“Elkar mugituz egingo dugu”. Euskaraldia abiatzeko egun gutxi falta dira, maiatzaren 15etik 25era izango baitugu euskaldunok hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitzeko aukera, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz.
-
Dena prest EHUP! Jairako
-
AAren potentzial eraldatzailea mugatu dezaketen lau oztopo
-
Aingeru Mayor: “Ezberdin pentsatzen duenari entzunda, gehiago ikasiko dugu”
-
Giza jarduerak landareen dibertsitatea murrizten du ehunka kilometrora
-
Estabilidad y energía limpia: el nuevo desafío de la transición energética
Eta denok lehen hitza euskaraz esango bagenu?
Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia; unibertsitateak aukera baliatu nahi du konpromisoak hartu eta bideratzeko
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/08

Hamaika eguneko praktika sozial masibo bateratu horretan ere murgilduko da Euskal Herriko Unibertsitatea. “Euskaraldia moduko ekimenek aukera ematen digute euskal komunitatea hobeto ezagutzeko eta ikusgai egiteko. Beharrezkoa zaigu gure arteko harremanak estutzea, kezkak eta ideiak partekatzea, konpromisoak hartu eta bideratzea, eta euskara-batzordeak horretarako tresna egokiak direla uste dugu, zaindu egin behar delako eguneroko jarduerak euskaraz izatea, eskura jarri behar zaiolako unibertsitateko komunitateari euskaraz ikastea eta lan egitea, baita euskaraz bizitzea ere”, azaldu du Igone Zabalak, EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak.
EHUk konpromiso irmoa du euskararekin, 1980an sortu zenetik. “Euskal Herrian tamaina honetako erakundeen artean euskarak duen arnasgune eta indargunerik handienetakoa da Euskal Herriko Unibertsitatea”, nabarmendu du Zabalak. Hala ere, errektoreordeak dioenez, urratsak egiten jarraitzeko beharra dago: kolektibo guztietan euskararen erabilera areagotzeko estrategiak garatu, euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko neurriak hartu eta euskararen biziberritze-prozesu orokorrean lagundu.
Unibertsitate eta gizartean euskararen erabilera areagotzeko bidaia horretan komunitatea osatzen dugunon engaiamendua ere nahitaezkoa da. Baina nola ikusten dugu unibertsitateko kideok euskararen oraina eta geroa? Gertuko erradiografia soziolinguistiko bat egin dugu, irakasle, ikasle eta tekazel batzuei galdera hauek luzatuz: Zein da euskarak zabaldu dizun aterik interesgarriena? Zein egoera ezin duzu imajinatu euskararik gabe? Unibertsitateak zergatik behar du euskara? Zure ibilbide akademiko-profesionalean zein leku izan du euskarak? EHU euskalduntzeko zein dira gako nagusiak zure ustez? Eta noski: Euskaraldian zein erronka jarri diozu zure buruari? Denak bat datoz esaten gure egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko beharra dagoela.
Arrate Atxa. TEKAZEL
“Euskara izan dut ama hizkuntza. Ikasketa akademikoak ere euskaraz egin nituen unibertsitatera heldu arte. Lanean aukera paregabea izan dut euskara errektoreordetzan euskaraz egiteko lankideekin. Baina lanpostuz aldatu nuenean euskara gero eta gutxiago erabiltzen hasi nintzen. Horregatik, nire erronka Euskaraldian lankideekin euskara gehiago egitea izango da. Zuek ere animatu eta egin euskaraz!”, azaldu digu Prestakuntza teknikariak.
Beñat Garmendia. Ikaslea eta errugbi jokalaria
Hezkuntza eta Kirol Fakultatean ikasten hasi da ikasturteon Beñat Garmandia, goi mailako eta errendimendu handiko kirolaria den Hernani Rugby Elkarteko jokalaria. Giro euskaldunean hasi eta hezi den gazte horietako bat da Beñat, eta hauxe Euskaldirako haren erronka: “ Nire inguruneko pertsona erdaldunei euskara ikastearen jakinmina piztea izango da. Horrela, ea hurrengo Euskaraldian parte hartzera animatzen diren, beraien esku ere baitago euskararen etorkizuna”, adierazi du Beñatek.
