euskaraespañol

Euria egin duen arren, giro polita sortu da EHUP! Jaian.

Leioako campusak ikasleen jaia hartu du gaurkoan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/09

Txaranga Mikel Laboa plazatik abiatzen | Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU

Eguraldi txarrari aurpegi ona jarri behar eta Onintza Enbeita, Jone Larrinaga eta Mikel Goiriena  bertsolariek horretarako ardura hartu dute Mikel Laboa plazako aterpean hasi den EHUP! Jaian. Enbeitak bota duen moduan, “gaur eguzkirik ez da aterako, baina ez digu inporta”.

Eguerdi partean eguraldiak hobera egin du eta ikasle andana batu da Wesyke txarangaren kalejiran. Biofisika landak eta Mikel Laboa plazak hartuko dituzte ekimen gehienak, eta guztira 400dik gora boluntario ibili dira jaia prestatzen.

Bederatzi txosna jarri dituzte 9 ikastegik (Ekonomia eta Enpresa; Gizarte Zientziak eta Komunikazioa; Zientzia eta Teknologia; Ingeniaritza; Hezkuntza; Medikuntza eta Erizaintza; Zuzenbidea; Arte Ederrak; Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak), eta Fakultate bakoitzeko ikasleek euren txosna apaindu dute, lehiaketa egongo baita. Arratsaldeko sari-banaketan ezagutuko da txosna irabazlea.

Hurrengo urtean jaia beste campus batean ospatzea da asmoa.