KideON ikerketa-taldeak aztertu du zerk eragiten duen guraso askok seme-alabei eskolara bakarrik joaten ez uztea. Ikusi dute segurtasun-pertzepzioak pisu handia duela eta sozialki eraikitakoa dela, arrisku errealetan oinarritutakoa baino gehiago. Ikertzaileen arabera, beldur horiei aurre egiteko gakoa kontzientziazioan eta ikuspegi sozialean dago, eta Eskola-bidearen gisako egitasmoek gurasoen konfiantza handitzen eta haurren mugikortasun autonomoa sustatzen laguntzen dute.
-
Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk
-
EHUren eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresaren arteko hitzarmena
-
EHU 358. postuan dago NTUren Munduko Unibertsitateen Sailkapenean
-
Abuztuan hasiko da Gipuzkoako Campuseko pabiloien eraisketa
-
EHUk Boise State Universityko ikasleei agur esan die
Eskolara heldurik gabe joateko ekimenak, haurren autonomia sustatzeko eta gurasoen beldurrak gainditzeko giltzarri
EHUren ikerketa baten arabera, familia askok ez dute segurutzat jotzen umeek ikastetxera bidea bakarrik egitea, eta kontzientziazio soziala ezinbestekoa da joera hori aldatzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/13
Haurrek eskolarako bidea helduen laguntzarik gabe egiteak umeentzako onura fisiko, mental eta sozialak ditu. Besteak beste, haien autonomia zein mugikortasun-ahalmenak garatzen ditu, bizimodu aktiboa sustatzen du, ingurunearen ezagutza areagotzen du eta harekin erlazionatzeko gaitasunak lantzen laguntzen die. Aldiz, gaur egun, gure testuinguruan, Lehen Hezkuntzako azken mailetako ikasle gehienak ez dira bakarrik joaten ikastetxera. Errealitate hori faktore askoren ondorio bada ere (eskolaren kokapena, autoarekiko menpekotasuna, denbora-falta…), ikerketek erakutsi dute gurasoen segurtasun-pertzepzioak pisu erabakigarria duela.
Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko KideON ikerketa-taldeak azterketa bat egin du 6-12 urteko seme-alabak dituzten gurasoen ikuspegia jasotzeko: “Jakin nahi genuen zein den haien segurtasun-pertzepzioa eta beldurrak nondik datozen. Gehienen ustez (% 62,8), ez da segurua haien herrian umeak eskolara bakarrik joatea. Eta aipatu dituzten arriskuetatik ondorioztatzen dugu segurtasun-faltaren sentsazioari aurre egiteko interbentzio sozialak behar direla. Askotan gai honen inguruko ikerketak egin izan dira kale eta errepideen diseinuan fokua jarrita, baina eraginkorragoa eta merkeagoa litzateke gurasoen beldurrak lantzea eta umeak ikastetxeetara heldurik gabe joateko ekimenak sustatzea, azpiegituretan aldaketak egitea baino”, azaldu du Nahia Idoiaga ikertzaileak.
Ikerketan parte hartu duten gurasoek lau arrisku nagusi azpimarratu dituzte: oinezkoentzako bide-segurtasun urria, poliziaren presentzia eskasa, errepideek herria zeharkatzea eta argiztapen falta. “Guk galdera ireki bat bota genien eta ideia hauek errepikatu egin ziren. Beraz, ikusi dugu, erabaki indibidualetik haratago, badagoela diskurtso partekatu bat gurasoen segurtasun-sentsazioa konfiguratzen duena. Kolektiboa izateak, ordea, ez du esan nahi erreala denik. Izan ere, datuei begiratuta, istripuak anekdotikoak dira eta Euskal Herriko umeak eskolara bakarrik joatea ekintza segurua da. Segurtasun-erreala baino, pertzepzioa da gakoa”, dio Idoiagak.
Kontzientziazioaren eta ekimen sozialen garrantzia
Pertzepzio horri aurre egiteko, EHUko ikertzaileek diote irtenbide nagusia dela familiak umeen mugikortasun autonomoaren onurez jabearaztea eta kontzientziazio-lanketak egitea. “Guraso askok uste dute seme-alabak babesteko eta haiei onena emateko modua dela ikastetxeraino laguntzea. Eta gainera, sarri, malabarak egin behar izaten dituzte horretara iristeko. Baina azaldu behar zaie, adin batetik aurrera, haurrentzako hobe dela eskolara heldurik gabe joatea. Adibidez, 9-10 urte ingururekin lantzen has daitekeen zerbait da eta progresiboki egiten joan. Eskola-bidearen moduko egitasmoak oso aproposak dira horretarako”, argitu du Idoiagak.
Eskola-bidea EAEko zenbait udalerritan martxan dagoen proiektu bat da, haurrak eskolara oinez eta taldean joateko modu antolatua eskaintzen duena. Horretarako, herriko zonalde desberdinetatik ikastetxeraino iristeko ibilbideak diseinatzen dira eta bidean elkarguneak ezartzen dira, umeak bertan bildu eta batera joan daitezen. “Ikusi dugu halako ekimenek, gastu publiko xume bat egitea eskatzen dutela eta funtzionatzen dutela. Babes-sare bat eraikitzen da eta herriko komunitatea aktibatu egiten da. Esaterako, dendetan eta bestelako lekuetan kartelak jartzen dira, haurrek jakin dezaten zerbait gertatuz gero laguntzeko norbait egongo dela han. Horrelako babes-ekintzekin gurasoen segurtasun-maila asko handitzen da”, azaldu du Idoiagak.
Hain zuzen ere, EHUren ikerketan parte hartu duten zenbait gurasok hori azpimarratu dute. Herria umeak bakarrik ibiltzeko modukoa dela uste dutenak gutxiengoa badira ere (% 37), haien erantzunetan nabarmendu dute Eskola-bidearen ibilbideek zeharkatzen dituzten zonaldeak seguruagoak direla.
Ikertzaileek diote herritarren segurtasun-pertzepzioak aldatu egiten direla herritarrek hobetzeko estrategiak martxan jarri direla antzematen dutenean eta, beraz, lanketa-sozial bat egiteak jarrera-aldaketak eragiteko potentzial handia duela: “Hirigintza eta azpiegiturak hobetzean soilik zentratu beharrean, interbentzioek segurtasuna sozialki eraikitzen den fenomeno gisa hartu beharko lukete. Trafikoa eta kalearen diseinua aldatzeak edo argiztapena hobetzeak lagunduko badu, aurrera. Baina ikusi duguna da beldurretan giza faktoreak indar handia duela. Kale-argi gehiago jartzetik baino, arrisku-sentsazioari aurre egitetik etorriko da aldaketa”.
Informazio osagarria
Nahia Idoiaga psikologian doktore da eta eskolak ematen ditu Bilboko Hezkuntza Fakultateko Haur Hezkuntzako Graduan eta Lehen Hezkuntzako Graduan, zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterrean. Artikulu hau KideON-eko taldekideak diren Naiara Berasategi, Maitane Picaza eta Maria Dosil EHUko ikertzaileekin batera landu du.
Erreferentzia bibliografikoa
- Families’ perception of safety on school pathways
- Cities
- DOI: 10.1016/j.cities.2026.107107