Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ikerketa baten emaitzak ezagutarazi ditu. Ikerlan horrek, lehen aldiz, Euskadiko informazio ekosisteman Adimen Artifizialaren (AA) logikak nola sartzen ari diren aztertu du modu enpiriko eta lokalizatuan.
-
Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk
-
EHUren eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresaren arteko hitzarmena
-
Abuztuan hasiko da Gipuzkoako Campuseko pabiloien eraisketa
-
EHUk Boise State Universityko ikasleei agur esan die
-
Baheketa-programak koloneko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 murriztu du Euskadin
Euskal kazetarien ia erdiak geldiarazi egiten du Adimen Artifizialaren erabilera, zalantza etikoak direla eta
EHUko ikerketa batek ohartarazi duenez, “prestakuntza hutsune handia” dago sektorean; izan ere, profesionalen % 14k soilik jaso dute AAri buruzko prestakuntza espezifikoa
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/02
Adimen artifizialaren eragina euskal komunikabideetan: gobernantza algoritmikoa, hizkuntza subiranotasuna eta informazio osotasunaren erronka" izenburua duen tesia Bárbara Sarrionandia Uriguen ikertzaileak egin eta Simón Peña Fernández eta Jesús Ángel Pérez Dasilva irakasleek zuzendu dute. Ikuspegi zentralizatuetatik teknologiari buruzko azterketa orokorrek maiz egiten duten azalpenen aurrean, ikerketa honek erakusten du AAren eraginak informazioan ez direla unibertsalak; hori beharrean, lurralde bakoitzeko baldintza sioziolingustikoekiko mendekotasun handia dute. Lana metodologia mistoan oinarritu da, eta honako hauek guztiak bateratu ditu: 501 kazetari aktibori egindako inkesta bat, komunikabide liderretako (EiTB, Vocento, Grupo Noticias, Berria, Naiz eta Cadena SER Euskadi) arduradun teknologikoekin egindako sakoneko elkarrizketak, eta Eskala Handiko bost Lengoaia Ereduri (LLM) egindako auditoretza esperimentala.
“Zuhurtzia informatiboaren” eredua
Ikerketak emandako datuek baieztatzen dute Adimen Artifiziala Euskadiko erredakzioetan sartzeko prozesua hasierako fasean eta modu desorekatuan dagoela. Inkestatutako profesionalen % 45,91k adierazi du ez dituela tresna horiek inoiz erabiltzen bere eguneroko lanean; joera hori are nabarmenagoa da idatzizko prentsan, langileen % 54,20k erabat baztertzen baitu tresna horien erabilera. Kontrako muturrean, euskarri digital natiboak dira nagusi integrazioan, eta haien asteroko erabilera % 50ekoa da.
Datu horiek ikusita, ikerketak sektorearen erantzuna “zuhurtzia informatiboaren” terminoaren bidez kontzeptualizatu du. Hurbileko komunikabideek hibridazio lagunduaren eredua ari dira hartzen, Adimen Artifizialari soilik arrisku txikiko eta bigarren mailako prozesu mekanikoak delegatuz —hala nola itzulpen automatikoa (% 46,4), zuzenketa ortotipografikoa (% 27,6) edo audioaren transkripzioa (% 23)—, baina eduki informatiboaren erdigunea (hautaketa, edizioa eta idazketa irizpide zorrotzaren eta giza kontrolaren mende (human-in-the-loop) mantenduta.
Ikerketak identifikatu duenez, ezarpen zatikatu horren kausa nagusia prestakuntza gabezia sistemikoa da: Euskadiko kazetarien % 14,1ek soilik jaso du Adimen Artifizialari buruzko prestakuntza arautua eta espezifikoa. Heziketa falta hori bereziki kritikoa da erredakzioko eginkizunetan (% 13,8) eta lokuzio lanetan (% 6,3), eta horrek gehiengoa autoikaskuntzaren mende egotera behartzen du.
Prestakuntza arloko hutsune horrek ziurgabetasun operatibo nabarmena elikatzen du. Hala, teknologia horiekin esperimentatzearekin lotutako oztopo nagusien artean, honako hauek aipatu dituzte profesionalen % 63,91k: dilema etikoak, algoritmoen gardentasun falta eta egiletzaren lausotzea. Hutsune hori nabarmen handiagoa da 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duten profesionalen artean (% 47,62).
Lurraldearen ikusezintasuna eta euskararen oztopoa
Maila teknikoan, ikerlanak egindako aurkikuntza esanguratsuenetako bat da “zentralismo algoritmikoa” deritzon lurralde alborapena dagoela tresna sortzaile globaletan (ChatGPT, Claude, Gemini, Copilot eta Perplexity). Eskualdeko gaurkotasunari buruzko sentsibilitate handiko kontsulten bidez egindako proba esperimentaletan oinarrituta, ikerketak erakusten du eredu komertzialen errendimenduak eta trazabilitateak nabarmen behera egiten dutela hurbiltasun eskalan jarduten dutenean.
Algoritmoek erakunde konplexutasuna sinplifikatzeko joera dute, eta lurraldeko iturrien azpiordezkaritza kezkagarria erakusten dute: tokiko kontsulten kasuan, AAk erreferentziatutako iturri guztien artean, % 67,4 estatuko hedabideei zegokien, eta soilik % 15,5 Euskadiko hedabideei. Gainera, euskarazko informazioa prozesatzean muga morfosintaktiko eta zehaztasuneko arazo handiak daude oraindik, eta horrek “haluzinazioen” (makinak sortutako datu faltsuak) agerpena areagotu eta desinformazioaren aurrean zaurgarritasuna handitzen du. Horri aurre egiteko erantzun defentsibo gisa, ikerketak tokiko kontsortzioak eta itzulpeneko eta ahots sintesirako tresna propioak sortzen ari direla azpimarratzen du. Horien guztien helburua kokatutako subiranotasun algoritmikoa aldarrikatzea da.
Maila sozialean, ikerketak ondorioztatzen du informazio fluxu automatizatuek ez dutela neutraltasunez jarduten, baizik eta desberdintasun analogikoak heredatu eta areagotu egiten dituztela. Aztertutako ereduak modu opakuan estereotipoak errepikatzeko joera dute, eta modu sistematikoan gizonezkoen iturriak lehenesten dituzte balio politiko edo ekonomiko handiko albisteetan (hard news). Emakumeen ordezkaritza, berriz, aisialdi edo zaintzarekin lotutako rol tradizionaletara baztertzen dute.
Sektorerako konponbideak eta transferentzia
Froga enpirikoa irtenbide praktikoetara eramateko helburuarekin, ikerketak bi proposamen aplikatu aurkezten ditu hedabideen sektorerako eta Euskadiko erakunde publikoei zuzenduta: Alfabetatze Algoritmikoaren Prestakuntza Programa Integrala, profesionalak gaitasun kritiko eta teknikoetan trebatzeko, eta Europar Batasunaren AI Act araudiarekin lerrokatutako Esparru Etiko Normatiboa, trazabilitatea, hizkuntza berdintasuna eta audientzien aurreko gardentasuna bermatzeko.
Ikertzaileari buruz
Kazetaritzan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean, Bárbara Sarrionandia Urigüenek duela gutxi doktoregoa lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Gizarte Komunikazioan, bere tesia defendatu ondoren: Adimen Artifizialaren eragina euskal hedabideetan: gobernantza algoritmikoa, hizkuntza-subiranotasuna eta informazioaren osotasunaren erronka. Ikerketa-ildo horretan jarraitzen du lanean, eta aldi berean komunikazioaren eta marketinaren arloan jarduera profesionala garatzen du sektore pribatuan.