Ignacio López-Goñi eta Juan Ignacio Pérez Iglesias
Konfiantza, itxaropena eta gardentasuna: hiruko bertutetsua pandemien aurrean
Mikrobiologiako eta Fisiologiako katedradunak, hurrenez hurren
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/15
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Bi urte bete dira konfinamendua agindu zenetik. Aldi horretan, askotariko neurriak hartu dituzte agintariek COVID-19aren pandemia hedatzea kontrolatzeko edo horrek herritarrengan dituen ondorioak mugatzeko.
Zenbait neurri farmakologikoak izan dira (txertoak ematea, kasu), eta, beste batzuk, ez farmakologikoak (esaterako, maskara nahitaez erabili behar izatea, mugikortasun murrizketak, berrogeialdiak eta bestelako eskubideen eta askatasunen murrizketak).
Jendearen portaeraren eta agintariek agindu edo aholkatu dutena egiteko prestasunaren araberakoa izan da neurri horien eraginkortasuna, hein batean behinik behin. Pertsonek ohiturak aldatzeko, errutina berriak egiteko eta portaera aldatzeko duten prestasuna garrantzitsua da pandemia bat kontrolatu beharra dagoenean, horrek pertsonen harremanei eragiten baitie.
Aurreikus daitekeenez, beraz, herritarrek proposatzen zaizkien aldaketak barneratzen badituzte eta esaten dieten bezala jarduten badute, pandemiaren eragina eta hilgarritasuna horiek egiten ez badituzte baino txikiagoak izango lirateke.
Azken asteetan argitaratu diren bi azterlanek agerian jarri dutenez, faktore emozionalak garrantzitsuak dira herritarren jarrera osatzeko eta arauak edo gomendioak betetzeko orduan eta, beraz, baita agintariek horretan eragiteko moduan ere.
Konfiantza handiagoa, infekzio gutxiago
Lehen azterlanean, 177 herrialdetako datuak aztertu ziren, 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko irailaren 30era artekoak. Ikusi denez, jendeak zenbat eta konfiantza handiagoa izan gobernuan eta gainerakoengan eta gobernu ustelkeria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta txikiagoa zen infekzio tasa.
Pertsonek, gobernuan sinesten dutenean, prestasun handiagoa dute portaera aldatzeko hala egiteko eskatzen zaielako, eta, komunitateko beste kide batzuengan sinesten dutenean, haiek ere egoki dena egingo dutela zinez sinesten dutelako egiten dute. Kutsatzeak mugatzeko efektiboenak izan diren portaerei eta txertatzeko prestasunari buruz hitz egiten ari gara. Elkarrekikotasun inplizitu bat dago, berezkoa, konfiantza harremanetan.
Bestalde, ustelkeria maila txikiagoak dituzten herrialdeetan, gehiago bete zituzten agintariek mugikortasuna mugatzeko emandako oharrak.
Itxaropena, neke pandemikoaren aurka
Bigarren azterlan esperimental batean, agintariek, pandemiaren garapenaren une kritiko batean kutsatzeko arriskua murrizteko, herritarrei zuhurtziazko portaerak izatera motibatzeko zuzendutako mezuen tonuaren eragina aztertu zen. 2021eko neguan izan zen: alfa aldaera (infekziosoagoa) agertu zenetik COVID-19aren aurkako lehen txertoak ematen hasi ziren arte.
Aldaera berri bat agertu zen eta, ondorioz, herritarrek babes neurri berriak hartu behar izan zituzten neke pandemikoa zela eta tentsio handikoa zen une batean. Jada ez zuen zentzurik “kurba lautzeko” beharra argudiatzeak –pandemiaren hasieran oso erabilgarria izan zen–. Orduantxe egin zen esperimentua, eta itxaropenezko edo beldurrezko mezuak edo mezu neutroak baliatzearen efektua konparatu zen.
Itxaropenezko mezuekin, jendeak gehiago ulertu zuen aldaera infekziosoenak osasunerako mehatxu bat zirela eta gehiago motibatu ziren osasun agintarien jarraibideei jarraitzeko; jendeak hobeto ulertzen zuen pandemia modu seguru batean gainditzeko modua eta zergatik behar ziren neurri zorrotzagoak.
