bezala funtzionatzen duena. Erreferentzia horri esker, gero, irrati-teleskopioen bidez lortutako espektroetan molekula bera bila daiteke. Bertan, izarrarteko ingurunean dauden espezie kimiko askoren seinaleak nahasita agertu ohi dira.
Azukreen kasuan, aztarna espektroskopiko hori lortzea erronka esperimental bereziki konplexua izan da urte askoan. Termikoki hauskorrak eta oso higroskopikoak diren molekulak dira, eta horrek zaildu egiten du horiek manipulatzea eta metodo konbentzionalen bidez lurruntzea. Hain zuzen ere, EHUko taldeak laser bidezko baporizazio ultralasterrean oinarritutako estrategiak garatzen eta aplikatzen lagundu du. Estrategia horiei esker, muga hori gainditu da, eta hainbat azukre karakterizatu dira gas fasean, hala nola erribosa, 2-desoxirribosa eta eritrulosa. Laborategiko datu horiek bidea ireki dute izarrarteko ingurunean modu sentsiblean bilatzeko.
“Era horretako detekzioen kasuan, funtsezkoa da laborategiko lana. Lehenik eta behin, molekula isolatua neurtu behar da, eta haren seinale bereizgarriak zehaztasunez ezagutu. Hori egin ondoren bila daitezke seinaleak datu astronomikoetan, eta molekula ezberdin askoren aztarnak nahasita agertzen dira”, azaldu du Emilio J. Cocinerok.
Yebeseko behatokiko (Guadalajara) 40 metroko irrati-teleskopioarekin eta IRAM Irrati-astronomia Milimetrikoaren Institutuko (Pico Veleta, Granada) 30 metroko irrati-teleskopioarekin lortutako banda zabaleko behaketa ultrasentsilbeen bidez egin da detekzio hori. Guztira, eritrulosaren espektroarekin bateragarriak diren 12 seinale multzo identifikatu zituen lantaldeak. Honako hau azaldu du Izaskun Jimenez Serrak, lanaren lehen egileak: “Ez genuen emaitza hori espero; izan ere, astrokimikan onarpen handiena duen ideia da izarrarteko molekulak tamaina ondoz ondo karbono atomoak gehituta handitzen dela dioena. Horregatik, ikertzen jarraitu beharra genuen”.
“Eritrulosa monosakaridoen edo azukre sinpleen familiakoa da, eta lau karbono atomo dituen zetosa bakarra da. Hori detektatu izana aurrerapen nabarmena da astrokimikarentzat eta astrobiologiarentzat, orain arte ez baita inolako azukrerik identifikatu izarrarteko ingurunean. Gainera, molekula kirala da, hau da, elkarren ispiluko irudi diren bi formatan existi daiteke, ezker eskua eta eskuina bezala. Kiralitatea propietate nagusia da biomolekula askotan, eta eritrulosa orain arte izarrarteko ingurunean detektatutako bigarren molekula kirala baino ez da”, azaldu du Aran Insaustik.
Ikerkuntza lanaren emaitzarik deigarrienetako bat da eritrulosa hiru karbono atomoko beste azukre sinpleago batzuk baino ugariagoa dela. Azukre horiek ez dira eskualde berean detektatu. Zehazki, azterketa astronomikoak erakusten du eritrulosa azukre txikiago horiek baino gutxienez zortzi aldiz ugariagoa dela. Emaitza hori ustekabekoa da, eta iradokitzen du izarrarteko inguruneko zenbait prozesu kimikok uste baino molekula konplexuagoak eratzen lagun dezaketela.
Ikerkuntza taldeak, gainera, molekula hori espazioan nola era daitekeen aztertu du. Emaitzek adierazten dutenez, eritrulosa modu eraginkorrean sor daiteke izarrarteko izotzetan, hauts aleen gainazalean, molekula sinpleagoetatik abiatuta, hala nola alkoholetatik eta bi karbono atomoko aldehidoetatik. Horrek indartu egiten du izarrarteko ingurunea molekula organikoak dauden lekua ez ezik, planetak sortu aurretik gero eta konposatu konplexuagoak eraikitzeko gai den ingurunea ere badela dioen ideia.
G+0.693−0.027 hodeian neurtutako eritrulosa kantitatea oinarri hartuta, ikerkuntzak ondorioztatu duenez, baliteke azukre horren 0,5 eta 50 milioi tona artean Lurraren azalera iritsi izana bonbardaketa masibo berantiarraren garaian, duela 4.100 eta 3.800 milioi urte inguru. Estimazio hori kontuz interpretatu behar bada ere, indartu egiten du izarrarteko inguruneak interes prebiotikoko molekula organikoen iturri gisa jarduten zuela iradokitzen duen aukera.
“Garrantzitsuena ez da soilik espazioan azukre bat detektatu izana. Hori beharrean, garrantzitsuena da horrelako molekulak izarrarteko baldintzetan eratu daitezkeela frogatzea. Horrek bizitzaren jatorri molekularra zein den pentsatzen dugunean kontuan hartu beharreko testuingurua zabaldu du: beharrezko kimikaren zati bat Lurra eta beste planeta batzuk sortu baino askoz lehenago hasi ahal izan zen”, dio Cocinerok.
Eritrulosa detektatu izanak ikerkuntza lerro berriak ireki ditu unibertsoan molekula prebiotikoak sortzeari buruz eta konposatu horiek planeta gazteetan (adibidez, Lur primitiboan) nola sartu ziren jakiteko.
