EHUko Ekopol taldean sortutako Amalur EIS ingurumen-informazioko sistemak aukera ematen du herrialde, eskualde edota udalerri mailako ingurumen-inpaktuen analisiak egiteko, Kutsatzaileen Isuri eta Transferentzien Europako Erregistroko datuetan eta bizi-zikloaren ikuspegian oinarrituz. 2007-2022 bitartean Euskal Herriko industria-instalazioetan bildutako datuen emaitzak ere aztertu dituzte ikertzaileek.
-
Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk
-
Abuztuan hasiko da Gipuzkoako Campuseko pabiloien eraisketa
-
EHUk Boise State Universityko ikasleei agur esan die
-
Baheketa-programak koloneko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 murriztu du Euskadin
-
Abuztuan, lanetan
Europako industria-instalazio handien emisioen inpaktuak kalkulatzeko sistema ezagutzera eman dute
Amalur EIS tresnarekin lortutako emaitzen arabera, industriak eragiten duen inpaktu guztiaren % 59,5 energia-sektoreak sortzen du Europan
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/30
“Industria-instalazio handiek lurrera, uretara eta airera egiten dituzten isurketen datuen berri eman behar diete administrazioei, eta Europar Batasunak Kutsatzaileen Isuri eta Transferentzien Europako Erregistroan (E-PRTR) batzen ditu datu horiek. Hala ere, informazio hori ez da oso erabilgarria bere horretan, eta, datuok aztertzeko, Amalur EIS ingurumen-informazioko sistema sortu dugu, kutsatzaile guztien inpaktuak adierazle bakar batera ekartzeko”, azaldu du Gorka Bueno Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak.
E-PRTR erregistroan jasotako informazioan oinarrituta kalkulatzen ditu ingurumen-inpaktuak Amalur EIS sistemak; Europako 31.388 industria-instalaziok 2007-2022 bitartean lurzorura, airera eta uretara egindako isuriei buruzko datuak erabiltzen ditu. Bestalde, bizi-zikloaren inpaktuak ebaluatzeko 31 metodo erabiliz egin ditzake kalkuluak, eta PRTR protokoloak araututako 91 kutsatzaileetatik 78 jasotzen ditu.
Gainera, ingurumen-inpaktuen hainbat alderdi hartzen ditu kontuan, hala nola klima-aldaketa, ekosistemetarako edota gizakientzako toxikotasuna, ozonoaren sorrera, azidifikazioa, partikulak eta abar. “Askotan klima-aldaketarekin tematzen gara, berotze globalarekin; baina kontuan hartu behar dugu beste inpaktu-mota asko daudela, eta, airera egiten diren isurketez gainera, uretara eta lurrera egiten direnak ere kontuan hartu beharra dagoela”, zehaztu du Ekopoleko ikertzaileak.
Datuak ulertu, erabakiak hartzeko
Ekopol ikerketa-taldeko ikertzaile Buenok azaldu duenez, sistema honen bidez “industriako kutsatzaileen isurketen datuak ingurumen-inpaktu bihurtzea eta kuantifikatzea” lortzen da. “Amalur EIS tresna baliotsua da iraunkortasuneranzko trantsizioa monitorizatzeko, batez ere Europan. Izan ere, ingurumen-inpaktuari buruzko informazio zabala eskuratzeko aukera ematen du; adibidez, sektore ekonomikoetan inpaktu handienak zer instalaziok sortzen dituzten jakiteko, sektore ekonomikoak identifikatzeko, eta abar”. Datuak komunitate akademikoaren, arduradun politikoen, enpresen eta gizartearen esku jartzea du xede sistemak.
Horrenbestez, Europako Batzordeak gomendatutako metodoak erabilita, eta normalizazio- eta haztapen-urratsak barne hartuta, Europako eta Euskal Herriko datuak aztertu dituzte Ekopoleko ikertzaileek, Amalur EIS sistema baliatuz.
Europako ingurumen-inpaktu osoan klima-aldaketak du pisurik handiena (% 68,6), eta, “industria-jarduera guztietatik, energia-sektoreak eragiten du inpaktu handiena (guztizkoaren % 59,5). Geografikoki, bi elementu horiek bat datoz Alemaniako Düsseldorf, Kolonia eta Brandenburgo eskualdeetan, eta horrek Europako eskualde mailako inpaktu handienak kontzentratzea dakar. Izan ere, Alemania da inpaktu handiena sortzen duen herrialdea; guztizkoaren % 20,3”, azaldu du EHUko ikertzaileak. Informazioa oso modu adierazgarrian ageri da Amalur EIS webgunean.
Euskal Herriko industria-instalazioen ingurumen-inpaktua
Tresnaren potentzialaren erakusgarri, Euskal Herriko datuetatik hainbat ondorio atera dituzte eta zerrenda bat osatu dute (https://addi.ehu.eus/handle/10810/72790 Eranskina) Ekopoleko ikertzaileek. Emaitza horien arabera, “Petronorren instalazioek (Muskiz, Bizkaia) eragiten dute inpaktu handiena (instalazio guztiek sortzen dutenaren % 25). Mineralen industriako sei instalazio nagusiei (batez ere, zementu-industriei) inpaktu osoaren % 16,9 dagokie, eta zazpi zentral termikoei guztizkoaren % 17 (bigarren instalazio kutsatzaileenak Total Energies-en ziklo konbinatuko bi instalazioak dira, zeinak Castejonen baitaude, Nafarroan)”. Hondakinen tratamenduaren sektorea da hurrengoa zerrendan: inpaktu osoaren % 12,5 eragiten du (Galindoko HUA da 5. instalazio kutsatzaileena; Zabalgarbi erraustegia 12.a, eta Artigasko zabortegia 23.a).
Geografikoki, Bizkaia da inpaktu handiena sortzen duen lurraldea, inpaktuaren guztizkoaren % 52 eta 25 instalazio kutsakorrenetatik 10 biltzen baititu; Nafarroak 7 instalazio ditu, eta inpaktuaren guztizkoaren % 23,7 eragiten du; Gipuzkoak 5 instalazio, eta guztizkoaren % 17,8; Arabak 3 instalazio eta guztizkoaren % 6,3; Iparraldeak, azkenik, eragin osoaren % 0,5 baino ez du sortzen, eta lehen instalazio kutsatzailea 55. postuan dago.
Informazio osagarria
Lan hau EHUko Ekopol ikerketa-taldeko Jon Iñaki Sasia Santos, Gorka Bueno Mendieta eta Iker Etxano Gandariasbeitia kideek egin dute; Sasia Santosen doktore-tesiaren ataletako bat da.