Lauren Etxepare. Irakaslea
Arkitektura Eskolako irakasle hasi zen 2002an, eta ikasketak gaztelaniaz egin bazituen ere, klaseak euskaraz ematen hasi zen. “Ikasi egin behar izan nuen arkitektura eta eraikuntza euskaraz irakasten. Lana izan zen, baina gaur egun ez dut imajinatzen “, graduko irakaskuntza euskara ez den beste hizkuntza batean. Egia esan, okerrago egingo nuke!” Eta horri erantsi iezaiozu lankide euskaldunekiko harremana edota etxekoekin eta jendartearen zati euskaldunarekin harremanak”, erantsi du.
Euskaraldiari begira, “erronka da egunerokoan ahal dela gehixeago erabiltzea, baina hori baino, batez ere, esango nuke dela haien egunerokoan ohi baino gehiago baliatuko dutenei kasu egitea, ‘belarriprest’arena jokatzea”.
Lidia Maeso. Doktorego-aurretiko ikerlaria
Euskara Lidia Maesoren ibilbide akademiko eta profesionalaren ardatz nagusia izan da. “Izan ere, nik betidanik euskaraz ikasi dut. Lehenengo ikastola batean, Gasteizen. Ondoren, Farmazia graduan. Eta orain doktoretza ere unibertsitate honetan egiten ari naiz, zuzendari euskaldun batekin. Pentsatzen dudanean burura datorkidan lehenengo hizkuntza beti da euskara”. Esan digunez, oso zaila suertatzen zaio hezkuntza mundua euskararik gabe imajinatzea. Lana osasun munduan garatzen du, eta arlo horretan euskaraz aritu ahal izatea ezinbestekoa dela dio. “Pazienteen ulermena eta osasun profesionalarekin gertutasuna zein tratamenduen betetze maila ere asko hobetzen dira”, dio.
Euskaraldiari begira, “nire erronka nagusienetako bat izango litzateke laborategiko kideen artean euskara ezagutzeko eta, agian, apurtxo bat ikasteko gogoak zabaltzea, asko kanpotarrak baitira”.
Maitane Galbete. TEKAZEL
Zeinu Hizkuntzako Interpretazio teknikaria da Desgaitasunak dituzten pertsonentzako Zerbitzuan. “Nire ustez, unibertsitatea euskalduntzeko gako nagusia Unibertsitatea osatzen dugun pertsona guztiek euskararen ezagutzatik erabilerara pasatzea da. Euskaraldi honetan nire buruari jarri diodan erronka lehenengo hitza beti euskaraz egitea” dela azaldu digu.
Olatz Ortega. EHUko doktorego-aurretiko ikerlaria
Biologia ikasi ostean, Suediara joan zen LGTBIQ+ pertsonen eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen ahalduntzearen inguruan lan egitera. Gerora, UPV/EHUko Ekotoxikologiako Erasmus Mundus masterra ikasi zuen, eta orain Zientzia eta Teknologia Fakultatean dago doktore-tesia egiten. “Unibertsitatea ez da soilik izan ikasteko toki bat. Euskal Herriko txoko guztietako jendearekin elkartu naiz han, eta horrek euskaraz bizitzeko nire grina areagotu du. Nire master amaierako lana euskaraz egitea erabaki nuen, eta hori hautu pertsonala baina politikoa ere izan da, zientzia arloan ematen duelako ingelesez ez bada ez dela benetako zientzia. Baina zientzia euskaraz egitea posible da, eta beharrezkoa. Bestela, euskarazko jakintza sortzeko eta partekatzeko aukerak galtzen ditugu eta hizkuntza bera desagertzera kondenatzen dugu goi mailako ezagutzaren esparruetan”, azaldu du.
“EHU euskalduntzeko ezinbestekoa da euskaraz ikasteko aukera bermatzea. Gogoratu behar dugu mundu mailan euskaraz ikastea bermatu dezakeen unibertsitate publiko bakarra dela”.
Zuk ere galdetu ahal diozu Euskaraldian zein erronka jarri diozun zeure buruari.