Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) ikerketa batek ondorioztatu du ezen, hidrogeno berdearen ekonomia jasangarriagoa izan dadin, hobekuntza teknologikoak egiteaz gain ingurumen-onurak, lehiakortasun ekonomikoa eta gizarte-erantzukizuna bermatuko dituzten politikak ezarri behar direla. H2-a ekoizteko kokaleku egokien eta LOHC bidezko mundu mailako garraio-ibilbideen konbinazioak aztertu ondoren, taldeak ondorioztatu du ez dagoela agertoki perfekturik. Hala ere, emaitzek erakusten dute teknologia horrek hidrogeno berdearen nazioarteko merkataritzan zeregin garrantzitsua betetzeko potentzial handia izango duela etorkizun hurbilean.
Hidrogeno berdearen etorkizuneko mundu mailako merkataritza diseinatzeko, gizarte- eta ingurumen-alderdiak ere kontuan hartu beharko lirateke
H2-a eramaile organiko likidoen (LOHC) bidez nazioartean garraiatzearen jasangarritasuna ebaluatu du EHUko SUPREN taldeak, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntutik
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/11
Hidrogenoa (H₂) deskarbonizaziorako energia-alternatiba giltzarri bat izango delako itxura hartuz doa, moldakorra delako eta askotariko sektoretan aplikatua izateko potentziala duelako. Mundu mailako eskaria ia 100 milioi tonara iritsi zen 2024an, % 30 gehiago duela hamarkada baten aldean; hala ere, emisio gutxiko H2-a ekoizpen osoaren % 1 baino gutxiago da oraindik. Aurreikusten da datozen hamarkadetan nabarmen haziko dela hidrogeno berdearen (CO2-emisiorik gabekoaren) eskaria.
EHUko SUPREN taldeak proiektu europar handi bat lideratzen du (UnLOHCked) , “Europan eskala handian hidrogeno berdea hornitzeko kateen gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-alderdien ebaluazioaz” arduratzen dena, proiektuaren ikertzaile nagusi den EHUko Victoria Laura Barrio katedradunak azaldu duenez. Hornidura-kate horien arazo nagusietako bat, hala ere, H2-aren garraioan eta biltegiratzean datza: “Hidrogenoak energia ikaragarria dauka, baina hain gas arina izanik, bolumen itzela hartzen du, eta horrek zaildu egiten ditu garraioa eta biltegiratzea”, dio Ion Agirre EHUko irakasleak.
LOHC: biltegiratze likidoa, etorkizun handiko irtenbidea
Gaur egun, hidrogenoa biltegiratzeko metodo aurreratuak garatzen ari dira, eta horien artean hidrogenoaren eramaile organiko likidoak (LOHC, ingelesez) nabarmentzen dira: “Olio konbentzionalen antzeko portaera duten likido organiko batzuk dira, zeinetan hidrogenoa txertatzen baita erreakzio kimiko sinple baten bidez; likido horiek erraz biltegiratu edo garraia daitezke dagoeneko badauden Oil&Gas azpiegituren bidez, eta helmugan alderantzizko prozedura batez askatzen da hidrogenoa eramailetik”. Ikertzaileek haien potentzial handia azpimarratzen dute, eta aurreikusten dute teknologia hori etorkizun hurbilean erabilgarri izango dela.
Gaur egun, hainbat herrialde ari dira hidrogenoa ekoizteko, esportatzeko, inportatzeko eta kontsumitzeko etorkizunerako estrategiak garatzen. Victoria Laura Barrio katedradunak azaldu duenez, “zentzu berezia du hidrogenoa eramaile likidoan finkatzeko lana Europako hegoaldean edo Afrikan egiteak —eguzki-energia oso lehiakorra den herrialdeetan—, bai eta haize-potentzial handiko eskualdeetan ere, gero LOHC-forman erraz garraiatzeko dagoeneko badauden erregai fosilen azpiegituren bidez”.
