euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Ikasketa amaiera bateratua unibertsitate publikoaren aldeko ekitaldia izan dadin

Ekainaren 12an EHUko hiru campusetako azken urteko ikasleek merezi duten gradu eta graduondo amaiera ekitaldia biziko dute San Mamesen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/14

Graduazio ekitaldia
Graduazio ekitaldia | Argazkia: Fernando Gómez

Martxan da ekainaren 12an San Mames estadioan egingo den gradu eta graduondo ikasketa amaierako ekitaldi bateratua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken urteko ikasleei zuzendutako ekitaldia da, ikasleen aldetik sortutako eskari bati erantzuteko: ikasketak amaitzera doazen urtean bertan egin ahal izatea, hurrengo urteari itxaron izan gabe. Baina ekainaren 12koa unibertsitate publikoan sinesten duten pertsona guztientzako ere bada: unibertsitate publikoa ospatzeko eta publikoki aitortzeko EHUk gizarteari egiten dion ekarpena. Horretarako ere salgai daude publiko gisa joateko sarrerak, 19,95 eurotan.

Harrera ona jasotzen ari da ikasleen artean Gradu eta Graduondo amaierako ekitaldi bateratua egiteko deialdia.  Errektorearen izenean astelehenean bidali zitzaien ikasleei izena emateko mezua eta 24 ordutan 1.000tik gora eskari egin dira,  graduko azken urteko eta graduondoko ikasleen artean. Komeniko litzateke azken egunera arte itxaron barik formularioa lehenbailehen betetzea, era horretako ekitaldi batek eskatzen duen antolaketagatik. Izan ere, ikasketak amaitzera doazen ikasleak izango ditu protagonista ekitaldiak. Eurek beteko dute zelaiko berdegunea. Han jarriko dira graduatzera doazenentzako aulkiak, ezagutza arloka. Beraz, ikastegia zein den ere adierazi behar da betetze-orrian, bai graduko ikasleen bai graduondokoen kasuan.

Bide batez, ikasle bakoitza nahi duen moduan jantzita joan daiteke, baina hori bai, jakintza alorreko banda akademikoa eta txapela bana jantziko die unibertsitateak zelairatzen diren ikasle guztiei, graduko, graduondo zein esperientzia geletako azken urteko ikasleei.

Izan ere, ikasketa amaierako zeremonia ekitaldi akademiko gisa irudikatu da. Beraz, izango du holakoetan ohi den bezala, lezio akademiko nagusia eta segizio akademikoa ere. Baina horrez gain, unibertsitate komunitate guztia eta gizarte osoa dago gonbidatuta. Zelaiko gradak jarri dira eskuragarri horretarako. Izan ere, antolatu den moduko ekitaldia posible egiteko behar-beharrezkoa da ikasleekin joango diren senide, lagun eta gertukoek nahiz irakasle eta segizioan joango ez diren unibertsitateko irakasleek sarrera eskuratzea, antolaketa errazteko, segurtasuna bermatzeko eta, batez ere, tamaina horretako ekitaldia bideragarri izan dadin laguntzeko. Prezioa ere dezente egokitzen saiatu da eta 19,95 eurotan jarri dira sarrera guztiak.

Ekitaldi akademiko gisa irudikatu da ekainaren 12koa, baina aurkezpenean errektoreak adierazi bezala, bestelako jarduerak ere izango dira San Mamesen; tartean, musika emanaldiak, bertsoak eta beste hainbat kontu. Eta ikasleei egin nahi zaien omenaldiarekin batera, EHUn ikasi duten ikasle ohiak ere aintzat hartu nahi dira. Horretarako, EHUAlumni sariak banatuko dira ekitaldian zehar; hainbat garaitan Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi duten eta euren ibilbide profesionalean aurrera egin duten ikasle ohiek jasoko dute aitortza.

Joxerramon Bengoetxeak zabaldutako mezuan adierazi bezala, “une errepikaezin baten aurrean gaude eta ez da gradu amaierako ekitaldi soila izango; ikuskizun berezia izango da, ikasleak protagonista izango dituenak baina unibertsitate publikoa aitortzeko eta haren aldeko aldarri ozena egiteko aukera aparta”.

Azkenik, errektoretza taldetik argitu nahi izan dute ikastegien graduazio zeremonietatik harago antolatu den ekitaldia dela ekainaren 12koa eta ez dituela ordezkatzen fakultate eta ikastegien ekitaldiak;  asmoa da aukera izatea ikasketak amaitzen diren urtean bertan batera agur esateko eta hori lagun, senide eta EHUko komunitate zabalenarekin egitea.