euskaraespañol

Redes sociales campusa

Emakumeak Zientzian hastera doa, Donostian, Bilbon eta Gasteizen!

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/02

Emakume zientzialariak atzo eta gaur ekimenarekin hasiko da 70 jarduera baino gehiagoko programa zabala, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren karian. 'Marea bizia gara' leloa aukeratuta, hogeita hamalau euskal erakunde elkartu dira indar kolektiboaren balioa nabarmentzeko.

Asteartean, otsailak 3, hasiko da Emakumeak Zientzian ekimenaren hamargarren edizioa. Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldia egingo da Donostian, Bilbon eta Gasteizen, aldi berean, eta otsailaren 11 arte jarduerek ez dute etenik izango,  Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta.

Emakumeak Zientzian programako jarduerarik berezienetako bat da Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak. Emakumeak zientzian ikusarazteko iragana eta oraina elkartzen ditu topaketa horrek. Gaur egun Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikerketa-zentroetan lan egiten duten bost zientzialari igoko dira agertokira, beren esperientzia profesionala partekatzeko eta azaltzeko, modu hurbil eta ulergarrian, zertan ari diren ikertzen gaur egun eta nolakoa den beren egunerokoa zientzialari gisa. Horietako bakoitzak, gainera, iraganeko emakume zientzialari bati omenaldia egingo dio, funtsezkoak izan ziren ekarpenak egin zituzten baina denbora luzez ikusezin egon ziren figurak berreskuratuz. Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak, azken batean, bidea ireki zuten emakumeei egindako omenaldia da, eta gaur egun ezagutza eraikitzen jarraitzen dutenak ikusarazteko leiho ireki bat.

Emakumeak Zientzian jaio zenetik hamar urte igaro direnean, Emakumeak Zientzian ekimenak edizio berezi hau ospatzen du, eta ez da ibilbidean bakarrik geratzen, etorkizunerantz ere proiektatzen baita. Proiektua uste sendo batean berresten da: aurrerapausoak lortu badira ere, zientzian desberdintasunek bere horretan diraute. Ezagutza nola eraikitzen den, nork duen ahotsa, nork gidatzen duen eta nork baztertzen jarraitzen duen aztertzen dute. Honaino iristeak, zergatik jarraitu behar den hausnartzera gelditzea ere ekarri du.

'Marea bizia gara' lelopean, hogeita hamalau euskal erakundek kolektiboaren indarrean jartzen dute azpimarra zientzia irekiago, bidezkoago eta gizartearekin konektatuago bat aldarrikatzen duen jarduera-programa zabal bat antolatuta. Emakumeak Zientzian 2026 programa otsailaren 3tik 11rako astean garatuko da. 70 jarduera baino gehiagoko programa zabal bat diseinatu da, EAE osoan zehar, erakusteko ekintza txikiek, elkarrekin, mugimendu handia sortzen dutela.

Otsailaren 11n amaituko dira hamargarren edizioko jarduerak (Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, hain zuzen), Donostiako Aquariumean egingo den jai-ekitaldi batekin. Amaierako topaketa horretan, gogoeta-prozesu baten ondotik eginiko manifestu edo ekintza-plan bat partekatuko dute. Hark markatuko ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak, eta ospakizunaren ardatz nagusi bihurtuko da.

Jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus atarian ikus daiteke, eta jada eman daiteke izena antolaturiko jardueretan.

Emakumeak Zientzianen 10. edizioan parte hartzen duten 34 erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologiaren ehunaren erakusgarri dira: EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, EHUko Informatika Fakultatea, EHUko Kimika Fakultatea, EHUko Farmazia Fakultatea, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BCMaterials, Biogipuzkoa, CIC bioGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Achucarro, Aranzadi, AZTI, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Biofisika Institutua, CEIT, CFM-Materialen Fisika Zentroa (CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, ,CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, EESS Bilbao, Ikerlan, Ingeniariak, Kutxa Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnun - Nafarroako Unibertsitatea, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea eta Vicomtech.

Emakumeak Zientzian 2026ek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Arabako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Bilbao Ekintzaren, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzaren eta Ikerbasquen MUBILen eta Salto Systemen laguntza nabarmena du, baita honako entitate eta erakunde hauen laguntza ere: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia —ekimenarekin bat egin duten Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez—, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia, Biook, Skills4Science, Laboratorium Bergara, Emakunde, Lemniksata, EHUren Berdintasunerako Zuzendaritza, Donostiako Aquariuma, Donostiako convention Bureau eta Eibarko Udaleko Berdintasun Zerbitzua.