-
Euskara eta Literatura II irakasgaiak ez du portaera berezirik erakusten USaPeko emaitzak osotasunean aztertzen direnean
-
EHUk errekurritu egingo du USaPen harira epaileek hartutako erabakia
-
Oceanus Plasticus proiektua saritu dute diseinu grafikoko lehiaketa garrantzitsuenetan
-
Proiektu arkeologikoa Cabo Verden
-
Euskal kazetarien artean Adimen Artifizialaren erabilera zalantza etikoek baldintzatzen dute
Ikerketa batek informazio geografikoko sistemetan oinarritutako metodologia bat proposatzen du paisaiaren adierazle bezala aztertzeko toponimia
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/06/16
Oihana Mitxelena Hoyos Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasleak eta TICBE ikerketa taldeko kideak doktoreko tesian metodologia operatibo eta erreplikagarri bat proposatzen du Euskal Herriko datu toponimikoak integratu eta sistematikoki aztertzeko Informazio Geografiko Sistemen (SIG) bidez. EHUko irakasleak toki izenen potentziala aztertu du, lurraldea interpretatzeko tresna izateko, paisaiaren eboluzioa ulertzeko eta balioan jartzeko habitatutako espazioei lotutako ondare kultural eta immateriala.
Tesiaren izenburua da ‘Territorio y Patrimonio Cultural en Euskadi. La toponimia en la interpretación del paisaje mediante Sistemas de Información Geográfica’ (Lurraldea eta ondare kulturala Euskadin. Toponimia paisaiaren interpretazioan, informazio geografikoko sistemen bidez) eta oinarrizko premisa batetik abiatzen da: izen geografikoak ez dira etiketa hutsak, mapetan edo administrazioaren dokumentuetan tokiak identifikatzeko balio dutenak. “Aitzitik, giza komunitateen eta lurraldearen artean egondako harreman historikoen balio handiko erregistroak dira, eta denbora zehar pilatzen joan diren alderdi kulturalak, linguistikoak, ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak islatzen dituzte. Hori dela eta, ikerketa artikulatzen duen kontzeptuetako bat lurralde mailako palinpsestoarena da; antzinako eskuizkribu batek aurreko idatzien arrastoak izaten dituen bezala, paisaia eta toponimia lurraldearen gainean pilatzen diren memoriaren geruzak dira; elementu fisiko asko desagertu edo eraldatu egiten diren arren, tokien izenek erreferentziak gordetzen dituzte iraganeko erabilerei eta lurraldeko errealitateei buruz”, dio Oihana Mitxelenak.
“Euskal hiztunen eremua hartu du kontuan azterlanak eta hor sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea. Lurralde honek ezaugarri bereziki garrantzitsuak ditu ikerketarako, eleaniztuna eta mugaz gaindikoa izan baita eta administrazio, lege eta hizkuntza arloko esparru bat baino gehiago elkarrekin bizi baitira. Bitxitasun horrek azterlanaren eremua laborategi pribilegiatu bihurtzen du kultura eta lurralde mailako aniztasuna toponimiak nola islatzen duen aztertzeko”.
Ikerketak garatu duen metodologiaren oinarrian SIT tresnak eta ETL (Extract, Transform and Load) prozesuak daude, horiei esker iturri kartografiko, katastral eta toponimiko hainbatetatik datozen informazio bolumen handiak integratu, araztu eta aztertu baitaitezke. Ikuspegi horri esker, errepikapenak identifikatu daitezke, erregistroak normalizatu eta toki-izenen eta aldagai geografiko eta paisajistikoen arteko harremanak finkatu.
Toponimia: egiazko adierazle geografikoa
Tesiaren ekarpenik nagusienetako bat da erakustea toponimia erabili daitekeela egiazko adierazle geografiko gisa. “Toponimoek informazioa izaten dute biztanleek lurraldeaz duten pertzepzio historikoari buruz eta erreferentziak izaten dituzte elementu fisikoei buruz, lurraren erabilerari, jarduera ekonomikoei, gizakiaren okupatzeko formei edo ingurumen ezaugarriei buruz; horiek guztiak, askotan dagoeneko desagertuta edo denborarekin eraldatuta egoten dira. Ikuspegi horretatik ikerketak proposatzen du toponimo multzoak ‘ekosistema toponimiko’ bezala hartzea, horren egiturari eta banaketari esker, hobetu ulertu ahal izango baitira lurralde dinamikak”.
Tesia hiru ikerketa lerroren inguruan artikulatu da. Lehenengoak datu toponimikoen kudeaketa eta kalitatea ditu. Hemen aztertzen da iturri kartografikoek duten eragina nomenklatura geografikoak eraikitzeko eta metodologia bat garatu da datu baseak integratzeko inkonsistentziak eta erredundantziak hautemanez prozesu automatizatuen bidez. Ekarpenik nabarmenenen artean daude Gipuzkoako erroldako informazioa sistematikoki ustiatzea, datu-base toponimiko ofizialak aberasteko iturri osagarri gisa.