Azken batean, neke asko metatuta zegoen pandemiaren fase batean, itxaropen mezua eraginkorragoa izan zen osasun jarraibideei gehiago jarraitzera motibatzeko eta, halako mezuei esker, jendeak hobeto ulertu zuen pandemia egoera, mehatxuan eta aldaera berri infekziosoago baten beldurrean zentratutako ikuspegi batekin baino gehiago.
Faktore emozionalen garrantzia
Aipatutako bi azterlanek agerian utzi dute, bada, faktore emozionalen garrantzia. Faktore horien eragina denbora plano ezberdinetan egiaztatzen da.
Lehen plano batean, mezuek jarduten dute. Pandemiaren garapenean bete-betean, funtsezkoa da mezuen edukian asmatzea eta, hemen ikusi den bezala, horien tonuan ere bai. Elementu horrek pandemiaren bilakaeran eragina izan dezake epe labur samarretan.
Bigarren plano batean, konfiantzak du eragina. Hori sentimendu egonkor samarra da giza harremanetan. Nolanahi ere, egonkortasuna gorabehera, are krisi batean ere sustatu daiteke. Interesatzen zaigun testuinguruan, gobernuek jendearen konfiantza mantendu edo areagotu dezakete informazio puntual eta zehatza ematen badute pandemiari buruz –are informazio hori oraindik ere mugatua denean–, eta argi eta garbi komunikatzen badituzte arrisku eta zaurgarritasun nabarmenak.
Hirugarren planoa denbora aldi are luzeagoei dagokie. Konfiantza eraginkortasunez sustatu daiteke baita egoera normaletan ere (krisirik ez dagoenean), denboran mantendutako ahaleginaren bidez. Hurrengo pandemiari aurre egiteko prestaketa hobetzeko ahaleginetan oso onuragarria izango litzateke inbertsio gehiago egitea arriskuak komunikatzeko gaikuntzan eta jendeak agintariek osasun publikoari buruz egiten dituzten oharretan duen konfiantza hobetzera bideratutako konpromiso komunitarioko estrategietan.
Azken batean, aipatutako azterlanetan lortutako ondorioak ikusita, agintariek aintzat hartu eta kontuz tratatu behar dituzte zenbait elementu emozional (itxaropena eta konfiantza, kasu). Funtsezkoa izan daiteke hori pandemia baten bilakaeran modu positiboan eragiteko orduan.
Herritarrei zuzendutako mezuak eraginkorragoak dira tonu itxaropentsuan helarazten direnean, mehatxua minimizatu gabe; izan ere, ikuspegi positiboak (botila erdi beteta ikustea) krisiari aurre egiteko lagungarriak dira, eta beldurtzea asmo dutenak baino erabilgarriagoak ere bai.
Bestalde, agintariengan eta gainerakoengan dugun konfiantza landu behar dugu. Konfiantza baliabide partekatu bat da, eta pertsona taldeei aukera ematen die modu kolektiboan egiteko banakoek bakoitzak bere aldetik egin ezin dutena. Galdu daiteke, baina irabazi irabaz daiteke lantzen bada.
Dela tonu itxaropentsuko mezuak helarazteko, dela konfiantza sentimenduak indartzeko, ezinbestekoa da informazio argi eta gardena ematea.
Esatea ez da nahikoa, egin ere egin behar da; ondo azaldu behar da, plataforma egokien bitartez eta hartzaileentzako modulatuta. Eta, ahal bada, horretarako gaituta dauden pertsonek azaldu behar dute, behar bezalako sinesgarritasuna dutenek. Nekez lortuko da itxaropena eta konfiantza transmititzea, hala egin behar dutenak ez badira sentimendu horiek inspiratzeko gai.
Azkenik, hizpide dugun testuinguruan, komunikazio zientifikoa bereziki garrantzitsua da, eta gizarte immunizazioko mekanismotzat jo beharko litzateke.