Estibalitz Txurruka Alberdi Biologian doktorea da. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia sailean lan egiten du ikertzaile gisa, eta Euskal kostaldean dauden mikroalgen laginak gordetzen dituen Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bilduma (BMCC) kudeatzen du.
Estibalitz Txurruka Alberdi: «Antxoaren denboraldia behar baino lehen hasteak arrantza-kuotak berak baino gehiago kaltetzen du espeziea»
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/05/28
EHUpodcasten atal berrian, Algen Ekologia eta Bioteknologia taldeko kide den ikertzaileak argi azaldu du zergatik den garrantzitsua arrainen zein landare mikroskopikoen barne-dinamikak xehetasunez ezagutzea gure itsas ekosistemen oreka babesteko. Txurrukak itsas ingurunearen bi alderdi harrigarri jarri ditu mahai gainean: Bizkaiko Golkoko antxoaren bioenergetikak arrantzan duen eragina, eta gure kostaldeko mikroalgek gordetzen duten potentzial bioteknologikoa.
Antxoa babesteko gakoa: arrantza-denboraldiaren hasiera
Elkarrizketatuak azaldu duenez, itsas ekosistemen kudeaketa jasangarria bermatzeko funtsezkoa da antxoaren bioenergetika ulertzea, hau da, arrainak adinaren eta ingurumenaren arabera energia nola kudeatzen duen aztertzea. Bizkaiko Golkoan espezie hori itsasoko urak 14°C-ko atalasea gainditzen duenean hasten da ugaltzen, eta ale handienak eta helduenak dira arraultzak erruten lehenak. Txurrukak AZTIrekin lankidetzan egindako azterketen arabera, antxoa heldu/nagusi horiek dira erruten dituzte arrautza indartsuenak, arben biziraupena ziurtatzeko probabilitate handiena dutenak. Izan ere, baliabide gehienak ugalketara bideratzen dituzte, eta gazteenek, berriz, hazkundeari ematen diote lehentasuna, beren biziraupena bermatuko duen tamaina optimora iritsi arte.
EHUko ikertzailearen ustez, garrantzitsua da arrantza denboraldia hasi baino lehenago arrainen gonadek garatzeko astia izan dezatela bermatzea. Arrantza denboraldia uraren tenperatura 14 graduetara iritsi eta antxoak ugaltzen hasi aurretik irekitzeak etorkizuneko populazioaren biomasa eta tamaina kaltetzen ditu. Aleak arrautzak erruten hasi baino lehenago arrantza ditzaten saihesteko, bi konponbide posible proposatu ditu Txurrukak. Alde batetik, kanpaina abiatu aurretik laginak harrapatzea, arrainen ugal-gonaden egoera aztertu eta ugaltze-prozesua hasi den ala ez egiaztatzeko. Bestetik, itsasoko urak 14 °C-ko muga gainditzen duenean arrantza pare bat astez atzeratzea, antxoek arrautzak erruteko astia izan dezaten.Hain zuzen ere, horrexegatik nabarmendu du ikertzaileak "noiz" arrantzatzen den zaintzea "zenbat" (kuota) arrantzatzen den baino garrantzitsuagoa izan daitekeela, arrainek ugaldu aurretik sareetan amaitzeak erabat arriskuan jartzen baitu etorkizuneko belaunaldien biziraupena.
Euskal itsasertzeko mikroalgen altxorra
Arrantzaren kudeaketa aztertzeaz gain, Txurrukaren lana laborategira ere iristen da, mikroalgek ezkutatzen dituzten altxorrak ikertuz. Elkarrizketatuak EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean kokatutako Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bilduma (BMCC) kudeatzen du. Bertan, euskal kostaldeko 700 andui baino gehiago zaintzen dituzte, itsas biodibertsitatea babesteko eta enpresei zein zientzialariei baliabide bioteknologikoak eskaintzeko helburuarekin.
Algen Ekologia eta Bioteknologia taldeak eremu honetan egiten duen lanari esker, gertutik aztertu daitezke kostaldeko fenomenoak —hala nola udan Hondarretako hondartzan bainulari batzuei azkura eragin zien Ostreopsis algaren loratzeak. Aurrera begira bere ikerketa taldeak bi ildo argi jorratuko dituela iragarri du Txurrukak: ekologia, gure eskualdeko itsas eta ur gezako sistemen dibertsitatea ulertzeko; eta bioprospekzioa, interes komertziala edo industria-balioa duten andui berriak bilatu eta ustiatzeko.
EHUpodcast: zientzia entzungai
“Entzun ta zabal zazu” lelopean, EHUpodcast Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) plataforma da. Helburu nagusia da ezagutza zientifikoa gizartera hurbiltzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta publiko orokorraren jakin-mina piztea. Hileroko proiektu hau Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak bultzatu du, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen laguntzarekin. Elkarrizketak Tania Arriaga irakasleak koordinatu eta aurkezten ditu, Bitartez ikerketa-taldearen inplikazioarekin. Podcastak euskaraz edo gaztelaniaz egiten dira, eta transkripzioak ingelesera ere itzulita eskaintzen dira, edonork eduki horietara sarbidea izan dezan.
Dagoeneko entzungai ohiko plataformetan, EHUpodcasten, eta Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren web orrian.