Testuinguru eleaniztunak
Bigarren lerroaren ardatza da testuinguru eleaniztunetan toponimiak dituen berariazko erronkak. Lurralde bat berean hizkuntza bat baino gehiago bizi direnez elkarrekin, izen geografikoen normalizaziori buruzko gaiak planteatzen dira, baita aldagai linguistikoen adierazpen kartografikoei eta tradizio toponimiko desberdinen kudeaketari buruzkoak ere. Lanak aztertu du errotulazio arauek eta etiketatze kartografikoak eragina dutela izen geografikoen ikusgaitasunean eta hedapenean, eta testuinguru elebidun eta mugaz gaindikoetara egokitutako irizpideak proposatzen ditu.
“Ikerketak arreta berezia eskaini dio euskal kasuari, non euskara den Frantzia eta Espainiako mugaren bi aldeetako kultura lotzen duen elementua. Testuinguru honetan aztertu dira administrazio desberdinen araudien arteko elkarreraginak eta erabaki kartografikoek lurralde nortasuna adierazteko duten eragina. Emaitzek ahalbidetzen dute irakurgarritasun kartografikoa hobetzera bideratutako proposamenak egitea eta toponimiaren tratamendua optimizatzea mugaz haraindiko lankidetza proiektuetan”, azaldu du EHUko irakasleak.
Hirugarren ikerketa lerroaren ardatza paisaia eta toponimiaren arteko harremana da. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabilita, tesiak aztertzen du talde toponimiko jakin batzuk unitate paisajistiko zehatzei lotuta daudela. Horretarako, sailkapen prozedura semantikoak garatzen dira, lurralde arloko patroiak identifikatzeko eta geografia, ingurumen eta kultura arloko aldagaiekin lotzeko.
Emaitzek erakusten dute lotura esanguratsua dagoela toki izen askoren semantikaren eta kokatzen diren paisaiaren ezaugarrien artean. Harreman hori ikusten da nahiz bideen eta komunikatzeko bideen sare historikoaren azterketan nahiz baso, nekazaritza edo mugaren arloko paisaiaren azterketan. Ikerketak erakutsi du talde toponimiko jakin batzuen espazioko banaketa erabili daitekeela lurraldeko joerak identifikatzeko, prozesu historikoak berreraikitzeko eta espazioaren antolaketa hobeto ulertzeko.
Testuinguru horretan “tesiak balioa ematen dio paisaia kultural toponimiko kontzeptuari, izen geografikoen, lurraldearen gizarte pertzepzioaren eta paisaiako elementuen arteko elkarreraginetik eratorritako lurralde mailako adierazpen bezala hartuta. Kontzeptu horrek ahalbidetzen du dimentsio geografikoak, kulturalak eta linguistikoak esparru analitiko bat berean txertatzea eta aukera berriak eskaintzen ditu lurralde arloko ondarea aztertzeko”.
Lanaren inplikazio praktikoak handiak dira. Oihana Mitxelena Hoyosek proposatutako metodologia erabil daiteke lurralde planifikazioan, kultura ondarearen kudeaketan, hizkuntza politikak egitean edo paisaia kontserbatzeko estrategiak diseinatzean. Era berean, administrazio publikoek eta lurraldea antolatzeko ardura duten erakundeek erabakiak hartzen laguntzeko tresnak sortzea ahalbidetzen du.
Beste alderdi garrantzitsu bat ikerketak toponimiaren balorizazioari egiten dion ekarpena da, ondare kultural immaterial gisa. “Emaitzek indartu egiten dute ideia bat: izen geografikoak ezinbesteko baliabidea direla lurraldeen nortasuna ulertzeko eta bizi diren komunitateen memoria kolektiboa zaintzeko. Zentzu horretan, tesia lerrokatuta dago kultura ondarea babesteko nazioarteko helburuekin eta beren legatu historikoa errespetatzen duten komunitate jasangarriak sustatzera bideratutako ekimenekin”, azpimarratu du.
Oro har, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasleak egindako ikerketak nabarmentzen du toponimia izendapen geografikoen sistema bat baino askoz gehiago dela. “Toki-izenak adierazpen biziak dira; nortasuna, hizkuntza, memoria eta lurraldearen arteko harremana adierazten dute, eta informazio-iturri estrategikoak dira, paisaia garaikideak eta horien eboluzio historikoa ulertzeko. Garatutako metodologiak aukera berriak eskaintzen ditu ezagutza geografikoa eta humanistikoa lurraldearen azterketan txertatzeko eta esparru berritzailea eskaintzen du ondare kulturala ikuspegi espazialetik interpretatzeko,” dio.
Informazio osagarria
Oihana Mitxelena Hoyos EHUko irakaslearen ikerketa nazioarteko dimentsioagatik ere nabarmentzen da. Sevillako Unibertsitateko arkitektura arloko Doktorego programaren esparruan garatzeaz gain, ikerketa egonaldi bat egin du Université de Pau et Pays de l’Adour (UPP) delakoan Julien Rebotier ikerlariaren gainbegiradapean. Lan honek ikuspegi konparatua eta mugaz gaindikoa eman dio azterlanari, eta lurralde eta hizkuntza arloko fenomenoen azterketa aberastu du.
José Lázaro Amaro Mellado irakasleak zuzendu du tesia, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Grafikoaren Sailekoak, eta geografian, geomatikan eta informazio geografikoaren zientzietan espezializatutako nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratutako emaitzak ditu.
Erreferentzia bibliografikoa
- Toponymy as an environmental indicator: GIS and geostatistical approaches to cultural landscape dynamics
- Appl Geomat 18, 78 (2026)
- DOI: 10.1007/s12518-026-00726-x