euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Euskadiko enplegu eta gizarteratze politikak aztertuko ditu jardunaldi batek

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/10/29

Euskadiko enplegu- eta gizarteratze-politiken jardunaldiko familia-argazkia
Euskadiko enplegu- eta gizarteratze-politiken jardunaldiko familia-argazkia | Argazkia: EHU

‘Enplegu eta gizarteratze-politiken ebaluazioaren instituzionalizazioa: ereduak, ikaskuntzak eta aplikazioak’ jardunaldia egiten ari da gaur, urriak 29, Bizkaia Aretoan. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatu du, Besaldiren laguntzarekin (enplegu eta gizarteratze-politikak ebaluatzeko organo publiko eta independentea). Ekimen hau bi erakundeen arteko lankidetza-prozesuaren markoan kokatzen da, politika hauen ebaluazioan aurrera egiteko sinergiak eta elkarguneak sortzeko helburuarekin.

Ekitaldian parte hartu dute Estitxu Garai Artetxe EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak eta Fernando Fantova Azcoaga Besaldiko titularrak, eta ebaluazio publikoaren arloak gaur egun dituen erronketako batzuetan sakondu dute. ”Jardunaldi honen izenak  garbi adierazten du bere izana eta xedea: enplegu- eta inklusio-politiken ebaluazioa instituzionalizatzea. Izan ere, ebaluazioak ezin du izan prozesuaren amaierako ariketa hutsa; erabakiak hartzeko moduaren parte izan behar du. Ebaluazioaren kultura bat eraikitzeaz ari gara, eta horretarako denbora, erakunde sendoak eta, batez ere, pertsona gaituak eta ikerlariak behar ditugu. Ebaluatzea, azken batean, erantzukizun publikoaren parte da”, adierazi du Estitxu Garai errektoreordeak.  

Horrekin, jardunaldiaren helburua izan da elkarrizketa bultzatzea unibertsitatearen, administrazio publikoen, gizarte erakundeen, profesionalen eta enplegu eta gizarteratze politikak hobetzeko interesa duten pertsonen artean. Abiapuntua ebaluazioa ez dela soilik tresna tekniko bat, baizik eta jakintza, esperientzia eta esku-hartze publikoa ulertzeko modu desberdinen arteko topagune bat ere badela izan da.

Ekitaldian zehar, hiru dimentsio osagarri landu dira. Lehenik eta behin, ebaluazioaren instituzionalizazioari lotutako erronkak eta aukerak, antolamenduaren eraldaketei zein ebaluazio-kultura partekatuaren eraikuntzari erreparatuta. Bigarrenik, politika publikoak ebaluatzeko hainbat ikuspegi metodologiko eta lan-ildo, gaur egun eremu horretan dauden dilema eta tentsioei arreta eskainiz. Azkenik, EHUk enplegu- eta gizarteratze-politikei lotutako entitate eta erakundeekin lankidetzan garatutako esperientzia zehatzak, praktikatik eratorritako ikaskuntzak azpimarratuz.

Edukien transmisioaz haratago, workshoparen helburua enplegu eta gizarteratze politiken ebaluazioan inplikatutako pertsonen eta erakundeen arteko harremanetarako, kontrasterako eta komunitatea eraikitzeko espazio gisa sendotzea izan da.


Honen harira