Ildo horretatik, taldeko ikertzaile Irene Rey k nazioarteko hornidura-kate mota horien jasangarritasunari buruzko azterlan bat egin du. “Hidrogeno berdearen prozesuen bizi-zikloa aztertu dugu ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntutik, haren sorkuntza, likido eramailearen hidrogenazio-prozesua, azken erabiltzaileraino garraiatzea, askatzea eta eramaile likidoa leheneratzea barne hartuta —azaldu du Reyk—, kontuan izan gabe H2-aren azken erabilera eta kontsumoa”. Azterlanean, energia berriztagarrien potentzial handia duten herrialde ekoizleen (hala nola Namibia, Saudi Arabia, Norvegia eta Espainia) eta herrialde kontsumitzaileen (hala nola Alemania, Herbehereak, Japonia eta Italia) arteko konbinazioak aztertu dira, baita itsas garraioa eta lehorreko banaketa-mota desberdin batzuk ere. Azterlanaren berrikuntza nagusia izan da hornidura-kate horien gizarte-arriskuaren analisia txertatu duela, “orain arte gutxi aztertutako alderdi bat”.
Ez lehenetsi alderdi ekonomikoak soilik
Emaitzek azpimarratzen dute garrantzitsua dela H2 berdea ekoizteko etapan nahiz hidrogenoa eramailetik askatzeko etapan efizientzia nola hobetu gehiago ikertzea, bi etapa horiek energia-kontsumo handia eskatzen baitute. “Horiek biak dira hornidura-kateko punturik kritikoenak”, diote.
Reyk azaltzen duenez, emaitzek agerian utzi dute “ez dagoela aztertutako hiru ikuspuntuetatik —soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa— abantailak dituen agertoki perfekturik. Haien arteko oreka lortu beharko litzateke hornidura-kate osoan, alderdi ekonomikoak soilik lehenetsi gabe”. Esate baterako, “ekoizpen-etapa, baldintza sozioekonomiko, politiko eta instituzional desberdinak dituzten herrialdeetan kokaturik egonda, asko alda daitezke balizko gizarte-arriskuak”.
Azterlanaren ondorioek oinarriak ezartzen dituzte H2 berdearen mundu mailako etorkizuneko merkataritzaren ibilbideen diseinuari buruzko erabakiak hartzen hasteko. Reyren aburuz, “beharrezkoa da karbono-emisioak edo ekoizpen-kostuak murriztetik harago joatea. H2 berdearen korridoreak diseinatzean, haien inplikazio geopolitiko eta sozialak ere kontuan hartu beharko lirateke. Nola garatu daiteke etorkizuneko hidrogeno-merkataritza bat, hego globaleko baliabideak ipar globalaren garapen teknologiko eta ekonomikoaren mesedetan erauzteko dinamikak errepikatu gabe?”. Ildo horretatik, azterlanak ondorioztatzen du ezen, hidrogeno berdearen ekonomia jasangarriagoa izan dadin, hobekuntza teknologikoak egiteaz gain ingurumen-onurak, lehiakortasun ekonomikoa eta gizarte-erantzukizuna bermatuko dituzten politikak ezarri behar direla.
Hidrogenoak munduko energiaren azken kontsumoaren % 14 ordezka lezake 2050ean, nazioartean gero eta kuota handiagoa merkaturaturik, balio-kate berriak sortu ahala. Litekeena da bilakaera betean dagoen panorama horrek munduko energia-merkataritza birmoldatzea. Baliabide berriztagarri ugari dituzten eskualdeak —hala nola Afrika, Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Ozeania— gero eta gehiago hartzen dira esportatzaile potentzialtzat, eta Europa, Japonia eta Hego Korea, berriz, inportatzaile nabarmen bihurtuko direla aurreikusten da.
Informazio osagarria
Irene Rey Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza Sailean egiten ari den doktore-tesiaren barruan kokatzen da azterlana. Ion Agirre doktoreak eta Victoria Laura Barrio katedradunak zuzentzen dute tesia. Azterlana Milango Politeknikoarekin lankidetzan egin da, non doktoretza aurreko ikerketa-egonaldi bat egin baitu Reyk.
Erreferentzia bibliografikoa
- Sustainability assessment of international LOHC-based hydrogen supply chains: integration of social into environmental and techno-economic perspectives
- Chemical Engineering Journal
- DOI: 10.1016/j.cej.2026.178425
