euskaraespañol

Redes sociales campusa

ENLIGHT, unibertsitateen agregazio hutsa baino askoz gehiago

Aliantzak sei hileko bilera egin berri du Galwayko Unibertsitatean, eta Joxerra Bengoetxea buru izan duen EHUko ordezkaritza batek parte hartu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/06/05

Argazkia: EHU

Urtean bitan, ENLIGHT Aliantzak proiektuaren bilera egiten du, eta Europako aliantza hori osatzen duten 10 unibertsitateetako (tartean Euskal Herriko Unibertsitatea) 150 pertsona inguru biltzen ditu. Bileren helburua da lantaldeek aldizka egiten dituzten online bileretan lantzeko zailenak diren gai estrategikoetan aurrera egitea. 

Ekainaren 3tik 5era, Galwayko Unibertsitateak (Irlanda) bilera horietako azkena hartu du. Anders Hagfeldt ENLIGHTko presidenteak eta Uppsalako Unibertsitateko (Suedia) errektoreak, inaugurazioan azpimarratu zuenez, “gure aliantzak egiturazko lankidetza baterantz egiten du aurrera, eta horrek hamar erakundeetako maila guztiak iragazkortu behar ditu”. “Aliantzaren ekimenak finantzatzeko aukera ematen duten proiektuetatik harago, ENLIGHT epe luzerako aliantza sendo gisa eta goi mailako hezkuntza eraldatzeko tresna gisa proiektatzen da”. 

Bi egunetan, Governing Boardek (hamar errektoreak) eta Board zuzendariak (Nazioartekotzeko errektoreordeek osatua) ohiko bilerak egin dituzte, eta, horrez gain, Ikerketa eta Garapeneko errektoreordeak ere deitu dituzte lehen aldiz, arlo horietan agenda komun batean aurrera egiteko. 

“ENLIGHT unibertsitateen agregazio hutsa baino gehiago da”, azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerra Bengoetxeak. "Komunitate akademiko, kultural eta sinbolikoa da, denboran irautera eta goi mailako hezkuntza eredu berri bat garatzera deitua. Eredu hori europar nortasunaren ezaugarri nagusietan oinarrituta dago: demokrazia, konpromiso soziala eta aniztasunarekiko errespetua". 

Beste batzuetan bezala, gainerako parte-hartzaileek bilera paraleloetan landu dituzte beren arloei buruzko gaiak, zehazki, titulazioen nazioartekotzea, mugikortasunaren areagotzea, lankidetza akademikoari buruzko gaiak, baterako plataforma digitalen diseinuaren eta erabileraren koordinazioa, eta beste gai batzuk, hala nola unibertsitate kideetan aliantzaren hedapena eta ikusgarritasuna hobetzea.  

ENLIGHT Alianza 2020an eratu zen, eta hamar herrialdetako beste horrenbeste unibertsitate publiko generalista eta ikertzailek osatzen dute (aipatutakoez gain, Comenius-Bratislava (Eslovakia); Groningen (Herbehereak); Göttingen (Alemania), Tartu (Estonia); Bordele (Frantzia); Berna (Suza). Guztira, 300.000 ikasleko komunitatea hartzen du. 

Hurrengo topaketa azaroaren erdialdean izango da, Ganteko Unibertsitatean (Belgika). Askoz lehenago, ekainean bertan, Aliantzak diseinatutako eta Europan guztiz berritzailea den hezkuntza proiektu baten berri emango da.